“Ondo sustraitutako mugimendua da subiranismoa”

Aritz Galarraga Lopetegi (Hondarribia, 1980) euskara eta euskal kultura irakaslea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Lasai hitz egiten du, esaten duena sakon hausnartuz; Kataluniako egungo abagunea ezagutzeko ahots pribilegiatua.

- Urtebete igaro da 2017ko udazkenetik. Urte bat geroago, nola ikusten duzu Katalunia?

Bi plano bereiziko nituzke: alderdi politikoena –eta hauen inguruan dabilen mugimenduarena– eta alderdi soziala, oinezko jendearengan zer nabaritzen den. Normalean dena bateratzeko joera dago, baina hemen hori ez da gertatzen. Alderdi politikoen artean, sekulako zisma dago alderdi prozesisten eta alderdi unionisten artean, batez ere unionista gogorrenen artean, Ciutadans eta PP. Kurioski gero gizartean hori ez da gertatzen, nahiz eta politiko askok bestelako mezuak pasa eta behin eta berriz ‘gizartearen hausturaz’ hitz egin. Nik horrelakorik ez dut nabaritzen. Egongo da hautsitako laguntasunen bat, baina gaur da eguna ideologia ezberdinetako katalanak elkartu eta lasai asko hitz egiten dutena. Ez dago haustura sozialik.
Subiranismoaren baitan jendea begiak irekitzen ari da. Iazko urritik aurrera jende asko egon da edo erdi itsu edo benetan gertatzen ari zena ikusi nahi ezean. Jende asko sinetsita zegoen 2017ko urriaren 27ko independentzia aldarrikapena efektiboa izango zela eta Kataluniako Errepublika sortuko zela. Pixkanaka jendea begiak irekitzen joan da, ikusiz norabide horretan ez dela pauso efektiborik egin, dinamikak beste batzuk direla. Orain haserre edo auto-kritika hori zabaltzea lortu da orain arte oso mugimendu akritikoa zena. Hau alderdi soberanisten arteko ezinikusian islatzen da.

- Subiranismoaren barruko barne lehiaz mintzo zara. Subiranismoaren inguruko jendeak nola ikusten du hori?

Jendeak bere ideiak ordezkatzen dituzten alderdiak lehia, ez bakarrik autonomista, baizik eta elektoralista batean ikusten ditu, aulki borroka batean. Hau oso kontraesankorra da, batzeko deiak luzatzen ari direlako behin eta berriro. Jendeak hori ikusten du. Jende askok bere ametsa gauzatu ez dela ikusi duenean, zin egin zioten hori ez dela iristen, detailerik txikiena ere ikusten hasten da. Jende soberanistak ikusten du alderdi horiek ez dutela efektibo egin iragan urteko independentzia aldarrikapena, eta gainera urtebete geroago ez daudela Errepublika egiten.

- Zer egin beharko luke subiranismoak?

Esandakoa egiteaz gain, eta hau beste historia bat da, perspektiba zabalago bat balute, lehen eginbeharra oinarria zabaltzea litzateke. Independentistak zenbat diren ondo zenbatu beharko lirateke, hori beste gauza bat da, baina ez dira %50era iristen. Hori da bekatu originala. Horrekin ez zoaz inora. Gizarte baten erdia ere ez zarenean, edo erdia nahi baduzu, ezin duzu horrelako proiektu politikorik abiatu. Eta oinarriak zabaltzeko zure alderdikerietan aritzea baina gauza kontraesankorragorik ez dago. Independentista baten ikuspuntutik borroka horiek absurdoak dira.

Hemen ere bi prozesu bereiziko nituzke, jendeak eraman duena, edo eraman uste izan duena, eta alderdi politikoena. Lehenak eragin nabarmena izan du bigarrenean. Zergatik Puigdemont-ek egin zuen urriaren 27ko independentzia aldarrikapen hori eta ez zituen hauteskundeak deitu, adostuta zegoen bezala edo denek uste zuten bezala? Presio handia izan zuelako, kaletik eta oinarrietatik. Ez zioten barkatuko azken orduan ‘155’ hori ekiditeko hauteskunde autonomiko batzuk deitzea, are eta gehiago ‘155’ hori kentzeko Madrildik ziurtasunik ez zuenean. Traidore bezala geratu aurretik nahiago izan zuen aurrera jotzea.

