Denok entzuten dugun ahotsa

Francok gerra zibila irabazi zuen urte berean jaio zen Mariano Ferrer Donostia menperatu hartan. Nork esango zukeen orduan hainbat euskaldunen belaunaldiak gidatuko lituzkeela frankismoaren azken urteetan?

Jesuitetan ikasi ondoren, Estatu Batuetara joan zen, Siracusako unibertsitatera, eta gero hona itzulita, 1971ean, mikroa hartu zuen Donostiako Herri Irratian, gogotik hartu ere, ez baitzuen utziko erretiratu arte, 2004an.

Bere ahotsak oihartzuna egiten du memoria kolektiboan, batez ere Gipuzkoan; eta oraindik ere erreferente politiko eta etikoa da. Berarengana jo dezakegu errealitatea lardaskatzen denean, eta argibide bila gabiltzanean.

Kazetari lokabea izan denez, adiskide gutxi egin du politikaren munduan (“Hobe horrela —dio berak—, ez da komeni konfiantza handiegirik ematea; bestela manipulatuko zaituzte ezinbestean”). Azken urteetan “18/98+ Sumarioaren aurkako Plataforma”ko eleduna izan da, eta orain Euskaraldia ekimenean murgildu da “belarriprest” moduan.

Mariano Ferreri entzun behar zaio, baina batik bat galdetu behar zaio —eta aukera gutxi dago, oraingo elkarrizketa hau salbuespena izan da—, ez baititu saihesten erantzunak.

Buruargia, ikasia eta adeitsua. Hark berak dioenez: “Aspaldian baztertu nuen inor iritziz aldarazteko helburua, eta orain askoz lasaiago bizi naiz”; eta hala ematen du, gizon lasaia.

Dena dela, helburu hori eduki gabe ere, edonor konbentzitzen du.