Altsasuren tximeleta

Helena Taberna, gidoigile eta zinema-zuzendaria

Hurbila, gizatiarra, engaiatua, sutsua, eskuzabala, alaia, guztiz feminista... Horrela agertu zaigu Helena Taberna zinegilea berarekin izandako elkarrizketa luzean zehar, Iruñean duen Lamia bere ekoiztetxean. Elkarrizketak iraun duen bi orduetan Helena Tabernak haurtzaroko pasadizo batzuk kontatu dizkigu: Altsasuko ikastetxetik irtetean eta etxera bidean, ostegunetan, aho zabalik geratu ohi zen Bengoetxea zinemako karteldegiari begira; Tarzan, astronauta eta mosketaria izateko ametsetan bere baitan bildua geratzen zen neskatxa hura, eta batzuetan bere herriko lagunekin haserretzen zen, filmeetako protagonista izateko jolasterik ez zuela aurpegiratzen baitzioten, ‘neska zelako’.

Neska hura hazi zen, ikasketak egin, Nafarroako Administrazioan lanpostu finkoa lortu, eta jende arruntaren ikuspuntutik bizimodua konponduta zeukanean, orduan zilipurdi borobila egin zuen, eta bere jaioterrian ametsa baino ez zen lanbide hura egia bilakatu: zinema-zuzendaria izatea.

Hori horrela, ez dirudi txiripa denik Helena Taberna zinegilearen pelikuletan protagonistak emakumeak izatea. Emakume arimadunak, borrokazaleak, libre izan nahi dutenak, eta beren bizitzak bizi nahi dituztenak, bizi izatera menturatu direnak. Miresteko moduko emakumeak. Bera bezalako emakumeak.

Saiatua, apala eta engaiatua. Bere pelikulak egiteko eta estreinatzeko, bide malkarrak eta nekagarriak ibili behar izan ditu, dela filmearen gaiagatik, dela finantzaketa aurkitzeko zailtasunengatik. Izan ere, zinemagintzan ez dira ongi etorriak otzanak ez diren zinegileak, ezta emakume zuzendariak ere...

Yoyes filmea egiteko ausardia ez zitzaion falta Helenari, Extranjeras-en bere alde solidarioa agertu zen, Nagore-n bere alde gizatiarra eta feminista, La Buena Nueva-n koherentzia nabarmendu zen. Dena dela, merezimendurik handiena ez da bere konpromiso feminista, sozial edo politikoa; txalogarriena bere pelikulak panfletoak ez izatea da, horregatik berarentzat atseginagoa da entzutea bere zinema poetikoa dela, politikoa baino.

Helena Taberna garai onean bizi da orain. Epe laburrera dituen planak zinema egiten jarraitzea da. Hala bedi, gure gogarako.