Gerra hotsak eta gerraren kontrako ahotsak

Erreportajea TESTUA: GORKA QUEVEDO
Honako irudi hau adimen artifizialak sortu du. Hala ere, mundu zabalean makina bat lekutan ikusi litezke horrelakoak. Gerra hotsek gero eta oihartzun handiagoa dute. Zorionez, gerraren kontrako ahotsak ere egon badaude. Horietako bi ekarri nahi izan ditugu gurera.

Stockholmeko (Suedia) Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuak (SIPRI) 1988. urtean kaleratu zuen mundu osoko gastu militarraren inguruko lehen txostena. Azken 35 urteetan armetan zenbat gastatzen den neurtu dute urtez urte erakunde horretako adituek. Salbuespena, 1991. urtea. Urte hartan Sobietar Errepublika Sozialistan Batasuna desegin zen, eta SIPRIko kideek ezin izan zuten kalkulu zehatza egin.

Apirilean 2023. urteari dagokion txostena argitaratu dute, eta ondorioa ezin kezkagarriagoa da: inoiz ez da horrenbeste diru gastatu armetan. Guztira 2.443.000 milioi dolar gastatu ziren iaz, 2022an baina %6,8 gehiago. Noski, herrialde guztiek ez dute erantzukizun bera. Ameriketako Estatu Batuak da, alde handiz, armak erostera diru gehien bideratzen duen herrialdea. Munduan armetan gastatzen diren 100 eurotatik 37 Ameriketako Estatu Batuek gastatzen dute (2023an, 916.000 milioi euro). Zerrenda horretan bigarrena Txina litzateke. Hala ere, gai honetan Beijing urrun dago Washingtonetik, oso urrun. (296.000 milioi dolar, herena baina gutxiago).

Gerra hotsak Europan

“Gerrarako prestatu beharra daukagu”. “Ezinbestekoa da diru gehiago gastatzea armetan”. “Europan gerra ez da iraganeko kontua”. “Beharrezkoa den guztia egingo dugu Errusiak gerra irabazi ez dezan”. Gisa honetako mezuak aldiro-aldiro entzuten ditugu Europar Batasuneko agintari gorenen ahotan. SIPRIk apirilean argitaratutako txostena erreparatuta, argi dago Europa gerra ekonomia bete betean dagoela. Europar Batasuneko herrialde guztien gastua batuko bagenu, hura litzateke munduan armetan gehien gastatzen duen bigarren herrialdea, soilik Ameriketako Estatu Batuen atzetik. Bestela esanda, NATO osatzen duten herrialdeek munduan armetan gastatzen den erdia baina gehiagoren erantzule dira, %55a, hain zuzen.

Abagune honetan, Europar Batzordeak berriki Defentsako lehen Estrategia Industriala eta Europaren prestakuntza eta segurtasuna hobetzeko defentsa-industriaren programa berria aurkeztu du. Bertan, 2025-2027 epealdian Europar Batasunaren aurrekontutik 1,500 milioi euro mobilizatuko dira. Programa honek bultzada handia emango dio Europako industria militarrari.

“Estatuak indar militarra lehenesten ari dira, baina ekintza-erreakzio espiral batera arriskatzen dira, egoera geopolitiko eta segurtasun gero eta aldakorrago batean”. Hala ondorioztatzen du SIPRIk bere azken txostenean. Gerra hotsak gero eta ozenago entzuten dira gurean. Gerraren eta gastu militarraren aurkako ahotsen txanda da, galbidera garamatzan lasterketa zoro hau geratu nahi badugu, behinik behin.