Etxebizitza: nola bilakatu negozioa eskubide?

Etxebizitza izatea, teorian, denok dugun eskubidea da. Legeak hala jasotzen du behintzat. Hala ere, errealitatea oso bestelakoa da. Katia Henríquez Domínguezen eta Alberto Martínez Casadoren lekukotzek argi uzten dute etxebizitza eskubide izatetik urrun dagoela eta gaur egun negozio hutsa dela. Nola irauli egoera hau?

Galderak egiten hasita, zer da zuretzat etxebizitza bat? “Gutako askorentzat etxebizitza espazio segurua da; bai atsedenerako, bai aisialdirako, bai lagunekin elkartzeko. Etxerik gabe ez dago aukerarik bizitza duinik izateko”. “Gure bizitza aurrera eramateko behar dugun eskubidea da”. Lehen erantzuna Katia Henríquez Domínguezena da; Katia Guatemalan sortu zen, eta 2016tik Euskal Herrian bizi da. Egun ELAn ari da lanean, Ibaizabal-Nerbioi eskualdean. Bigarren erantzuna Alberto Martínez Casadorena da. Alberto Madrilgo Maizterren Sindikatuko kidea da.

Baina galdera horrek badu erantzun osagarria, txanponaren beste aldea. “Hileroko arrakala ekonomikoa ere bada, eta, ziur asko, gure errentaren %30 baino gehiago arrakala horretara bideratuko dugu”, dio Katiak. “Etxebizitza funtzio ekonomikoa betetzen duen aktibo finantzarioa da”, gaineratu du Albertok.

Datuei erreparatu besterik ez dago biek arrazoi dutela jabetzeko. Har dezagun 80 metro karratuko etxebizitza bat: Donostian, hilean, 1.376 euro balio du, bataz beste, alokairu batek; Bilbon, 1.136; Gasteizen, 912; Iruñean, 848. ELAren Azterketa Bulegoak 2024ko uztailean argitaratu zuen txostenean jasotzen dira aipatutako datuak.

“Soldata txikiena duten langileei –dio Albertok–, oro har maizterrak garenoi, hilaren hasieran alokairua ordaintzeko soldataren erdia baino gehiago joaten zaigu. Horri hornikuntzak eta janaria gehitzen badizkiogu, ia ezinezkoa egiten zaigu hilabete amaierara iristea. Gainera, gure lanpostuko borroka sindikalari esker baldintza hobeak lortzen baditugu, ikusten ari garena da gure etxejabeen poltsikora joaten direla zuzenean, alokairuaren prezioa igotzen digutelako. Alokairua ustiapen iturri nagusi bihurtu da, eta ezin dugu onartu eremu horretan ere lapurtzea”.

Soldataren zati handia bideratu arren, badira gizartean “eskubide” honetaz gozatzeko aukerarik ez duten pertsonak. Pertsona arrazializatu edota migratuentzat etxebizitza izatea oztopoz beteriko bidea da. Katiak gertutik bizi izan du egoera hau. “Nire kasuan, nire semearen aitarekin Euskal Herrira bizitzera iristean, alokairu-pisuen zerrenda bat egin genuen higiezinen agentziekin hitzordua egiteko. Nahastu egin ginen eta biok, berak eta nik neuk, pisu berdinetara deitu genuen. Nire kasuan, bost pisutatik hirutan erantzuna izan zen alokatua zegoela; hortaz, bi etxebizitza ikusteko hitzordua egin zidaten. Berari, aldiz, bost pisuak ikusteko hitzorduak egin zizkioten. Bera euskalduna da; nik, aldiz, nahiz eta euskaltegian urteak pasa, ez dut Latinoamerikako azentua galtzen. Orain arte bi pisutan bizi izan naiz. Biak zuzeneko kontaktuen bitartez eskuratu ditut, nire nominak eta lan-kontratua ez baitira berme nahikoa izan higiezinen agentzientzat”.

