Bidea erakutsi digun kazetaria

Mirentxu Purroy bost alabako familia baten baitan jaio zen frankismoaren urteetako Iruña ilun eta goibel hartan, Francori hain leial iraun zuen eta hain zapaldua izan zen Nafarroa hartan. Familia euskaltzalea zen, eta horregatik ume-umetatik ikasi zuen zer den errepresioaren beldurrez bizi izatea. Donostiako seroren ikastetxe batean ikasi zuen barnetegi moduan, gero kazetaritza egin Iruñako Opusen unibertsitatean 60ko hamarkadan; bere orduko ikaskide batek —gero idazleak— “ye-ye” urteak deituriko hamarkadan. Baina ez, “ordukoa izugarria izan zen” azpimarratu digu Mirentxuk.

Alderdi askotariko kazetaria dugu, “Punto y Hora” aldizkari mitiko hartako lehen zuzendaria izan zen (1976ko apirila), eta horretan jardun zuen, harik eta 1980an Egin zuzentzea proposatu zioten arte. “Idatzi dezakezu, baita ere, behin Anasagastik Deia zuzentzea proposatu zidala” gehitu du maltzurkeriaz. Urte gogorrak izan ziren haiek, mehatxuak etengabeak ziren —eskuinmuturrekoek bonba-autoa eta guzti jarri zioten behin—, eta tentsio politikoak jasanezinak. Hori dela-eta, erbestera joan zen ihesi aldi baterako. Zinemagintzan ere aritu zen, eta “Denboraren gibelean” luzemetraia (1993) egin zuen, besteak beste. Dena dela, bere alderdirik ezagunena ETB2-ko “Mundo Hoy” saioaren aurkezlearena izan da, non 2008ra arte lan egin duen.

Mirentxu Purroyrekin solasean aritzea ustekabez ustekabe ibiltzea da, elkarrizketaren hariak harrapatua, hainbestekoa den bere iritzien zolitasuna eta darion eskuzabaltasuna. Gainera, jakin-min fina du unean uneko albisteak, eta ezkutuan dakartena, arakatzeko. Gaur egun nolabaiteko kazetaritza askea baldin badugu, Mirentxu Purroy bezalako pertsonei eskertu behar diegu, inolako zalantzarik gabe. Bere bizia arriskatu zuen, hotsandirik gabe, dramarik gabe, baina beti amiltzeko zorian. Apaltasunez, baina tinko eutsiz.

Asko zor diogu.