Etxebizitza: Eskubidea ala luxua?

Aitor Murgia ELAko Ikerketa Bulegoko kideak dio aldaketak beharrezkoak direla etxebizitza politiketan, pertsona zaurgarrienen beharrei erantzun ahal izateko

Etxebizitzak gure gizartean duen garrantzia utzi du begi bistan pandemiak. Bi urte igaro dira COVID-19aren hedapena geldiarazteko etxean konfinatu gintuztenetik, baina denek ez zuten aukera eta baldintza berdinak izan: etxerik gabeko pertsonentzako, etxetik kanporatuak izateko mehatxupean zeudenentzako, edota hipoteka ala alokairua ordaintzeko zailtasunak zituztenentzako ez zen erraza izan. Ezta oso baldintza kaskarreko etxebizitzetan zeudenentzat ere; oinarrizko beharrak asetzeko nahiko lan.
Azken hilabeteotan sistemaren alderik krudelena geratu da agerian. 2021eko irailean, Koldo Arribillaga hil zen Gasteizen, bizitoki egokirik gabe, ezin izan zuelako bihotzeko eritasunari aurre egiteko botikarik hartu; Koldo etxegabetua izan baitzen. Beste kasu bat da Fatimarena: Bilboko kaleetan hil zen urte hasieran, etxerik gabe. Gizarte bazterketaz ari gara, eta zoritxarrez, ez dira kasu bakanak.

La renta mensual media de las viviendas libres lleva por encima de los 1.000 euros desde 2018 en la CAPV, mientras que el precio máximo asumible de las personas entre 18 y 44 años es de 509 euros. En el caso de los más jóvenes es de 389 euros. Las personas racializadas tienen dificultades, incluso, para que las inmobiliarias les oferten pisos.


1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean, 1961eko Europako Gutun Sozialean, Espainiako Konstituzioan, Autonomia estatutuetan zein Hego Euskal Herriko etxebizitza arauetan jasotzen da etxebizitza eskubidea, baina askorentzat arazo nagusienetako bat izaten jarraitzen du.
Hori dela eta, Manu Robles-Arangiz Fundazioak Aitor Murgia ekonomistak osatutako Etxebizitzaren auzia Hego Euskal Herrian: diagnostikoa eta alternatibak txostena argitaratu du; sindikatuaren etxebizitzaren inguruko sozializazio kanpainaren oinarria da txosten hori. Egoeraren argazkia osatu du bertan Murgiak, Hego Euskal Herriko arauak eta politikak aztertu ditu, eta auzi horren inguruan sortutako gizarte mugimenduak zein erakunde publikoen jarrera pasiboa plazaratu. Azkenik, etxebizitzaren egoera hobetzeko proposamenak ere jasotzen ditu txostenak.
Zein da Hego Euskal Herriko etxebizitzaren arazoaren muina?
Aitor Murgia: Eskubide gisa beharrean, balio ekonomiko gisa ulertzen da etxebizitza. Eta eskubide unibertsala izan beharko lukeena merkatuaren eskuetan uzten denean, jakin badakigu zeintzuk diren ondorioak. Osasunarekin, Hezkuntzarekin edota Gizarte zerbitzuekin antzekoa gertatzen da: merkatuak ez ditu baliabideak modu eraginkor eta orekatuan banatzen, eta eskariaren eta eskaintzaren arteko desorekak beti egiten du alde berera balantza. Dutenek jasotzen dute etekin gehien, eta beharrean daudenek galdu. Eskubide unibertsal bat ortodoxia ekonomikoarekin uztartzen denean, pribilegioa bihurtzen baita.
Etxebizitzaren kasuan, desoreka areagotu egin da higiezinen arloko lobbyen presioen ondorioz, eta eraikuntza berria eta merkatu libreko salerosketak gailendu dira, sektorearentzat etekin handiagoa dakarrelako horrek, alokairuak baino.
Bide horretan, gakoa izan zen 1985eko Boyer dekretua. Halako etxebizitzaren salmenta bultzatu zuen, salerosketa finantzatuz eta etxebizitza publikoa agortuz. Esan daiteke etxebizitza politikak teilatutik eraikitzen hasi zirela.

Desde 2013, cuando se empezaron a recabar estos datos, hasta 2021, se han producido un total de 12.500 desahucios en Hego Euskal Herria: es decir, 4 al día. Además, 120.000 personas conviven bajo el fantasma del desahucio, con impagos o atrasos en el pago del alquiler, hipoteca o recibos.


