Gürtel auziaren esanahia

Alderdi Popularrak Espainiako Gobernua utzi behar izan du Pedro Sánchez sozialistak aurkeztutako zentsura mozio baten ondorioz. Egun batzuk beranduago Mariano Rajoyk jakinarazi du alderdi horren zuzendaritza utziko duela “aro berri bati” aukera emateko. Hauexek dira Gürtel auziaren inguruko sententziaren lehenengo ondorio politiko nabarmenak. Epai hau datozen hilabeteetan bilduko den sorta luzearen lehenengo ebazpen judiziala da –25etik gora sumario daude irekita–. Hurrengoak Barcenasen paperen eta ordenagailuaren ingurukoak izango dira. Espainiako gobernuan sei urtez jarraian aritu den alderdi politikoaren kalbarioa hasi besterik ez da egin, eta alderdiaren etorkizuna bera dago kolokan ziurgabetasunak margotutako paisaia politiko berri honetan, are gehiago kontuan izanik PP bera izan dela kondenatua. Epai honek, diotenez, are gogorragoak izan daitezkeen beste batzuren atea ireki besterik ez baitu egin.

Bakar batzuen aberaste ilegitimotik haratago, Gürtelen gaineko sententziak korrupzioaren sakoneko mekanismoaren nondik norakoak agerian utzi ditu: korporazio pribatuek gobernuan dauden alderdi politikoak finantzatzen dituzte, gobernuek dituzten eskuduntza guztiak enpresa horiek diru publikoz gizentzeko erabil ditzaten (erosketak, lehiaketa publikoak, esleipenak etab.). Krisi garaian aprobatutako erreforma nagusiak ere (laboralak, pentsioenak edota negoziazio kolektiboarena) korporazio horien mesederako egin direnez, salbuespenik gabe, sistema demokratikoaren gaineko erabateko mesfidantza zabaldu da urteotan. Erabakitako lege eta dekretu asko eta askoren legitimitate etiko eta politikoa baita zalantzan dagoena.

Finean, demokrazia bera da jokoan dagoena. Teoria politikoan, demokrazia (demos=herria) oligarkiaren (oligos=batzuk) aurkako sistema politiko eta gobernu mota da. Demokrazia indarrean egoteak esan nahi du ez dela inposatuko gutxi batzuren indarra (biolentzian edota diruan oinarritzen den gutxi batzuren indarra alegia). Gürtel auziak, ordea, demostratu du bestelako gobernu mota eta oligokrazia bat dagoela indarrean, plutokrazia bat modu zuzenagoan esateko, aberatsen gobernua alegia.

Nekez uler daiteke 2011tik 2013ra gertatu zen eskubide sozialen gainbehera ez badugu kontuan hartzen Gürteleko epai honek marraztu duen fenomeno hau. Hamazortzi hilabete nahikoak izan ziren hainbat hamarkadatan pilatutako eskubideak bertan behera uzteko. Shock doktrinarik gogorrenari helduta, korporazioek krisi garaia baliatu zuten inposatu nahi zuten ordena berriaren arauak indarrean jartzeko, hainbat eragile politikoren (eta sindikalen) beharrezko laguntzaz gainera. Badago zeri heldu demokrazia berreskuratu nahi izanez gero.