"Konfinamenduan gehiago idealizatu dut naturak pertsonengan duen eragina"

Nola gogoratzen dituzu itxialdiaren lehen egunak?

Fikzioaren eta shockaren artean. Ikustea dena gelditzen eta nola handitzen doan sorpresaz harrapatu gaituen zerbait... sinesgaitza egiten zitzaidan! Gehitu, nola amaituko den ez dakigun zerbaiten menpe egotearen kezka. Hori arlo pertsonalari dagokionez. Gero, erakundeari dagokionez, parean geneukan erronka eta krisiari heltzeko arduraz. Lehen egunak hori izan ziren, momentuak eskatzen zituen aldaketak egiten oso zentratuak gogoratzen ditut.

Asteotan irakurri duzun libururen bat.

Eduki ideologikoagoak eta saiakerak dituztenen arteko oreka lortzen saiatzen naiz batetik, eta plazerarekin edo aisiarekin zerikusia dutena, erlaxatzeko balio didatenak bilatzen ditut bestetik. Musikarekin lotutako bi liburu nituen irakurtzeko eta horiekin aritu naiz: La Confesión radical, Hertzainak taldeari buruzkoa, eta Flores en la basura, Roberto "Zarama" Mosorena. Josep Fontanaren Por el bien del imperio ere irakurri dut. Deigarria egin zait Bigarren Mundu Gerraren osteko politikaren formarik sozialenak nola galtzen duen indarra denbora gutxian neoliberalismo bihurtzeraino.

Serie edo film bat.

Chernobyl ikusi dut. Filmin asko ikusten dut. Europako zinema dago, dokumental gehiago, Ken Loachen bilduma osoa...

Zer egingo duzu oporretan?

Mendira joango naiz. Konfinamenduan gogorra da familiarekin eta lagunekin ez egotea. Baina oraindik gehiago idealizatu dut naturaren kontaktuak pertsonengan duen eragina.

Orain gutxi gertatu zaizun ezusteko positiboren bat.

Koadrilako txatean eztabaida izan genuen, arratsaldeko 8etako txaloen inguruan. Batzuek zioten hipokrita zela, eta zama ideologikoa kentzen ziola gertatzen ari zenari. Beste batzuek, aldiz, esaten genuen behingoz ematen zela guk defendatzen dugunaren aitortza. Auzoetan eta komunitateetan eratu diren sareak ederrak izan dira.

Egin zaizun gogorrena?

Heriotzen kurba ikustea. Grabatuta daukat funtsezkoak ez diren sektoreak geldiaraztea erabaki zenean. Teleberrin patronalaren bozeramailearekin hasi zuten egun horretan, eta haren jarrerari kontrapisurik ez zitzaion egin. Oso gogorra izan zen hedabide publikoek langile askoren egoera eta beldura ez islatzea.