Elkartasuna eta eskertza

Elkarrizketa Testua: Gorka Quevedo -- Argazkiak: Foku
Jasotako babesari eta bere kasuak sortutako oihartzunagatik ez balitz oraindik gatibu egongo zela uste du Pablo Gonzalez Yagüe kazetariak. Horregatik, badu nori eskertu. Hala dio, behintzat berak

“Izan dudan babesagatik ez balitz, litekeena da preso jarraitzea”. Horregatik, Pablo Gonzalez Yaguek aitortzen du zerrenda luzea duela Polonian preso egon zen 30 hilabeteetan erakutsitako elkartasuna eskertzeko. Pertsona horien guztien artean Oihana nabarmentzen du, “nire seme-alaben ama, nire alde gehien borrokatu duena eta gehien zor diodana”, baina ez ditu ahaztu nahi bere bizitza osoko lagunak, bere koadrila, Elantxobe, Nabarniz eta Gernikako lagunak... Elkartasun hori “Euskal Herri osotik iritsi zait, baina baita Kataluniatik, Estatutik eta Europako jende askotik ere”, dio.

Pablo Gonzalezek ez ditu bere abokatuak ahaztu nahi, bai Estatukoak –Gonzalo Boye–, bai Poloniakoak, “justiziari ekitea erraza ez den herrialde batean sistemari aurre egin dioten emakume ausartak”. Azkenik, “azkenak ez badira ere”, azpimarratu du, bere babesa eskertu nahi dio estamentu politikoaren zati handi bati. “Batez ere ezker abertzaleari, berak babestu bainau gehien, eta nire kasuaz interesatu da, baina baita Eusko Jaurlaritzari ere egin dituen gestioengatik, ahaztu gabe, noski, Izquierda Unidak eta Podemosek egin zituzten laguntza ekimenak”. “Espainiako Gobernuak oso bestelako jarrera izan du”, gaineratzen du.

Asko idatzi da berari buruz. Galdetu diogu ea zerbaitek bereziki gogaitu duen. “Poloniako zerbitzu sekretuek gezur asko esan zituzten”, erantzun du. Eta gehitu: “Kontua ez da enbarazu egiten didatela, errealitatea zein den badakidalako, baina hain da barregarria pena ere ematen didatela horrelako gauzak idazten dituztenak eta, gero, batere kontrastatu gabe dena sinisten dutenak”.

Pablo Gonzalezen ustez, buloak ateratzen dituztenei ez zaie jaramonik egin behar. “Zirikatu egin nahi izan naute oso gauza zehatzei erantzuteko, eta gaur egun gauza oso zehatzei erantzun ezinik jarraitzen dut, sumarioa urratu izana leporatu eta bilatze eta atxilotze egoeran jarri ahal didatelako. Ezin naiz euren probokazioan sartu. Benetan zerbait erantzun nahi badut, sumario-sekretua kentzen didatenean erantzungo dut”.

“Eta, hortik aurrera, –gaineratzen du– prozesua tontakeria kafkiar bat da, erabat zentzugabea, ez hankarik ez bururik ez duena. Polonian nengoela epaitu ahal izan banindute, egingo zuketen. Herritar arrunta izan banintz, lasai asko epaituko ninduketen, batere axola gabe, baina kasu mediatikoa zenez, ezin izan dute. Espioiak izatea leporatzen dieten gazte asko dituzte preso. Nire kasuan abokatu ospetsu bat nuen, abokatu bulego on bat. Nire abokatuek frogak aztertu izan balituzte, edozein tontakeriari erantzungo zioten. Ez bazuten egin, deliturik ez dagoelako da”.