Etxeko langileak, ‘esklabutza modernoa’
Eugenia interna gisa ari da lanean mendekotasuna duen adineko bat zaintzen, Bilbon. Legediak ezarritako 40 orduko gehiengoa bikoizten du; astean 86 ordu egiten du lan hilean 1.050 euroren truke. Hamar etxeko langiletik bederatzi bezala, bera ere migratzailea da. Etxe barruan lan egitea herrialdean mantentzeko bide bat da askorentzat, Espainiako legediak egoera erregularizatzeko aukera ematen dien arte; hiru urtez herrialdean bizi izan direla egiaztatu behar dute eta lan kontratu bat izan behar dute horretarako. Eugeniak lortu zuen, baina hori ez zen nahikoa izan lan baldintzak hobetzeko, kontrakoa baizik. Soldata 832 eurora jaitsi zioten, eta enplegatzaileari dagokion Gizarte Segurantzaren zati bat ordainarazi zioten.
Lan egiten duen etxean lo egitera behartuta dago Zunilda. Eguneko 24 orduak bertan ematen ditu, lantoki bihurtutako etxe batean. Bere etxe edo, hobeto esanda, ostatu bihurtu den lantoki batean. Kontratatu duenarentzat, ez omen da nahikoa erabateko prestasuna izatea eguneko ordu guztietan eta hilero 270 euro kentzen dizkio soldatatik, ostatu eta janariaren truke. Etxeko langile asko, gure gizartean funtsezkoak diren horiek, begizta honetan harrapatuta daude. Beharrizan ekonomikoak, paperik gabeko lan kontratu bat lortzeko zailtasunek edo etxebizitzaren prezio altuak egoera bereziki ahulean uzten ditu, Atzerritartasun Legeak linbo batean egotera behartzen dituen bitartean. Lan mota hau herrialdean mantentzeko bide bat bilakatzen da, euren egoera administratiboa erregularizatu arte.
Elvirak uste zuen supermerkatu batean kutxazain gisa lan egin ahal izango zuela, baina azkar konturatu zen ez zegoela modurik lanpostu bat kontratuarekin lortzeko paperik izan ezean; geratzen zitzaiona etxeko langile gisa aritzea zen, “lan asko” baitago eta hori “ez zitzaiolako faltako”, gertukoek esan ziotenez. Asteburuetan soilik uzten diote etxetik irteten. Arratsaldero bi orduz bere gelan atseden har dezake eta, horrekin, nahikoa dela uste du familiak. Elvirak, behintzat, bere logela propioa badu. Kasurik txarrenean, zaintzen duten pertsonaren ondoan edo lurrean koltxoiak botata egin behar dute lo.
Etxea aldi berean bizileku eta lantoki izateak eragina du atsedenaldietan, lana denaren eta ez denaren arteko muga lausotzen duelako. “Zaintzen duzun pertsona gehien ikusten duzun pertsona denean, zaila da lotura emozionalik ez sortzea”, haiek diotenez. Bi ahoko arma bat; lan harremana gaindituz, xantaia emozionalei, faboreei eta ordaindu gabeko adeitasunei atea irekitzen zaie. Prekaritate eta askatasun falta horrek langileen ongizate mentalean du eragina; emakume askok gaixotzen dituzten lan baldintzak dituzte.
Martak sexu jazarpena jasan du hamaika hilabetez zaintzen zuen adinekoaren partetik. Martarena adibide bat baino ez da. Etxe batzuetan sexu jazarpena, botere abusua edo umiliazioak eguneroko errealitate bihur daitezke. Langileen elkarteek tratu txarren, irainen eta umiliazio sistematikoen berri ere ematen dute. Lan baldintzak eta jasotzen duten tratua asko aldatu daiteke familiaren arabera.
Eugenia, Zunilda, Elvira eta Marta Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartera (ATH-ELE) hurbildu diren emakumeetako batzuk dira. Elkarteak doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen die lan eskubideen arloan, elkar ezagutzeko eta antolatzeko parada bat da ere, helburu jakin batekin: etxeko langileen lan baldintzak beste edozein lanpostuetan dituztenekin parekatzea, alegia, euren eskubideak defendatzea.
