Etorkizun bizigarri baterako bidean lagun onak, antolaketa eta kolektibotasuna

Iritzia Erika Martinez Lizarraga, Goienerreko lehendakaria

1972an, Erromako Klubak Hazkundearen mugak txostena argitaratu zuen. Bertan, giza-jarduerak gure planeta finituan eragiten duen aztarna ekologikoa eta honek izan dezakeen eragina aztertzen zen. Bidenabar, etengabe hazten doan eragina. Ohartarazpena argia zen, gainera: baliabideen erabilera eta kutsadura murriztu ezean, Lurraren baliabideen mugak gaindituko genituela 100 urte pasa baino lehen.
50 urte geroago, klima-aldaketaren negazionismo eta interes pribatuen erruz hamarkada batzuk alferrik galdu ondoren, IPCCren azken txostenak ohartarazi gaitu, ez zaigula aukera askorik geratzen, klima-aldaketaren ondorioak erabat dramatikoak izatea nahi ez badugu.
Egin behar dugun aldaketa handienetako bat gure energia-ereduarena da. Eredu hori krisian dago gaur egun, baina urteak daramatza agortzen ari den seinaleak erakusten.
NOLA IRITSI GARA HONAINO? SAIHESTU ZITEKEEN?
Bada egungo arazo guztiak Errusiak Ukraina inbaditzeari leporatzen dionik. Baina azterketa hori egitea ez da zorrotzegia. Inondik inora. Oso gutxitan konturatzen gara bonbila bat pizte hutsak armiarma-sare geopolitiko batera lotzen gaituela, eta handik ihes egitea oso zaila dela. Hala, tximeleta-efektuaren gisara, milaka kilometrora hartutako alde bakarreko erabakien eta superpotentzien interes estrategikoen ondorioz, milioika pertsona zaurgarritasun-arrisku larrian daude. Eta hori guztia gertatzen zen bitartean, ez-ikusiarena egin dugu, zuzenean-zuzenean eta bete-betean guri eragin digun arte.
Arazoaren muinera jotzen badugu, ikuspegi makroak eta mikroak bereizi ditzakegu. Maila makroan, Hego Euskal Herriaren energia-mendekotasuna %90 ingurukoa da gutxi gora-behera. Elikadura mendekotasunaren parekoa. Gaur egungo sistema kapitalistak harrapari baten modura jokatzen du: baliabide material zein pertsonalak gero eta mugatuagoak diren garaiotan, (ia) guztiaren gainetik bere gosea asetu nahi du. Sistemaren mugak hausteko prest dago. Herrialde industrializatuenek energia merkearen gainean oinarritu dute beraien eredu ekonomikoa, gasa eta petrolioa erretzeak gure etorkizuna arriskuan jartzen duela kontuan hartu gabe. Jorge Riechmann idazleak adierazi moduan, “nekazaritzaren ekonomia, eguzkiaren energiak elikatutako lurrazaleko ekonomia da; gizarte industriala, aldiz, erregai fosilek mugitutako lurrazpiko ekonomia. Metaforikoki esanda, Iraultza Industrialaren prozesuan, eguzkitik urrundu eta lur azpian sartu zen gure gizartea”. Berriro lurrazaleko ekonomiara itzuli beharko dugu.
Baikortasun teknologikoa, hau da, energia-iturri berriei esker egungo kontsumo-maila mantentzeko modua aurkitzea posible zela sinestea, askok begiak estaltzeko erabilitako zapi bat izan da, zetorren olatuaren tamaina ikaragarria ez ikusteko.
Maila mikroan, edozeren truke ondasunak lortzeko helburua besterik ez duen oligopolio bilakatu da merkatu elektrikoa, sorkuntzaren, banaketaren eta merkaturatzearen zati handi bat gutxi batzuen esku egoteak eragin duena.
Krisi honetara ekarri gaituen beste arrazoietako bat, gure poltsikoari dagokionez, prezioa finkatzeko arautua dagoen merkatu marginalista izan da. Alegia, energia salerosketen merkatuan azkena sartzen den teknologia-motak, garestiena izateaz aparte, behin-betiko prezioa markatu ohi du aurreko guztientzat. Sistema hau, aurten bereziki, oso kaltegarria izan da kontsumitzaileentzat, energia-sortzaile handiek merkatua manipulatu dezaketelako beren interesen arabera. Gertatu den bezala.
ALTERNATIBAK MARTXAN
Gaur egungo egoeraren aurrean, banakako zein gizarte modura, hauek dira har ditzakegun bideak: ukatzearena, etsitzearena, egokitzearena edo/eta ekintzarena. Goiener-en, lanean dihardugu azken bi bide hauek eraiki, eta bidelagun onak alboan hartuta, elkarrekin pausoak emateko. Adibidez, berriztagarrien arloan REScoop eta Union Renovables (gurea bezalako kooperatibaz osatutako elkarteak); finantza-arloan Coop57 eta Fiare; eta gertuago etorrita, ekonomia-sozialean REAS eta Olatukoop.
Jakin badakigu klima-aldaketak atzera-bueltarik ez duela, eta horren aurrean, dagoeneko agerikoak diren ondorioetara egokitzea (eta ahal den neurrian egoera are gehiago ez okertzea) beste erremediorik ez zaigula geratzen. Hau da, etorkizun bizigarri baten alde lanean jarduteko aukera eta erantzukizuna dugu.
Testuinguru honetan, Energia Berriztagarrien Komunitateak bestelako eredua bultzatzeko lekuko alternatibak bihurtu zaizkigu, alternatiba deszentralizatuak. Energia burujabetza eta trantsizioa, lekukora jaistea suposatzen du honek: herri edota eskualde bat antolatuz, kanpo dependentzietatik eta gehiegizko kontsumoetatik urrunduko dituzten alternatibak sortzea. Alternatiba integralak, energia eredua gizarte arrakalarekin ere lotuko duena, eta gizarte mailako ezberdintasunen aurka lan egingo duena. Hala, ezin ditugu lekuko ekimen hauek sistema biderkatzeko modu gisa ikusi, ezta enpresa handiak aberasteko tresna gisa ere. Energia komunitateen oinarria herritar antolatuak eta ahaldunduak dira, edozein eraldaketa bultzatzeko ezinbestekoa baita antolaketa eta kolektibotasuna. Berriro ere, interkonexioak.
Ondorioz, argi dago etorkizunean duintasunez bizitzeko agertokiak sortzeko egin beharko dugun trantsizio ekonomiko, sozial eta ekologikoa nolakoa izango den: guk nahiko genukeena baino prozesu arantzatsuagoa eta kaotikoagoa. Hobeto bizitzeko, gutxiagorekin bizitzen ikastea dagokigu; sareak indartu eta mobilizatzea, jende gehiago atzean ez uzteko.  

En este contexto, las Comunidades de Energías Renovables se han convertido en alternativas locales, en alternativas descentralizadas, para impulsar un modelo diferente. Esto supone bajar la soberanía y la transición energética a lo testimonial: crear alternativas que, organizando un pueblo o una región, les alejen de las dependencias externas y de los consumos excesivos. Alternativas integrales que conecten también el modelo energético con la brecha social y trabajen contra las desigualdades sociales. Así, no podemos ver estas iniciativas locales como una forma de multiplicar el sistema ni como una herramienta para enriquecer a las grandes empresas. Las comunidades energéticas se basan en la ciudadanía organizada y empoderada, ya que para impulsar cualquier transformación es imprescindible la organización y la colectividad. Una vez más, interconexiones.