Eta horren guztiaren ondorioa zein da?
Ondorioa da Hego Euskal Herriko etxebizitzaren %88 jabetzakoa dela, eta %12 soilik dago alokairuan. Europako batez bestekoa %13koa da, eta Alemanian, esaterako, ia erdia dago alokairuan. Hemengo kopuruak ez datoz bat jendearen beharrekin, bereziki gazteen kasuan, gero eta jende gehiagok nahiago baitu alokairuan bizi, etxea erosi baino.
Etxea erostea ez baitago denen esku...
Halaxe da. 2008ko krisiak aurrezki kutxen bankarizazioa ekarri zuen, eta etekinek itsututa hipotekak nolanahi  banatu zituztenez, finantza sistema erreskatatu behar izan zen. Ondorioz, hipotekak eskuratzeko baldintzak asko zorroztu dira; esaterako, etxebizitzaren salneurriaren %20 aurrezki gisa eduki behar da hipoteka eskatzeko, eta lan eta diru sarrera egonkorrak izan. Beraz, baldintza horietatik kanpo geratzen dira pertsona prekarioenak: emakumeak, migranteak eta gazteak, bereziki.
Jende multzo horrentzat alokairua da etxebizitza bat eskuratzeko bide bakarra. Baina, esan bezala, eskaintza oso murritza da, eta eskaria gero eta handiagoa denez, alokairuek gora eta gora egiten dute. Pentsa, EAEko etxebizitza libreko hilabeteko batez besteko errenta 1.000 euro baino handiagoa da 2018. urteaz geroztik, eta aldi berean, 18 eta 44 urteko pertsonentzako  etxebizitzara bideratu dezaketen bataz besteko kopurua 509 eurokoa da. Soldata arrakalak are zartadura handiagoa sortzen du, gainera, sei hilabeteko alokairuko aldearekin, eta migratzaileen kasuan, okerrago, etxe agentziek oso etxe gutxi eskaintzen dizkietelako.
Etxebizitza turistikoen ugaritzeak zenbateraino eragin du alokairuen garestitzean?
Alokairuaren eskaintza murritza denez, erabilera turistikorako etxebizitzek egoera are gehiago estutu dute. Airbnb gisako plataformak jaun eta jabe dira zenbait auzotan, eta Blackstone edo Azora bezalako funts handiek etxebizitza eraikin osoak eskuratzen dituzte bertako bizilagunak kanporatuta, errentagarriagoa delako. Erakunde publikoen onespenarekin gertatzen ari da hori, gainera. Eneko Goia Donostiako alkateak esan zuen norbere auzoan zahartu nahi izatea ‘gustu finekoa’ izatea dela. Alternatiba periferietako zubi azpietan egon liteke, nonbait.

“Las subvenciones o las ayudas no son la solución. Para garantizar el derecho a la vivienda hace falta un parque público de viviendas en alquiler con precios máximos. En este sentido, las Viviendas de Protección Oficial (VPOs) deberían ser adjudicadas en régimen de alquiler y no de propiedad”.


Arazo horiei aurreko krisietakoak batu zaizkie, hala nola, etxegabetzeak.
Etxegabetzeak ohikoak izaten jarraitzen dute. 2013. urtetik, datuak jasotzen hasi zirenetik, iaz arte, 12.500 etxegabetze egin dira. Hau da, lau eguneko. Eta beste 120.000 pertsona daude etxea galtzeko zorian, alokairua ezin ordaindu edo etxea ordaintzeko atzerapenak dituztelako, adibidez. Eta bitartean, milaka etxe hutsik. Zehazki, 80.000 etxebizitza daudela hutsik, arazoari aurre egiteko baliagarriak izan daitezkeenak. Horretarako, ordea, erakunde publikoek bestelako politikak sustatu behar dituzte etxe horiek prezio txikiagoetan aloka daitezen. Kanonarekin ez da aski.
Etxebizitza edukitzeko zailtasunak eta ezintasunak gizarte arazo larria bihurtu dira. Zein balorazio egiten duzu arlo horretako politika publikoen inguruan?
Orain arteko lege eta etxebizitza politikek ez dute arazoa konpondu. Legeek eskubide subjektibo gisa aipatzen dute etxebizitzarena, baina ez da benetan eskubide hori bermatzen; ez Nafarroan, ez EAEn. Era berean, ez dago inolako araurik salneurria eta alokairuen prezioa mugatzeko. Eskaintzen den ia neurri bakarra da diru laguntza txiki bat, eskasegia dena merkatu librean benetan etxebizitza duin bat eskuratzeko.
Aurrekontuetan ere oso txikiak dira etxebizitzara bideratutako partidak. Barne Produktu Gordinaren %0,2 da EAEn, eta Nafarroan %0,3.
Diru laguntzak ez dira konponbidea. Etxebizitzaren eskubidea bermatzeko, etxebizitza publikoa behar da, alokairu neurtuekin.
Era berean, beste herrialdeekin konparatuta, hemen oso eskasa da etxebizitza publikoaren eskaintza. Bereziki babestutako alokairuarena.
Aipatzekoa ere bada etxebizitza politikak adosteko ez dagoela inolako parte hartzerik. Kolektibo zaurgarrienak entzun beharko lirateke, eta erabakiak hartu horien beharren arabera, bizi dugun drama sozialari erantzun nahi bada.
Zer egin dezakete sindikatuek, gizarte eragileek, hiritarrek...?
Etxebizitza politiken eredua aldatu behar da. ELAk eta beste gizarte eragileek urteak daramatzagu hori eskatzen: jabetzaren ordez, alokairua lehenetsiko duen etxebizitza eredua behar dugu. Horregatik, babes sozialeko etxebizitza guztiak alokairuan egon beharko dute. Aldi berean, hutsik dauden bizitokien alokairua sustatu behar da, eta alokairuaren prezioa mugatzeko lege bat. Denok izan dezagun aukera etxebizitza duin bat eskuratzeko.
Horregatik, beharrezkoa da turismorako etxebizitza mugatzea. Baita funts handien etxebizitza erosketa masiboak ere. Espekulaziorako besterik ez baitira halako erosketak. Legeak ere etxegabetzeak eragotzi behar ditu, eta eskubidea defendatu; ez soilik diru laguntzen bidez. Hori guztia egin ahal izateko, baliabide publikoak beharko dira.
ELAk lanean jarraituko du etxebizitza ez dadin ‘gustu fineko’ pribilegioa izan, benetako eskubidea baizik. Mugimendu sozialak bultzatu behar ditugu, gure proposamenak sozializatu, eta beste eredu baten alde lanean ari diren erakundeak saretu. Aldi berean, uste dut  funtsen edo bankuen etxebizitza hutsen okupazioa edota desobedientzia zibila sustatu behar dela, baita turismorako bideratutako bizitokien kasuan ere, arazoa ikusarazteko eta erantzukizun politikoak eskatzeko.