Greba kutxarik gabe, sindikaturik ez

Kultura Iván Giménez
Kutxa ala sindikatua, zer zen lehenago?

Azken hilabetetako albisteak ikusita, edonork pentsa dezake ELA sindikatuak greba-kutxa asmatu zuela orain dela 40 bat urte, ezerezetik, ikerketa eta berrikuntza kontzeptua sindikalgintzara ekarriz. Ba, ez. greba-kutxa ez da ELAren asmakizun bat, eta ELAren erresistentzi-kutxa ez zen 1978an sortu, baizik eta askoz lehenago.

- “Langilea, bakarrik, ez da ezer, baina batzen bagara indarra izango dugu. Gatazka modu txarrean bukatuko da; grebara joan beharko dugu, eta horretarako diru-funtsa sortu behar da. Une batean, greba-kutxa bihurtuko da. Zenbat eta diru gehiago bildu, orduan eta denbora luzeagoz eutsiko diogu grebari”.

Hau ez da aurtengo elkarrizketa, adibidez Bizkaiko Erresidentzien langile batek esana... Baina, segi dezagun irakurtzen...

- “Kuotak biltzea zailena da: urtean 50 zentimo funts orokorrerako, eta bi libera atal sindikalerako... Gehiegi da, inork ez du ordaindu nahi izan-go”.

Zentimo? Libera? Zer da hau? Itxoin, itxoin...

- Mundu berri bat sortu behar da, justuagoa, gure lege propioak indarrean jartzeko.

Nondik atera da esaldi borobil hau? Germinal pelikula ikusteko aukera badaukazue, bertan entzungo duzue, greba bat hasi baino lehenago. Filma 1993koa bada ere, Emile Zolaren eleberri batean oinarrituta dago, eta istorioa  kokatzen da 1864 eta 1884 urte artean, hain justu, Frantziako sindikatuak legeztatu baino aurreko greba handietan. Hau da, erresistentzi-kutxaren sorrerak gutxienez 150 urte dauzka, eta munduko literaturaren klasiko batean langileentzat ezinbesteko tresna bezala aldarrikatzen da.

Are gehiago, sindikatuak sortzeko –edo legeztatzeko– grebetan erresistentzi-kutxa erabili baldin bazen, horrek frogatzen du kutxa sindikatua baino zaharragoa dela. Hau da, kutxarik gabe, sindikaturik ez. Non geundeke gu?

ELAk nahiko goiz ikasi zuen horren garrantzia. Bigarren Errepublikaren garaian ELAren hainbat atal sindikalek erresistentzi-kutxaren araudia zeukatela dokumentatuta dago. Adibidez, Zubiriko solidarioak: sindikatzeko kuota hileko  2,50 pezetakoa zen, eta kopuru horre- tako pezeta bat erresistentzi-kutxara bideratzen zen –gaixoek eta langabetuek ez zuten ordaindu behar–. Greba baten laugarren egunetik aurrera, larunbatero 4 pezeta kobratzen zuten.  Guardia Zibilak atxilotu zituenentzako laguntza ere bazegoen.

Jakina denez, sindikalismo histo- rikoaren irakaspenak barneratuz, 1978an ELAk gaur ezagutzen dugun erresitentzi-kutxaren sorrera erabaki zuen, eta afi liatu bakoitzak bere kuotaren %25 funts horretara bideratzen hasi zen.

Gaur arte. Edo hobeto esanda, Germinal eleberrian aldarrikatzen zen bezala: “Mundu berri eta justuago bat lortu arte”.