Isabel Otxoa ATH-ELE elkarteko aktibistak eta EHUko lan zuzenbideko irakasleak dioenez, legea ez betetzearen oinarrian dago “kontratugilearen eta langilearen arteko botere desberdintasun basatia”. Azaldu duenez, “botere harreman hori erabateko zigorgabetasunean oinarritzen da”, eta haren lana arautzen duen 1620/2011 Errege Dekretua betetzea “ez dute bermatzen” ez Lan Ikuskaritzak ez eta Auzitegiek ere. Otxoak argi du lana “arautu” egin behar dela: “Gainerako sektoreen eskubideekin arautuko balitz, internaren figurak desagertzeko joera izango luke”.
Atzerritartasun Legeak sostengatutako zaintza
Zahartzarora heldu orduko edota gaixotasun kronikoren bat izatekotan, pertsona gehienen nahia etxean zaindua izatea da. “Etxean hobeto” mantraren ondorioz, familien bizkar jausten da; emakumeen gain, oro har: “familiako emakumeak lehenengo arreta baliabidea dira”, dio Otxoak. Baina zer gertatzen da hauek zaintzeko aukerarik ez dutenean? “Mendekotasunari arreta ematearen zati handi bat emakume migranteen beharrizanekin konpontzen ari gara”, salatzen du.
Nahiz eta paperik gabeko emakume askorentzat etxeko lana enplegua –edo etxebizitza– izateko aurkitzen duten modu bakarra den, egoera itogarria bihurtu ohi da eta gehienek egoera horretatik ihes egin nahi izaten dute. Etxe barruko langileen kolektiboek “esklabotza moderno” gisa definitzen dute sektorea; izan ere, bakar batek ere ez du astean 40 ordutik behera lan egiten. Hamarretik bederatzi migratzaileak dira eta egoera irregularrean badaude bereziki kalteberak dira abusuen aurrean. Isabel Otxoa irakasleak dioenez, lan errotzea eskatu ahal izateko “hiru urteko egonaldia eta lan kontratu bat exijitzeak enplegatzaileari botere handia ematen dio aurreko aldian legez kanpoko baldintzak ezartzeko”.
ATH-ELEk migratzaileak erregularizatzeko bideak eskatzen ditu, hiru urtez baldintza onartezinetan lan egin behar izan ez dezaten dokumentazioa lortzeko “edozein gauza” onartzeraino. Izan ere, elkartearen urteko estatistiken arabera, internen gehiengoak legez kanpoko baldintzetan egiten du lan lanaldiari eta atsedenei dagokionez. Ia % 39k ez du etenik gabe lo egiteko aukerarik mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzen ari baitira gauez ere. Gainera, % 41,30ek soldata eskura ematen jarraitzen du, inolako dokumentaziorik gabe.
Gizartearen eta ekonomiaren lanik funtsezkoenak, bizitzak aurrera jarraitzea ahalbidetzen dutenak, kostu baxuan esternalizatzearen prezioa da prekaritatea eta eskubideen zapalkuntza. Isabel Otxoak argi du etxeko lana emakume migratzaileen kontura egiten dela, “oso modu merkean” konpontzen ari delako “egun bestelako konponbiderik ez duen arazo sozial bat: mendekotasunari arreta ematea”.
Zaintza lanak norberaren osasunaren gainetik
Etxeko langileek jasaten duten prekaritateak eta eskubide faltak zerikusi zuzena du osasun fisiko eta mentalaren galerarekin. Etxe barruko lanak segurtasun eta osasun baldintza eskasak ditu, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak adierazi bezala. “60 ordutik gorako lanaldiak sistematikoki ezartzea bateraezina da laneko osasunarekin, are gutxiago bakarrik bizi diren eta mendekotasuna duten pertsonen ardurapean dagoena pertsona bakarra denean”, Otxoaren esanetan.
Araudia aise gainditzen duten lanaldiak, prestakuntza eta baliabiderik eza, produktu kimiko eta narritagarriekin harreman zuzena, mugimendu errepikakorrak, jarrera behartuak... Horrelakoa da etxe barruko langileen egunerokoa eta hala eta guztiz ere, ez dira gutxi gaixotasun profesionalak aitortzeko dituzten arazoak. Gizarte mailan, zaintzaren eremua ez da lan gogorren zerrendan edota laneko gaixotasunen bat eragin dezakeen lanpostuen zerrendan sartzen. Auzitegi Gorenak berak ebatzi du laneko jarrera behartuek eragindako gaixotasunei buruzko dekretuan genero diskriminazioa gertatzen dela.
