Hauteskunde sindikalak: eguneroko demokrazia

Aldizkari honen izenean, ALDAn, Lana eta Demokrazia daude, portadan azaltzen den bezala. Zein da lana eta demokrazia batzen duen prozesua? Ez da oso urrunera joan behar: hauteskunde sindikalak.

Hala ere, hauteskunde sindikalak oso modu ‘underground’ (nolabait esatearren) garatzen dira, komunikabideen tituluak okupatu gabe, lagunen edo auzokideen arteko elkarrizketetan agertu gabe... Oharkabean pasatzen dira, salbuespen batekin: lau urteroko epe trinkoa, orain datorrena. Komunikabideek sindikatuen ordezkaritzaren datuak azaleratzen dituzte, epe horren ondoko emaitzak eman arte. Eta kitto.

Hauteskunde sindikalek ez dute arreta orokorrik erakartzen, eta horretarako interesak badaude. Zenbat eta ordezkari gehiago enpresetan, orduan eta lan baldintzen aldarrikapenak ozenago entzuten dira. Enpresei eta gobernuei interesatzen ez zaien eskenatokia. Dena den, ez dugu ahaztu behar Hego Euskal Herrian 23.501 delegatu sindikalak daudela, demokratikoki hautatuak. Horrek badu bere bailoa, kontuan hartuta 4.637 zinegotzi daudela, adibidez. Zinegotziei, nork kenduko lieke euren balio demokratikoa? Inork ez. Alta, delegatu sindikalei horixe bera gertatzen zaie. Egunero.

Adibidez, Eusko Jaurlaritzak gutxiengo akordioaren aldeko apustua egin zuenean (2016ko irailean); arau demokratikoaren aurkako eraso zuzena abian jarri zuen, hauteskunde sindikalen emaitzak errespetatu gabe. Hori bezain larria izan zen 2014ko Confebaskeko saiakera: bere gustoko ez diren sindikatuak legez kanpo uzteko proposamena (Madrilera iritsi zena): ba al da langileen aurkako eraso bortitzagorik? Edo orain dela gutxi gertatutakoa: Eusko Jaurlaritzaren Elkarrizketa Soziala arautzeko dekretu- proiektua, sindikatu bakoitzaren ordezkaritza eta pisua ezerezean uzteko proposamena.

Soziologia eta zientzia politikoetan, gobernu baten autoritarismoa frogatzeko lau baldintzak bete behar dira: arau demokratikoei uko egitea (2016an gertatutakoa); arerioei zilegitasuna ukatzea (elkarrizketa sozialaren dekretua); askatasun zibilak murrizteko joera (2014ko legez kanpo uzteko saiakera); eta biolentziaren tolerantzia edo erabilera (ikusiko ez duguna, espero dugu). Hau da, lau horietatik -Eusko Jaurlaritzak bultzatu edo onartuta-, hiru pairatu ditugu ELA sindikatuan.

Honen aurrean, zein da langileen defentsa? Zilegitasun demokratikoa indartzea, zenbat garen erakustea, eta gure indarra eta autonomia noraino irits daitezkeen agerian uztea. Bi hitzetan: Hauteskunde sindikalak. Beste bi: Eguneroko demokrazia.