- Bertsio ezberdinak daude subiranismoaren 2017an gertatu zenaren inguruan.

Badut susmoa Kataluniako Gobernuan nolabait ere bazegoela itxaropenerako hari bat noizbait Madrileko Gobernua eseri eta zerbait negoziatzera jarriko zela. Kataluniako Gobernuak egun horietan eman zituen pauso itsu guztiak hortik ikusten ditut, azkenean bestaldean norbait eseriko zenaren esperantzan.

- Horrek ez al du erakusten bestaldean zegoenaren inguruko ezagutza falta?

Orain ez dakit badauden, baina mezu batzuk eta komunikazio bide batzuk egon dira. Eta bestaldetik heltzen diren mezuak baldin eta nolakoak diren zuk gauza bat ala bestea egin dezakezu. Bestaldetik ere mezuak heltzen ziren; hor dugu, adibidez, Urkulluren bitartekari papera. Inozentzia? Ez dakit... Horrek oso gaizki hitz egingo luke Kataluniako politikoez. Ez dut uste hain inuzente izan direnik. Dena zartarazi zuena urriaren 27ko independentzia aldarrikapena izan zen. Badakizu hori egin eta gero komunikazio hari txiki horiek zartatzen dituzula.

- Gertatu zena gertatu zela, gatazka politikoa bizirik dago. Nola askatu korapiloa?

Urriaren 27an urriaren 1ean eta urriaren 3an –Estatuaren bortizkeria salatzeko greba orokorra– barkura igo ziren asko eta asko jaitsi egin ziren. Ez horrenbeste independentzia aldarrikapen bat zelako, moduengatik baizik, erritmoengatik, egiteko moduengatik. Eta hau garrantzitsua da. Nik uste urriaren 1eko eta urriaren 3ko kontsentsuetara itzuli beharko ginatekeela. Etorkizunean bi egun horietan lortutako adostasun eta kontsentsuetatik egin beharko litzateke lan, eta ez hainbeste urriaren 27ko aldebakarreko independentzia aldarrikapen horren norabidetik. Bidea berriz ere kontsentsu handietara bueltatzea da, baldin eta lehen aipatu dugun oinarri hori zabaldu nahi bada.

- Nola ikusten duzu subiranismoa?

Subiranismoan ez da ikusten proposamen bateraturik. Kataluniako politika nolabaiteko berehalakotasun batean instalatu da, kasu askotan errepresioari aurre egiteko dinamika bati lotua, eta neurri batean logikoa da. Baina honek energiaren zati handi kentzen dizu. Kataluniako gizarteak desilusioa jasan du, eta orain desilusio horretatik ateratzen hasi beharko luke, baina horretarako garrantzitsua da bide bat markatzea.
Hori esanda, subiranismoa oso errotuta dagoen mugimendua da. Zenbaitentzat eferbeszentzia handiko mugimendua ematen bazuen ere, oso oinarritua dago. Jende askok egin du aldaketaren ‘klik’-a eta jende hori atzera bueltatzea oso zaila izango da.

Subiranismoa nahiko sendo eta heldu ikusten dut. Prozesu honetan akatsak egon dira, zenbait gauza oso gaizki egin dira, baina gauza onak ere izan ditu. Horien artean bat nabarmenduko nuke: jendearen kontzientzia politikoa handitu izana. Jendeak heldutasun politiko handiagoa du, parte-hartzeko inplikazio handiagoa. Jendeak gero eta soberania kuota handiagoak eskatzen ditu gauzak erabakitzeko orduan, gero eta gauza gehiago izan nahi ditu bere esku erabaki ahal izateko.