Errenten ituna, pobretzerako bidea

Ituna eta errenta, berez, bi kontzeptu positibo eta hitz atseginak dira. Hori entzunda, gauzak konponduko direla uler dezakegu. Nork ez du errentarik nahi (beste modu batez esanda, soldata)? Eta ‘itun’ hitzak akordioa egon dela ezagutzera ematen du.
Beraz, ‘Errenten ituna’ kontzeptua erabat salgarria da: gure soldatak bermatuta geratuko direla ulertarazi nahi digute, akordio baten bidez: gatazkarik gabe, zaratarik ez… Berri txarrak ez zaizkigu gustatzen, eta bolada honetan kokoteraino gaude berri txarrak entzuteaz: aire pixka bat behar dugu, eta errenten itunak emango omen digu: ezer egitearen truke eta ahaleginik egin gabe, akordio bat daukagu, gure errentak salbatzeko.
ALDA irakurtzen baduzu, jakingo duzu ‘errenten ituna’ inflazio garaietan beti agertzen dela, arazo guztien konponbidea balitz bezala. Moncloako Itunetatik (1977) hona, klasiko bat bihurtu da, eta beti helburu jakin eta bakar batekin: soldatak inflazio baino gutxiago igotzea. Argiago esanda: enpresek euren produktuak garestiago salduko dituzte, baina guk diru gutxiago izango dugu behar duguna ordaintzeko, oinarrizko beharrak barne. Lehen ondorioa: enpresen mozkinak handituko dira. Bigarrena: prezioak ez dira jaitsiko. Hirugarrena: gu pobreagoak izango gara.
Aski dakite hau 1977an Moncloako Itunak sinatu zituztenak. Inflazioa %26koa zen, eta soldaten igoerari %22ko muga jarri zioten: ondorioak luze pairatu genituen… Argazki hartan alderdiak zeuden (PSOE, UCD, AP, PCE, CiU, EAJ…) eta gaur itun berdintsua eskatzen ari diren sindikatuak: CCOO eta UGT.
Ea lortzen dugun historia errepika ez dadin...