LEZO URREIZTIETA REKALDE / Santurtzi, 1907-1981. Euskal Herriaren askatasuna amesten zuen pirata sindikal bat

Lezo Urreiztieta diseñó una estrategia diferente, ingeniosa, brutal para la independencia vasca, una estrategia que aún está por ensayar.

Mundua gelditu egin da, eta aurrera egin beharrean jo dezagun atzera, bila dezagun etorkizuna memorian. Imajinatzen ez dugun garai batean errealitateari buelta eman zioten pertsonak izan ziren ELA sindikatuan, eta horietako bat da Lezo Urreiztieta Rekalde, 30. hamarkadako Euskal Herriko Korto Maltese.

1907an Santurtzin jaio zen pertsonaia kurioso hau. Ama, Eulalia Rekalde santurtziarra zen Fontuoso baserrikoa, eta aita berriz, Joakin Urreiztieta, itsas langile bezala Santurtzira joan zen Bergarako semea. Joakin abertzale sutsua omen zen, Sabino Arana Goiriren jarraitzaile amorratua eta bere zortzi seme-alabei euskal izenak jarri omen zizkien fideltasun hargatik. Garai hartan horren ohiko ez ziren Joseba, Miren edo Gaizka bezala, Lezo izena jarri zioten seme-alabetan bigarrenari.

Umetatik itsas giroan hezi zen Lezo, ikasketan alfer xamarra eta aitak barkuan eramaten omen zuen hara ona. Itsasontzia izan zen bere eskola eta baita kontrabandorako bere territorio ere, aita eta anaietan zaharrena hilda, familia ateratzeko modu izan baitzen. Gazte zela, Santurtziko EAJ-ko batzarren sartu zen eta baita herriko ELA sindikatuan ere. 1934ko Urriko Iraultzaren giroan, ezkerreko hainbat militante Frantziara eramateko ardura izan zuen Lezok, eta 1936.ko Bilboren defentsarako 60.000 fusil eta 60.000.000 kartutxo ekartzea lortu zuen artean Jaurlaritzarik ere ez zegoen Euskal Herrira. Lezo, 1981ko maiatzaren 9an zendu zen, mila abentura eta proiektu kunplituta.

Ezkutuko pertsonaia handi bat

Lezoren figura historiaren orrietan ez zela agertuko konturatuta, 2018an berari buruzko dokumentala ezin zuen Josu Martinez bilbotarrak. “Jainkoak ez dit barkatzen”. Ikus-entzunezko komunikazioan doktore da Martinez, EHUko Nor Ikerketa taldeko kide, zinemagile, idazle eta hainbat proiektutan parte hartutakoa. Kafekistan saiorako egin genion elkarrizketan bera “titiriteroa” zela esan zigun, “istorioak kontatzea gustatzen zaion titiriteroa”. Lezok Martin Ugalde historialariarekin izan zituen hogeita hamabost orduko elkarrizketak aztertuta osatu zuen dokumentala Martinezek, euren tartean zegoela ia sentitzeraino, eta dutxan ez ezik, beste alde guztietara Lezorekin joanez.

Krutwigek “aberriaren enkarnazio” gisa definitzen zuen, eta Martinezek, definizio bakar bat jartzekotan “utopiaren gudari” izendatzen du Lezo. Akziozko gizona zen santurtziarra, gauzak hitz egitea baino egitea gustatzen zitzaion horietakoa. Kontrabandoan ibili zen, Francoren armada blokeatzeko armak ekarri zituen eta Joxe Antonio Agirre bera ere belaunikatu egin zuen aberriaren alde egingo zuela zin eginaraziz. “Lezok ekarritako armez betetako barkuen zorioneko iritsiera iragartzen didate, eta lagundu egin behar diegula arma horiek edo Lezo gal ez ditzagun, zalantza dudalarik berak ez ote duen armek baino gehiago balio (Bilbon, 1937ko maiatzaren 25ean). Hala idatzi zuen Agirrek bere egunerokoan. Indalezio Prieto orduko PSOEko agintariarekin ere harreman handia zuen Lezok, ETAkoekin ere bai, baina ez zen inoren “gutarra”. Martinezek hori jotzen du Lezo gerora ez ezagutu izanaren arrazoi nagusi. Euskal Herriko familia tradizionaletan ez zen kabitzen, on eta txarren dialektikan beti zebilen orain hemen eta gero han.

Lezo, tartean, ELAko militante izan zen. Santurtziarra izanik itsasgintzako sindikalgintzan aritu zen. 30 eta 40ko hamarkadetan, ELAko itsasontziek boikot handia jasaten zuten UGT eta CNTkoengandik, ELAkoak burgestzat baitzituzten sindikatu estatalek. Lezo marxismoaren kontrakoa zen baina langileen oso aldekoa, eta orduko Bizkaiko Gobernadoreari 48 ordu eman omen zizkion egoera hura konpontzeko. Gobernadoreak konpondu ez eta hamabi mendigoizale metrailez armatuta, Berangoko zineman egiten ari ziren CNTko biltzarrean sartu ziren Lezo eta konpainia. “Hemendik ez da inor irtengo, ELA beste sindikatu bat gehiago dela sinatu ezean”. Lezoren esana bete zuten anarkistek eta ordutik akabo boikota.

1936ko uztailaren 17an bertan, Karmengo jaietan, Manu Robles-Arangiz orduko ELAko presidentearekin aritu omen zen tertulian. Lagun onenentsuenak ziren Manu eta Lezo Josu Martinezen datuen arabera. Manu Madrilen diputatu zen orduan eta Lezok Madrilera ez joateko gomendio eman zion Manuri, susmoa hartua baitzuen aldaketak laister zirela. Esan eta izan. Hurrengo egunean bertan izan zen altxamendu faxista eta Manu Espainiako hiriburuan harrapatu zuen.

Gerraren berotan, Bilboren setioa Lezok ekarritako fusil eta kartutxo andanari esker izan zen, baina hala ere ezin izan zuten Bilboren erorketa ekidin. Handik ihesi, familia Bretainiara bidalita, bera Bartzelonara joan zen lehendakariarekin, Prietorekin eta zenbait gudarirekin batera. Bilbo zen Euskadi askearen gotorleku orduan, eta gerora, Lezo saiatu zen berriz ere Bizkaia itsasotik berreskuratzen. Irlandatik kontraerasoa egitea zen asmoa eta Sin Feinekin osatu zuen plana, baina abertzaleen eta sozialisten ika-mikak medio, ezin burutu.

Bizitzaren bukaeran hasierako helburua

Lezok azken hatsera arte amestu zuen Euskal Herri aske batekin. Mexikora erbestealdian joan zenean ere, ez zuen bere iparra galdu. Frantziaren eta Espainiaren barruan kokatzen zen lurraldea beti menperatua izango zela uste zuen eta bestelako estrategia bat diseinatu zuen, estrategia ingenioso bat, estrategia brutal bat, oraindik ere probatzeko dugun estrategia… Zein izan zen? Ez dizuegu espoilerrik egingo. Nola ba! Argiaren Multimedia kanalean duzue ikusgai Jainkoak ez dit barkatzen dokumentala, eta Manu Robles-Arangiz Fundazioaren web orrian entzungai Josu Martinezi egindako
elkarrizketa.

Itxialdia ez dakigu nola pasako zuen geldirik egoten ez zekien gure piratak. Baina orduan esaten zituenak balio dute gaur ere: egin eta amestu.