Etxebizitzako Behatokiak dioenez, etxebizitza alokatuta duen jendearen %81 halabeharrez dago egoera horretan, bizilekurik erosi ezin duelako, edota behin behinean bizi da errentan, erosteko aukera izan arte. Alokatzerakoan orduan ez ezik, hipoteka bat eskatzerakoan jasandako bazterketak ere salatzen ditu Katia Henríquez Domínguezek. “Soldataren bitarteko diru sarrerak izan arren eta etxebizitza eskuratzeko baldintza guztiak bete arren, pertsona arrazializatuentzat etxebizitza bereganatzea ezinezkoa jarraitzen du izaten. Batzuetan etxebizitza pribilegioa ere bada. Alokatzeko ez ezik, hipoteka eskuratzeko ere zure azentuak edo zure azalaren koloreak ateak itxiko dizkizu zuzenean edo zeharka. Hori gutxi balitz, gehiegizko baldintzak ezartzen saiatzen dira, hala nola hiru hilabeteko alokairua aldez aurretik ordaintzea edota bi hilabeteko fidantza aurreratzea. Gainera, bankuek gehiegizko interesen bitartez hipoteken prezioa ere garestitu ohi dute”.

Etxebizitza, eskubidea?

Legez, teorian, etxebizitza eskubidea da. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Beraz, zer egin liteke etxebizitzarako eskubidea bermatzeko? Alberto Martinez Casadok argi du: etxebizitzaren negozioarekin amaitu behar da. “Erakunde publikoek funtsezko zeregina dute; izan ere, enpresa-sare handien aurrean indarra galdu badute ere, politika publikoek definitzen dituzte joko-arauak. Gaur egun, erakundeak buru-belarri ari dira alfonbra gorria jartzen errentagarritasunari eta funts putreei, haien etekinak bermatzeko”.

“Edozein gizarte kapitalistatan bezala, etxebizitzak kontrajarriak diren bi funtzio betetzen ditu. Etxebizitzaren funtzio soziala sustatzeak beti kaltetuko du funtzio ekonomikoaren maximizazioa, eta alderantziz. Funtzio ekonomikoa nagusi den etxebizitza-sistemetan, gaur egungoa kasu, merkatuko prezioak eta finantza-politikek antolatzen eta zehazten dute etxebizitza-sistema. Bermatzen dena da, batez ere, etxebizitza etekinak lortzeko aktiboa izatea, erraz truka daitekeena, bertan inbertitu ahal izateko eta ‘merkatuen bilakaeraren’ arabera prezioek gorabeherak izatea. Kasu horretan, etxebizitzaren funtzio soziala funtzio ekonomikoaren mende geratzen da, eta etxebizitza, giza eskubide gisa, bere adierazpen txikienera murrizten da”.

Etxebizitza diskriminazio-tasarik altuena duen eremua da. Hala jasotzen du Espainiako Gobernuak 2022an egindako ‘Arrazagatiko diskriminazioa etxebizitzaren eta asentamendu informalen eremuan’ txostenak. Era berean, arraza-bereizkeriak azalarazten du etxebizitza eskuratzeko garaian tratu-berdintasunerako eskubidea ez dela bermatzen.

Ikerketan adierazten da itxura fisikoa edo larruazalaren kolorea, janzkera, izena edota abizena, hizkuntza edo azentua diskriminazio arrazistaren eragile nagusiak direla. Azterketan pertsona arrazializatuek etxebizitza eskuratzeko garaian oztopo gehiago dituztela azalarazteaz gain, askotan engainuak zein bidegabekeriak ere pairatzen dituztela aditzera ematen du. Esate baterako: gehiegizko dokumentazio eskaerak eta bermeak, baldintza okerragoetan dauden etxebizitzak eta, oro har, eremu periferikoetan daudenak.

Horri guztiari erroldarekin gertatzen dena gehitu behar da. Erroldak administrazio-izapide erraza dirudi; etxebizitza eskuratzearekin zein oinarrizko bizi baldintzekin lotuta dago, baina finean, merkantilizatutako beste eskubide bat bilakatu da gaur egun. Hala salatzen du Katiak Henríquez Domínguezek. “Gero eta iragarki gehiagok erakusten dute 200-300 euro bitarte kobratzen dutela pertsona migratuen erroldatzeagatik. Ez bertan bizi izanagatik, baizik eta erroldatze hutsagatik. Administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonen kasuan errolda da errotzea frogatzeko ezinbesteko baldintzetako bat, besteak beste. Azken batean, bi urtetik gora erroldatuta egonez gero, egoitza-baimena izapidetzen has zaitezke. Lehenengo aldiak urtebeteko iraupena du, baina gero berritzeko izapideak egin behar dira, hainbat hilabetez. Batzuetan, izapide bat eta bestearen artean, administrazio-linboan gera zaitezke. Pertsona migratuentzat errolda xantaiaren sinonimoa izan daiteke. Etxeko langile asko barne-erregimenean daude, eta lan egiten duten etxean erroldatuta daude. Horietako askok abusuak jasateaz gain, enplegu-emaileek mehatxatu egiten dituzte errolda kentzearekin edo, are gehiago, kobratzearekin, soldatetan deskontuak eginez”.

