Euskal Herria Burujabe
2013ko urritik 2023ko urrira
Urriaren 6an hamar urte beteko dira Baionan Alternatiben Herrixka martxan jarri zenetik. Egun horretan milaka lagun batu ziren Lapurdiko hiriburuan mundu hobe bat eraiki eta erronka klimatikoari aurre egin asmoz. Hamar urte igaro dira, eta egoerak oso larria izaten jarraitzen du. Horregatik, Iparraldeko Bizi! mugimenduak Euskal Herria Burujabe ekimena antolatu du urriaren 7 eta 8rako Baionan.
Asteburu osoan zehar ehunka izango dira topaketetan parte hartuko duten lagunak. Bi egunez bilduko diren ordezkariek Euskal Herri jasangarri, burujabe eta solidarioa sustatzeko dituzten proposamenak aurkeztuko dituzte, guztiek helburu bera ardatz hartuta: Euskal Herrian klimaren desafioa altxatzea.
Festarako aukera ere egongo da Baionan. Animazioa, musika eta umeentzako tailerrak egongo dira hirian zehar propio antolatu diren gune ezberdinetan.
Lurralde jasangarri, burujabe eta solidario baterantz
Begi-bistakoa da hamarkada honetan krisi klimatikoak okerrerantz egin duela mundu zabalean. Hala aitortzen dute Euskal Herria Burujabe ekimeneko kideek. “Beroaldi berantiarrak, ozeanoa irakiten, planetaren muga berri bat gaindituz, aurten ere, marra berriak gainditu dira. Hondamendi klimatikoak ugaritu ahala, gradu baten hamarren bakoitzak bere garrantzia badu planeta osoan bizi-baldintza duinak atxikitzeko. Larrialdi klimatikoaren erronkak gaur egun biztanleriak askoz gehiago ulertzen dituen arren, metamorfosi ekologiko eta soziala bizkortzea da kontua: proposamen berriak eginez, gizartearen mobilizazio masiborako deia eginez”.
Egoera honen aurrean, zer egin dezake Euskal Herria Burujabe bezalako ekimen batek? “Ekintza-palankak proposatuko ditugu erantzukizun eta ekintza maila kolektiboago batera pasatzeko, eta gure zain diren erronkak konduan hartuz beharrezko gizarte-zementua izanen den parte-hartzearen kultura indartzeko”.
“Globalizazio estraktibista suntsitzailearen aitzinean, denei harrera egiteko eta denen elikatzeko gai diren lurraldeak garatu nahi ditugu, elkarren artean solidario diren lurraldeak, orain eta etorkizunean. Lurralde eskala mundu bizigarriago baten alde mobilizatzeko eta ekiteko molderik onena dela uste dugu”.
Elkarlana, funtsezkoa
Ez da erraza gisa honetako ekimen bat antolatzea. Lan asko eskatzen du, eta baliabide ugari. Tartean, baliabide ekonomikoak, noski. Izan ere, ezin dugu ahaztu antolatu diren hamaika ekintzak doakoak direla. Horregatik, Bizi! elkarteak Euskal Herria Burujabe 2023 ekimena finantzatzeko aukera eskaintzen du bere webgunean (https://bizimugi.eu). Ur tanta guztiak funtsezkoak dira itsasoa urez betetzeko.