PINTURAREN AZPIAN

PORROTX: Jose Mari Agirretxe Lasarte-Orian jaio zen orain dela 54 urte. Guraso euskaldunak ditu, baserritarrak biak. Eskola nazionaletan ikasia, bizitza soziala gaztelaniaz egindakoa da. Gaztea zela, ordea, AEKn izena ematea erabaki zuen; horri esker, euskaraz alfabetatu eta magisteritza ere euskaraz ikasi ahal izan zuen. Bide horretan sakondu nahian Lasarteko euskara taldera batu zen. Egun, Porrotxek 30 urte ditu. Hasiera batean Jose Marik eman zion Porrotxi bere ibilera, bere hizkera, bere inozentzia; baina poliki-poliki, Porrotxek eman zizkion Jose Mariri bere muxuak, bere besarkadak eta bere goxotasuna; gaur egun bat eta bakarra dira.
PIRRITX: Ni Aiora Zulaika naiz, Lasarte-Oriakoa. Gurasoek egin zidaten oparirik politena ikasketak egiteko aukera ematea izan zen. Beti animatu naute maite dudana egitera. Sei urterekin, adibidez, txistua jotzen ikasteko grina piztu zitzaidan. Egia esan, beti izan naiz oso saltseroa herrian, euskararen aldeko ekintzatan murgilduta, umeekin, ikastolaren munduan buru-belarri, gure irla txiki hartan. Arte Ederretan lizentziatua, musika ikasketak egin nituen eta 20 urte daramatzat Pirritxekin. Taldeak erakutsi dit barruan izan dudan haur hori mantentzen, ateratzen, azaleratzen eta emakume askea izaten. Gaur egun, hiru semeren ama naiz eta Haur Hezkuntzako ikaslea naiz. 43 urte ditut nik, 20 urte Pirritxek; guztira, nire 63 urterekin, oso pozik bizi naiz.
MARIMOTOTS: Mertxe Rodriguez naiz, Lasarte-Orian jaioa. Gurasoak Extremaduratik etorri ziren, duela 58 urte. Seme-alaba guztiak hemen jaio ginen. Ikasketak eskola nazionaletan egin nituen, erdaraz. Euskararekin izan nuen lehenengo kontaktua seigarren mailan izan zen; gogoan dut irakasgaietako bat zela, eta ez nuela ezer ulertzen. Antzerki munduan sartu nintzen gero eta hainbat urtez aritu nintzen ikasten. Egun batean zortea izan nuen eta pailazoekin topo egin nuen herrian. Amona Josefinaren papera egitea eskaini zidaten orduan, eta hainbat urte pertsonaia ezberdinak antzezten ibili eta gero, Marimototsen papera ailegatu zen. Institutuan hasi nintzenean, lagun euskaldun batzuk banituen. Gogoan daukat kriston inbidia ematen zidala eurak euskaraz entzuteak; era berean, nik ezin ulertzeak lotsa ematen zidan. Orduan erabaki nuen AEKn izena eman eta euskara ikasten hastea. Ondo akordatzen naiz lehendabiziko aldiz euskaraz amestu nuen egunaz. Ametsa ez dut gogoan, baina bai goizean begiak ireki eta sentitu nuen poz hura. Egun horretatik aurrera buruko minak pasa zitzaizkidan; klik egin zidan buruak, zoriontsu sentitu nintzen, eta hala sentitzen naiz egun ere. Azken finean, gure helburua bizitza honetan zoriontsua izatea da.