Antolakuntzaren beharra

Egoera honen aurrean, gero eta gehiago dira han eta hemen sortzen ari diren Maizter Sindikatuak. Hala nabarmentzen du Alberto Martínez Casadok. “Jende asko amore emanda iristen da sindikatura, uste duelako bere etxejabearekin arazo indibidual bat duela eta ezingo duela konpondu. Lehen batzarraren ondoren, konturatzen da arazoa ez dela berea, gehiegikeria horiek askotan legezkoak eta ia beti baimenduak izatea ahalbidetzen duen gizarte osoarenak baizik. Gainera, antolaketa kolektiboari esker, ikusten da etxejabea zuri entzuten hasten dela, ez baita gauza bera bakarrik egotea edo sindikatuarekin egotea”.

Urteotako lorpenak nabarmendu nahi ditu Madrilgo Maizterren Sindikatuko kide honek. “Lorpen nagusia gelditu ditugun ehunka kanporatzeak dira, eragotzi ditugun alokairu igoerak, etxe kaleratze geldiaraziak, itzulitako fidantzak, konpondutako matxurak... Adibide argienetakoa munduko putre funts handienarena izan zen, Blackstone. Alokairuen prezioak bikoizten saiatu zen, eta borrokan ari ziren bloke askoren antolaketari esker atzera egin behar izan zuen eta 200 maizter baino gehiagorentzat igoerarik gabeko kontratu berriak sinatzea lortu genuen”.

Hala ere, gerra-kulturala deitutakoan lortutako garaipenen garrantzia ere aitortu nahi du. “Alokairu bat kobratzea gauza naturala ez dela gero eta argiagoa izatea lortzen ari garela uste dugu. Etxejabeek ezin dute nahi dutena egin. 2017an alokairuen erregulazioaz hitz egiten ari ginenean, komunikabideetan iraintzen gintuzten. Gaur egun, azken inkesten arabera, herritarren gehiengoak neurri hori defendatzen du. Gainera, legegintzaren arloan, gure borrokei esker, maizter gisa ditugun eskubideak zabaltzeko presioa egitea lortu genuen, hala nola etxejabe motaren arabera hiru urtetik bostera edo zazpira igaro ziren alokairu kontratuen iraupena. Aurrerapen txikiak egiten ari gara, erakunde gisa hazten eta etxebizitzaren desmerkantilizazioaren beharra planteatzen jarraitzen dugun bitartean”.

Alokairuen greba

Garaipenak garaipen, bide luzea geratzen da etxebizitza eskubidea izan dadin. Zentzu honetan, Maizterren Sindikatuak  proposatzen ari diren neurrietako bat alokairuen greba da. Proposamenak hautsak harrotu ditu; kontran daudenek legez kanpokoa litzatekeela argudiatzen dute. Alberto Martinez Casadok argi du. “Garai batean laneko grebak ere ez ziren legezkoak. Are gehiago, ordenamendu juridiko batzuetan zuzenean zigortuta zeuden. Baina horregatik langileek ez zioten greba egiteari utzi. Grebarako legezko eskubidea grebak eginez bakarrik lortzen da. Horregatik, uste dugu legeak bidegabeak direnean, desobeditu egin behar dugula. Gaur egun, hainbat alokairu-greba jarri ditugu abian jabe handien aurka, hala nola La Caixaren aurka Katalunian edo Nestar-Azoraren aurka”.

“Jakina, greba ez da soilik ordaintzeari uztea, batez ere etxebizitza-bloke bakoitza antolatzeko prozesu bat da. Azken helburua etxejabeekin negoziazio kolektiboa egitea da, gure bizi-baldintzak hobetzeko. Horretarako greba erabiltzen dugu, baina ekintzak, kanpainak eta jarduera asko ere antolatzen ditugu gatazka irabazteko”.