Energia komunitateak, gizartea antolatzeko modu berri bat

Iritzia OIER ETXEBARRIA GUTIERREZ - GOIENERREKO KIDEA
Eergia trantsizioaren gaia denon ahotan dabilk. Baina, zer dira? Zergatik dira hain garrantzitsuak? Energia komunitateak, 2018 eta 2019an azaldu ziren Europako zuzentarauetan. Bi energia komunitate mota definitu ziren: Energia Berriztagarrien Komunitateak (EBK) 2018ko zuzentarauean eta Hiritarren Energia Komunitateak (HEK) 2019koan. Antzerakoak dira biak, baina badauzkate desberdintasun batzuk: EBK-k energia berriztagarriaren inguruan bakarrik jardun dezakete eta HEK-k aldiz, argindarrarekin, berriztagarria izan edo ez; EBK-k ingurune hurbileko bazkideak izan behar dituzte eta HEKn kasuan, aldiz, hurbiltasun geografikoak ez du berebiziko garrantziarik; EBKtan, enpresa handiek ez dute tokirik edo zaila da parte hartzea eta HEKtan aldiz, erraztasunak dituzte. Goiener HEK bat dela esan daiteke, eta EBK-ek Goienerren izaera indartzen dutela eta trantsizio energetikoan bidelagun izango direla uste dugu.

Orokorrean, zuzentarauek hau diote: izaera juridikodun entitate bat da. Ingurune hurbileko pertsona eta erakundeak, publikoak zein pribatuak elkartuz, energia sektorearekin zerikusia duen jarduera batean lankidetzan aritzeko asmoaz, bertako kideei edo tokiko komunitateari zerbitzuak edo bestelako onura sozial, ekonomiko edo/eta ingurumenekoak emateko. Helburu finantzarioek (diru irabaziek) ez dute lehentasunik edo tokirik.

Definizio honetan oinarrituta, gure inguruan eta orain arte behintzat, energia komunitateek elkarte edo kooperatiba forma hartu dute, eta kasu guztietan irabazi asmorik gabekoak dira.

Gizartea antolatzeko modu berri baten proposamena egiten dutela esateko, Europako zuzentarauetan aipatzen diren beste ezaugarri batzuetan dago gakoa:

  • Kolektibo zaurgarrien parte hartzea sustatu eta erraztu behar da.
  • Enpresa handiek eta batez ere energia enpresa handiek ez dute tokirik izango energia komunitateetan.
  • Energia Komunitateek egingo dituzten proiektuak, autokontsumoaz gain, efizientzia, birgaitzeak, berokuntza, kontsumo murrizketa, sorkuntza, biltegiratzea, mugikortasun jasangarria eta energiarekin zerikusia duen edozein proiektu izan ahalko dira.
  • Erabiliko dituzten teknologiak printzipioz berriztagarriak izan behar dira eta fotovoltaikoaz gain, beste edozein izan daitezke: eolikoa, hidraulikoa, biomasa, aerotermia, geotermia...
  • Energia Komunitatearen gobernantzan, boterearen erdia baino gehiago herritar/kontsumitzaileengan egon behar du.
  • Behetik gorako egitasmoak izan behar dira, herritarren bultzadatik sortuak.
  • Tokiko instituzio publikoen parte hartzea oso garrantzitsua da; beraien papera, bidelagun eta laguntzaile izatearena da. Tokiko instituzio publikoen partehartzeak, herritarrengan konfiantza sortzen du, zabalkundea erraztuz.

Eredu desberdinak

Mota desberdinetako energia komunitateen agerpenak herritarren interesa piztu du. Sortu duten interesagatik eta kasu gehienetan udalen bultzadarekin, Energia Komunitateak sortzeko prozesu asko daude martxan. Asko sortze bidean dauden arren, eratze fasea gainditu duten batzuk badaude: dagoeneko, 28.

Bide-laguntzarik gabe eta beraien kabuz energia komunitatea eratu duten herritarrak ere badaude, eta Goienerren antzerako prozesuak egin dituzten bestelako eragileak ere bai. Edozein modutan, egunkari eta telebistetako titularretan eta politikarien eta instituzio publikoen babesa daukaten bestelako energia komunitateak ere ugariak dira. Horietan herritarren ahalduntzeak ez du lehentasunik izaten normalean eta horrek eratu ostean energia komunitatearen partaide egin diren herritarrak oso galduak egotea eragiten du.

