Euskadi es GUAU

Enpatia, bestearen tokian jartzeko ahalmena omen da. Egia esateko, nire mende erdi pasatxoko bizitzan zehar, euskaldunak erdaldunen lekuan jartzeko ariketa egiten ikusi ditut beti. Salbuespenik gabe. Alderantziz, askoz gutxiagotan.

Denboraren joanean, eskarmentuarekin, bestearen lekuan jartzea zela uste nuena, bestearen azpian jartzea dela iruditzen zait orain sarri.
Bakiokoa naiz, nire haurtzaroan kalean euskara entzutea ohikoa izatetik, egun zortea izatera igaro den herri euskaldun UEMAn sartu berrikoa. Bizi izan naiz Irunen, herri zeharo erdaldunduan, euskara kalean entzutea miraria zen lekuan. Altsasun bizi naiz egun, kalean euskara entzutea ia Irunen bezainbesteko miraria den eremu euskalduneko herrian.

Hiruretan, euskaldun gehientsuenek egundoko enpatia erakusten zuten eta dute erdaldunekiko, larregikoa, menpekotasunaren lokatzetan gerriraino sartuz gehienetan.

Euskaldunekiko enpatia falta izurritea da, ostera. Tabernan, kuadrillan, senitartean, dendan, lantokian… nonahi dauzkagu zain.
Erakunde unionistetan euskaldunekiko erdeinua araua da, baina abertzaleetan ere, asko, gehiegi dira bizkarra ematen digutenak. EAEko bertako erakunde publikoetan be, herritar euskaldunoi ezikusiarena egitea arrakasta handiko kirola da.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian, Gobernuko kideek ia egunero zapaltzen duten horretan, atetik sartu orduko nabari da zeozerk huts egiten duela. Segurtasun zerbitzuko (pribatizatuko) beharginekin egiten dugu topo lehenengo-lehenengo beharrera goazenean. Gehienek buenos días jator batez agurtuko zaituzte, egun on esango dizun salbuespenen bat baden arren.

Sailetik sailera eta zuzendaritzatik zuzendaritzara, euskaraz jarduteko aukerak asko aldatzen dira. Gehienetan erdara da oso nagusi lan jardunean, herritarrarekiko euskarazko arreta gehienetan, ez beti, bermatu arren.

Zerbitzu medikura joan beharra edukiz gero, ahaztu egun on eta atzendu zelan zagoz. Zerbitzu erdaldun elebakarra gozatzen dugu goitik behera eraikinean lan egiten dugun 2.000 langile inguruk aspaldidanik, langile bat edo beste (oso gutxi tamalez) Hizkuntza Politikako arduradunei euskarazko arreta bermatzeko neurriak hartzeko hainbatetan eskatuta ere.

Euskaldunekiko enpatia falta eta arduragabekeria mozorrotzen astirik galtzen ez duen sailik egon badago.

Turismo saila berbarako

Edo bere arduradun ez nazionalistak hobe esanda. Urkullu Lehendakariak hain gogoko duen Basque country Cuencara begira ipini ondotik, Asociación de Hostelería de Bizkaia txit erdaltzalearekin egin dute hitzarmena duela aste batzuk, kartak eta menuak espainolez gain, ingelesez, frantsesez eta alemaneraz ugaldu daitezen guztion kontura, baita euskaldunon lepotik ere, guri ezikusiarenak lotsabako eginda be. Ez da ba izango euskaldunok tabernetan dirurik uzten ez dugulako…

Euskadi txikian (EAEn) errazagoa da zakurrekin nora joan jakitea, euskarazko arreta non emango dizuten baino.
Eusko Jaurlaritzako Turismo sailak Doggyetorry/Bienvenidogs gida eman du argitara: “dozenaka dog-friendly plan eta ehunka ostatu, jatetxe, saltoki eta erakargarri turistiko” zakurrarekin gozatzeko. Zaunk! Ederto baten! Baina noiz arte egon beharko dugu zain, Turismo Sailak, Kulturakoak, HPSk edo Josukristok, euskaldunon- tzako turismo gida bat atera dezan behingoz?
Euskadi es GUAU. ¡Ven y cuéntalo!