“Sobera ditugu politika neoliberalak eta faltan politika industrialak eta gizarte-prestazioak”

Iratxe Mier, Ezkerraldea-Kadaguako arduraduna

Zelakoa da Ezkerraldeko oraingo erradiografia sozio-laborala?
Zainketa Intentsiboen Unitatean gaude. Ezkerraldea-Kadaguan EAEko pobreziaren %25 biltzen da, eta hori ez da gertatu garai jakin batean bakarrik, hori goraka joandako bilakaera baten ondorioa da. Langabezia, bazterketa soziala eta pobrezia ez dira zenbaki hutsalak; enplegu-mailak suntsituz doaz, eta iraun duen enplegua ez da kalitatezkoa, horrek higatu du eskualdea; baina, hala ere, eskualde honek ez du amore eman eta mobilizazio sozial eta sindikalen bidez aurre egiten dio herrialde honetako azken bagoia izateari. Tamalez, herri-erakundeek ez dute erantzun espero litekeen mailan. Enpleguari eta jendeari eusteko aukera dutenetan, kapitalari eusten diote beti.

Langabeziaren datu ofizialak samingarriak dira, %14,89koak, Bizkaiko eskualderik jendeztatuenean, eta zenbait herritan, Sestaon adibidez, %19,28koak (2018ko hirugarren hiruhilekoaren datuak). Enkarterri ere ez dago egoera hobean, langabezia-tasa %14,54koa baita, eta Balmasedan %17,22koa.

Gazteen langabezia %32koa da, eta azken 5 urteetan ia mila gazte kanpora joan dira. Gainera, sortzen den enplegua, prekarioa baino, miseriakoa da; batez ere emakumeena. Astero-astero 9 familia kanporatzen dituzte etxetik. Bestalde, Ezkerraldean 8.000 biztanle baino gehiago bizi dira Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari esker (2019ko martxoko datuak), eta horietatik %70 Estatu Espainolean jaiotakoak dira, erdiak baino gehiago emakumeak (%57), eta laurdenak pentsiodunak (%26).

Egoera horrek ba ote du irtenbiderik?

Bai, benetako politika industrial bat sustatzea. Enpresa bat ixten den bakoitzean eragina, plantillan ez ezik, eskualde osoan sumatzen da (azpikontratetan, enpresa laguntzaileetan, dendetan, ostalaritzan...). Horregatik behin eta berriz esaten dugu Ezkerraldea-Kadaguak ez duela erreskaterik behar, behar duena politika industrialak direla, eskualdeko garapena sustatzearren. Aldiz, eskualdean sustatzen diren politika industrialak industrialdeetan eta merkatalguneetan oinarritzen dira, non prekarietatea zabaltzen den, eta non pertsonen bizimodua ez den hobetzen. Industria-enpresak itxi, eta Amazon irekitzea sustatu; horixe da ondorioa. Orain, Babcock-eko lurretan beste erostetxe amerikar handi bat irekiko dela iragarri dute...

El paro juvenil es del 32%, y en los últimos 5 años casi un millar de jóvenes ha emigrado. Además, el empleo que se crea ya no es empleo precario, es empleo de miseria, y afecta mayoritariamente a las mujeres. Cada semana son desahuciadas de sus viviendas 9 familias.

Euskal erakundeek eta interes pribatuek elkar adituz dihardutela diozu?

Eskualde horretan gertatu den desinbertsioa gidaliburuetan azaltzen dena bezalakoa izan da. Ez da apusturik egin industriaren alde, eta are gutxiago industria berdearen alde. Aplikatzen dituzten politika horiekin, euskal erakundeak interes pribatuen lagunkide bihurtu dira. Euskal erakundeek alde egin zuten eskualdeko ikur-enpresetatik, eta alde egite horrek bidea urratu zion pribatizazioari. Azkenean multinazional handiek erosi dituzte hemengo enpresak, diru-laguntzen eta onura fiskalen arabera mugitzen baitira. Baina multinazional horiek ez diote atxikimendurik gure herriari, eta komeni zaienean aldentzen dira, sakelak beterik eta jendea lanik gabe utzita.

Eta geratu diren enpresek prekarietatearen aukera egiten dute...

Industria-sektorea gutxienezko mailetan geratu da. Funtsean 4 enpresa dira azken aztarnak; eta horiek guztiak ohituta daude langileei xantaia egiten: Petronor, La Naval, ACB eta Bilboko Portua. Eta La Naval esan dut, haren itxieraren aurkako borrokan buru-belarri jarraitzen dugulako. Enpresa horiek guztiek zerbait dute komunean: kontraten bidezko langileak askoz gehiago dira, zuzeneko langileak baino. Eta ez dago ezer gehiagorik, zeren gainerakoak enpresa laguntzaileak dira, aipaturiko nagusi horiei hornigaiak edo zerbitzuak ematen dizkietenak. Eta kontrata horietako askotan estatu-esparruko hitzarmenak aplikatzen dira.

Eskualdeko etorkizuna zerbitzu sektorean egon liteke?

Gure apustua industriaren aldekoa da, zalantzarik gabe. Herri-erakundeek zerbitzu sektorea aurkeztu zuten etorkizuneko apustu gisa. Eskualde hau berez industriala izatetik kontsumismoko parke tematiko izatera eraldatu nahi izan zuten. Ez ziguten galdetu ea merkatalgunerik nahi genuen, ezta haien beharra genuen ere. Baina erostetxe handiak sortzen hasi ziren, non arropa, altzariak, teknologia edo janari merkea saldu behar dituzten, bertako jendeak ezin baitu beste ezer erosi. Kontsumo merkea hutsik dauden sakeletarako. Eta arazorik ez zegoen tokian arazoa sortu ziguten: bertako dendak, ELAren gogoko direnak, hurbilak eta kalitatezkoak, desagertzen ari dira.

Sektore publikoak ere ez du eragin handirik izaten.

Besteak beste, sektore publikoa gero eta prekarizatuago eta azpikontratatuago dagoelako. Kaleko garbikuntza, kirol-kudeaketa, zahar-etxeak... patronalen eskuetan daude dagoeneko, eta patronalek ez dute zerbitzu publikorako deia sentitzen, haiek nahierara dabiltza kontratugileen oniritziaz. Negozio ziurra dute, zero arriskuarekin.

Erakundeek ez dute benetako oposiziorik egiten, udalek uste dute nahikoa dela egun batez pankarta baten atzean jartzearekin... Horrek aditzera ematen digu aspaldian galdu zutela kontaktua errealitatearekin.

Testuinguru zail horretan zer ari da egiten ELA?

Eskualde honetako egoera latza erakusten saiatzen gara; eta alternatibak ere proposatzen ditugu. Eta eguneroko lanari esker jendeak badaki gure sindikatuak ez duela ezer galdutzat jotzen. Eta borroka horretan ari gara. Garai batean UGT izan zen eskualde honetako jaun eta jabe, baina badira urteak gu lehen sindikatu bilakatu ginela, eta hori ez da txiripaz gertatzen.