Energia Komunitate hauen kudeaketa herritik kanpoko norbaitek egiten du, eta herritarren beharrak eta bertako baliabideak ez ditu zertan ondo ezagutu behar. Kasu askotan kudeaketak egiten dituen horrek energia komunitateko partaideei zuzenean kudeaketa gastuak kobratzen dizkie, ohiko bezero-hornitzaile erlazio bat bihurtuz eta irabazi asmoa duen argindar merkaturatzaile batera bideratuz. Energia Komunitateek eredua aldatzeko balio behar dute, ez betikoa mantentzeko.

Eratze prozesua

Berebiziko garrantzia dauka Energia Komunitatea sustatzen duen lantaldearen komunitate sena garatzeak eta elkarrekiko konfiantza izateak. Mota askotako arazoei aurre egin behar izaten diete; hala nola, kooperatiba sortzeko beharrezkoa den kapitalaren ekarpena lortzea, proiektuei aurre egiteko behar diren baliabideak lortzea, udalen inplikazioa lortzea, diru-laguntzen kudeaketak egitea... Dena den, guztietan zailena eta aldi berean politena, herritarren interesa, inplikazioa eta konfiantza piztea da. Indibidualismoa izugarri garatu den gizarte honetan, berriz ere arazoei elkarrekin aurre egitea iraultzailea da eta apurka-apurka barneratuko dugu, denok ez baikaude horretarako prest oraindik. Dena den, Nafarroako herri bateko alkate bati entzun nion Energia Komunitateak sortzeko prozesuetan magia ikusi zuela eta guk berresten dugu: ezagutu ditugun prozesu guztietan momentu magikoak bizi izan ditugu eta emozioz bete gaituzte.

Eratze ostea

Eratuta dauden Energia Komunitateek egoera desberdinak bizi dituzte baina, orokorrean, gehienak lehen autokontsumo partekatua egitean jartzen dute fokoa. Askok martxan dituzte; beste askok oraindik ez. Proiektu desberdinak esku artean dituztenak ere badaude: energia aholkularitza bulegoak, birgaitzeak, mugikortasuna, argindar metatzea, biomasaren kudeaketa, haize sorgailuak, hidroelektrika proiektuak... Baina horrelako kontuetan eta komunitatearen zabalkundean buru belarri aritzeko, alor juridiko-administratibo-fiskalean izaten diren lanak arinduko dituen norbait behar izaten dute. Batzuetan herriko aholkulari bat izaten dute bazkide eta pertsona horrek egiten ditu lan horiek borondatezko lanarekin. Baina, kasu askotan, indarrak galtzen dituzte horrekin eta lan horiek erraztuko dizkien norbait behar izaten dute.

Energia Komunitateak energia trantsizioaren eta eredua aldatzeko sortu diren heinean, ekonomia sozial solidarioko sarearen parte dira, eta lanak erraztuko dituen entitatea ere sare horretakoa izatea komeni da, besteak beste tokiko ekonomia eta lan baldintza duinak bultzatzeko. Horregatik Goiener Taldean zerbitzu horiek emateko lantaldea sortu dugu. Alor administratiboa, juridikoa eta fiskalaz gain, Goiener Taldean badauzkagu bestelako jakintzak, eta horiek ere Energia Komunitateen eskura jartzen ditugu: Energia Bulego Teknikoa, dirulaguntzen eskaeren kudeaketak, hitzaldiak eta proiektuen finantzaketa bidelaguntzak, adibidez.

Ezin dugu aipatu barik utzi Energia Komunitateen arteko elkarlanak eta saretzea ere beharrezkoak izango direla; helburuak partekatzen dituzte eta baliabideak elkarbanatzea, saretzea eta elkarrekin eragitea ezinbestekoa izango da.

Ondorioa

Guztientzat eta guztiak kontutan hartuz energia beharrei eta dauden arazoei aurre egiteko, berebiziko erreminta erabilgarria dira energia komunitateak. Zure inguruan energia komunitateren bat ezagutzen baduzu edo sortze prozesu bat abiatu nahi baduzu, animatu eta ekin bideari, ez zara damutuko!