EPSV-BGAE: altxorraren kutxa ala ke-lainoa?

BGAE euskaraz (Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeak) eta EPSV gaztelaniaz. Nondik datoz? Nora doaz? Zergatik daude orain, hain justu orain, komunikabideetan? Noren interesen alde?

Udako oporretara joan baino lehen, Bizkaiko ahaldun nagusiak, Rementeria jaunak, BGAE izena jarri zion altxorraren uharteari: “Enpresei emateko behar dugun dirutza hor dago, ezkutatuta”. Eta Eusko Jaurlaritzaren makineria abian jarri zen, XV. Mendeko Errege Katolikoek egin zuten bezala: Altxorrak poltsikoratzeko, konkistara atera behar da! Garai hartako Kristobal Kolon gaur egungo EAEko aldundiak izan daitezke?

Dirudienez, 11.000 milioi euro daude BGAEren funtsetan (Itzarri, Geroa, Mondragon eta Elkarkidetza; Nafarroako legedian ez daude). Altxor handia da, zinez.

Beraz, ulergarria da Rementeriak eta beste agintari bizkorrek erakutsitako usaimen ona: “Dirua hor badago, erabil dezagun gure interesetarako”. Eta zein interesak dira horiek? Kasu egiten badiegu, enpresak finantzatzeko… Baina horretarako zeuden aurrezki kutxak, eta desagerrarazi zituzten banketxeak sortzeko (Kutxabank). Euren kontraesanetan erortzen dira behin eta berriro.

Hala ere, altxorraren uhartean gertatzen den antzera, altxorrak jabeak dauzka, nahiz eta urte luzez gordeta izan. Jaurlaritzak eta enpresek eurentzat hartu nahi badute, jabeen baimena beharko lukete. Eta ez dute izango, jabeak gu geu garelako: langileok.


ARAU JOKOAK ALDAKETA

Ez da ahaztu behar BGAE nola sortu ziren, eta zein testuinguruetan. Negoziazio kolektiboaren barruan, enpresen (kasu askotan Administrazioak) eta langileon arteko hitzarmenetan, soldataren zati bat kutxa batean sartzea adostu zen, eta izena jarri zitzaion altxor horri: BGAE. Langileon dirua zenez, euren baimenik gabe ezin zen diru hori erabili. Baina une jakin batean, Eusko Jaurlaritzak BGAEren legedia aldatu zuen sindikatuen (hau da, langileon) parte hartzea murrizteko. Arau-jokoak aldatuta, pixkanaka-pixkanaka, altxorra bereganatu nahi izan zuten.

Eta azken jauzia emateko, pentsioen krisialdia probestea deliberatu dute. Langileak (jubilatuak barne) kezkatu eta haserretu dira, pentsio publikoen aurkako neurriak ikusita (inposaturikoak edo CCOOk, UGTk eta PSOEk adostuta). Beraz, euskal administrazioek pentsatu dute: “Zer daukagu eskura haserre hori desbideratzeko eta, bide batez, gordeta dagoen altxorra eskuratzeko?”.

Horraino iritsi bazara, erantzuna badakizu. Eta ke-lainoa bada ere, ez du airean flotatzen.