“Berandu eta enplegatzailearen presioak baldintzatuta” joaten dira langileak osasun zerbitzuetara, Otxoak azaltzen duenez. Gaixotzea debekatuta izango balute bezala, etxeko langileentzat beti daude egin beharreko beste batzuen beharrizanak. Diagnostikoaren lehen unetik Gizarte Segurantzan islatzen da gutxiespena: “Langile batek zaintzen ari zen adinekoa mugiaraziz egindako giharretako lesio larri bat arrunt gisa jo zuen Osakidetzako mediku batek, eta lesio guztiak gaixotasun arrunt gisa kalifikatzeko jarraibideak dituztela adierazi zuen”, Otxoak salatu duenez. “67 urterekin hartzen dugu erretiroa, baina lan honek lur jota uzten gaitu, denok ezin dugu adin horretara arte hain astunak diren lanak egiten jarraitu”, kexu da Diana, etxeko langilea.
Isolamendua, denbora librerik ez izatea, artatzen dituzten pertsonen senitartekoek tratu txarrak ematea, mota guztietako jazarpenak... sufrimendu psikikoaren iturri dira, eta, diagnostikatu eta tratatu gabeko ondoez fisikoarekin batera, koktel ezin hobea osatzen dute; Lanak gorputzak birrintzen ditu, eta laneko gaixotasunak onartzen ez diren bitartean, botikak eta antsiolitikoak kontsumitzea ezinbestekoa da erritmoa jasan ahal izateko. Etxean geratzea, askorentzat, ez da aukera bat. Lanik ez badago, ez da jaten. Berriro, “burua jaitsi, listua irentsi, hortzak zerratu. Klase bruxismoa”, Luisa Carnések esan zuen bezala.
LANEren 189. hitzarmena, eskubideak non?
Etxeko enplegurako inflexio puntu bat ezarri zen iazko uztailean. Europak bultzatuta, Espainiako Gobernuak LANEren 189. Hitzarmena berresteko izapideak hasi zituen. Hitzarmen hori etxeko langileentzako nazioarteko esparru juridikoa zen, eta lan eskubideak aitortzea ekarri zuen, hala nola langabezia kotizatu ahal izatea, bai eta gutxieneko soldata jasotzea ere, besteak beste. Indarrean sartu eta aurrerantzean, etxeko langileak ezingo lirateke kaleratu justifikaziorik gabe.
“Kaleratzearen prezioan hobekuntza dezente ekarri zituen berrespenak, atzera egite librea desagertzearekin batera”, azaltzen du Isabel Otxoak. “Baina etxe barruko langileen lanaldiaren kontua airean geratu zen, nahita, nire ustez. Horrela, 2022ko erreformak soilik balio izan du langileek likidazio handiagoa izan dezaten kaleratuak izatean”.
Espainiako estatuak langabezia eskubidea onartu zuen langile hauentzat, eta kolektiboa Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean sartu zen ere. Estatistiketan, baina, gaixotasunek anekdotikoak izaten jarraitzen dute. Orain, espainiar Lan Ministerioa araudi bat amaitzen ari da enplegatzailea lan arriskuen autoebaluazioa egitera behartzen duena. Neurriak, ordea, ez du konbentzitzen. Langileek ebaluazio horretan euren parte-hartzea exijitzen dute eta hori gertatu ezean, ez dute aldaketarako itxaropen handirik lan ikuskaritzari atea ixten zaionean.
Barra librea inpunitateari
Etxeko langileek ez dute patronalik, lantokian ere ez dago presentzia sindikalik, modu isolatuan egiten dute lan, eta etxeko intimitatea da ikuskaritzaren argudio nagusia lan baldintzen kontrola saihesteko. Legea eginda, tranpa eginda. Otxoaren arabera, “etxebizitzaren bortxaezintasuna aitzakia bat da, eta ez du azaltzen lan harremanaren alderdi askoren gaineko kontrol falta orokortua, etxean sartzea ez baita beti nahitaezkoa”. Gaur gaurkoz ez da eskatzen ari kontratuek ordutegia adieraz dezaten, ez da eskuan egiten den ordainketa kontrolatzen, Gizarte Segurantzaren inprimakian ez da zehazten lana etxe barrukoa edo kanpokoa den. Eskubide urraketen aurrean, “lan Ikuskaritzak ez du esku hartzen, ez behar bezainbeste, ezta behar den azkartasunarekin”, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak lehen pertsonan egiaztatu ahal izan duenez.
“Langilearen eskubideak etxebizitzaren intimitaterako eskubidearen aurretik jarri behar dira, enplegatzaileak bere etxea lantoki bihurtu baitu”, aldarrikatzen du Otxoak. Monetaren beste aldean Auzitegiak daude, “40 ordutik gorako lanaldiak ia inoiz ez dituzte frogatutzat jotzen; ezkutuko ekonomiako poltsa handi bat dago”, EHUko irakaslearen esanetan.
Eusko Jaurlaritzak du Ikuskaritzaren eskumena, baina, Otxoaren ustez, ez dago borondate politikorik lan hori indartzeko. Dioenez, “Jaurlaritzak ez du deus egiten baimenik gabeko enplegu agentzien irregulartasunarekin amaitzeko, ezta baimendutako enplegu agentziek legezko baldintzak dituzten lan kontratuetan bitartekari gisa jarduten dutela ziurtatzeko ere”. Salatu duenez, “enplegatzaileei ez die beren betebeharrei buruzko informaziorik ematen, gauzak behar bezala egin nahi dituen enplegatzaile dezente dagoenean”. Etxe barruko langileak, berriz, gutxitan ausartzen dira salaketa jartzera, enplegua galtzeko beldurrez edo, are gehiago, legezko egoeran ez daudenean deportatuak izateko beldurrez. “Hori da hain zuzen enplegatzailearen aurrean duen babesgabetasuna ulertzeko gakoetako bat”, Otxoak azpimarratu duenez.
Isolamendutik antolakuntza kolektibora
Etxeko langileen babesgabetasuna iraganeko kontua izaten hasi da. Euskal Herrian eta espainiar Estatu osoan dozenaka elkarte sortu dira, emakumeak antolatu eta prekaritateari eta esplotazioari aurre egiteko. Zaintzen dituztenen zaintzea exijitzeko. Baina bidea ez da erraza migratzailea zarenean eta heldu berri sarerik ez duzunean, zure lana arriskuan ikusten duzunean... Etxe barruko langile izateak suposatzen duen isolamenduaren eta bakardadearen hormak eraistea zaila da, sistema ekonomiko eta sozialak horren kontura onura ateratzen duen bitartean.
Elkartasun sare hauek etxeetako ateak irekitzeko bokazioa dute, alor pribatura mugatzen den, bakardadean eta lankiderik gabe egiten den lanaren atzean dagoena ikusarazteko. Politikoki antolatzea eta eskubideak defendatzea, desberdintasunei aurre egitea, gehiago ez isiltzea. Lan baldintza duinen alde borrokatzea, halabeharrez, zaintza sistema zertan oinarritzen den salatzean datza eta mugimendu feministak eskatzen duen bezala, zaintza sistema publiko-komunitariorantz bidea egitea aldarrikatuz. Baina hori ez da soilik langileen egitekoa. “Gizarte gisa, arreta behar den egoera guztiak aintzat hartzen dituen sistema bat izan behar dugu eta pertsona, talde, erakunde... bakoitzaren erantzukizuna definitu”, uste du Isabel Otxoa ATH-ELEko kideak.
Zaintza publikoa aldarri
Eskaera nagusia: zaintza publifikatzea, putre funtsen eta esku pribatuetatik guztiz at egon arte. Júlia Martí Comas eta Fiora Pozzobonek argitaratutako Bizkaiko egoitzen negozioa txostenak erakusten duen bezala, Bizkaiko egoitzetako plazen %34 inbertsio funtsek kontrolatzen dituzte eta %80 enpresa handiek eta fundazio korporatiboek. Ahoztar Zelaieta kazetariaren Residencias SA ikerketaren arabera, Euskal Herriko zaintzaren sektorea “egoitza pribatuak edo administrazioarekin itundutakoak kudeatzen dituzten eskrupulurik gabeko multinazionalek hartu dute 30 urte eskasean”.
Bide horretan, Isabel Otxoak adierazi du lehen urratsa izango litzatekeela “funts publikoak soilik erakunde publikoei edo irabazi asmorik gabekoei (kontrolatuak) esleitzea”. Helburua argia da: “Merkatutik atera behar da zaintza”. Aldarrikapen hori gero eta indar handiagoa hartzen ari da gizartearen esparru guztietan, eta Euskal Herri osora zabaldu nahi da Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitutako greba orokor feministan. Bidea hasi besterik ez da egin zaintza desfamiliarizatzeko eta desfeminizatzeko.