Herri bat Parisek banandua

Iritzia Iurre Bidegain, Luzaideko kazetaria

Ustekabean harrapatu gintuen Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko pasabideen itxierak. “Eric Spitz prefetak Espainiako mugan zortzi pasabide hetsiko ditu”, zioen urtarrilaren 12an bidalitako oharrak. “Terrorismoaren kontrako borroka” dela eta, neurria bi egun beranduago indarrean sartu zen eta hilabete eta erdi beranduago oraindik indarrean dago Euskal Herrian gaindi askatasun osoz mugitzeko ohitura dugun biztanleen egunerokotasunean gogor eraginez.

Batzuentzat “muga” den hori, niretzat, eta askorentzat, naturaltasun osoz zeharkatzen dugun pasabide bat baizik ez da. Sara edo Urepeleko herritarrek harreman estua dute Nafarroarekin. Erabakiaren berri postaz izan ondotik herritarren ordezkariak diren auzapezek ez zuten haien haserrea eta harridura gorde pasabide horietan harresiak eraikitzeak haien mugikortasuna kaltetu eta ohiturak aldatu duelako. Xole Aire Urepeleko alkateak zioen bezala, erosketak Iruñean egiteko ohitura dute biztanle batzuek. Battitta Laborde Sarako auzapezak Berako herritar asko Saratarrekin ezkonduak direla eta bi herrien artean ibiltzeko ohitura dutela zioen. Orain, ezin. Luzaiden lan egin eta Baztangoak diren batzuk Izpegitik pasa beharrean, prefekturak harturiko erabakiaren eraginez, Ainhoatik pasatzea behartuak dira, hogei kilometro gehituz haien eguneroko ibilbideari.

AITZAKIRIK AITZAKI

Terrorismoaren kontrako borroka aitzakiatzat hartuz, Ipar Euskal Herrian gaindi indar poliziaren presentzia biderkatu besterik ez du egin Gobernu frantsesak. Emmanuel Macron frantziar Estatuko presidenteak jada iragarri zuen azaroan mugetan kontrolak indartzeko asmoa eta hilabete batzuk beranduago polizia edo militarren presentzia nabarmen handitu da Ipar Euskal Herriko karriketan. 1.500 biztanle inguru dituen Baigorriko herrian, 72 militar eta dozena bat polizia instalatu ziren urte hasieran. Horien misioa pasabideak kontrolatzea zela azaldu zioten Jean-Michel Coscarat auzapezari. Geroztik, ohikoa bilakatu da militarrak mendian edo herrian bertan ikustea. Ez bakarrik Baxe Nafarroan, Hendaia edo Donibane Lohizuneko karriketan ere desfilatzen ikusi ditugulako.

Presentzia horrek gizartearen baitan giro sekuritarioa areagotu baizik ez du egin.

 

“La lucha contra el terrorismo era el argumento utilizado inicialmente para bloquear las fronteras. Posteriormente, el Prefecto también sacó a la luz la migración masiva. ¿Cuánto tiempo más tendremos que esperar para recuperar nuestra normalidad?”

 

Hetsi dituzten pasabideez gain, gutxi batzuk irekiak atxiki dituzte, baina kontrolak azkar indartuz. Luzaidarra naiz. Luzaidekoek ere harreman estua dugu Arnegi edo Donibane Garaziko herriekin. Eskolara joateko, erosketak egiteko, familia edo lagunak bisitatzeko nazioartekoa dioten zubi hori zeharkatzeko ohitura dugu. Egun bat bai eta biharamunean, ere. Orain, etxera joatekotan, mugan zer topatuko dudan nahi gabe datorkit burura. Etxera joatean norberak bere burua justifikatu behar izatea, pentsaezina da askorentzat eta errealitate bat beste batzuentzat.

Hasieran terrorismoaren kontrako borroka zen mugak hesteko erabilitako argudioa. Gerora, migrazio masiboa ere argitara atera zuen Spitz Prefeta. Informazio nahaskorrak, herritarren bizia nahasten eta hobeto esanda eraldatzen dutenak. “Espainiara heldutako milaka migratzaileek eta Afrika zein Ekialde Hurbileko gerlek eta tentsioek epe laburrera ez dute baimenduko pasabideen idekiera iragartzen”, zioen. Epe laburrera. Zer erran nahi du horrek? Zenbat denbora gehiago itxoin beharko dugu gure normaltasuna berreskuratzeko? Larrungo menditik gaindi militar bat ez gurutzatzeko. Hendaiako Santiago zubian karpa hori gehiago ez ikusteko. Edo etxera itzultzean non lan egiten duzun eta bizi zaren justifikatzeko.

MUGA ARTIFIZIALAK DESEGIN

Terrorismoa eta migrazio masiboaren kontrako borrokaz gain, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko ere mugetan etengabeko kontrolak instalatu dituzte. Horrek ere, beste behin gure mugikortasuna zapaldu besterik ez du egin. Hendaian bizi den batek Parisera joateko eskubidea duelako, baina ez ordea Iruñera. Etorkinen jarioa ere kaltetu du. Bizi hobeago baten bila joateko ametsaren parean hesi bat jarri dietelako. Bat gehiago.

Mugen itxieraren gaia hedabideetan alde batera geratu den arren, biztanleriak ez du ahazten eta hasieratik egin bezala erabakiaren kontrako mobilizazioak astebururo errepikatzen dira han eta hemen. Beharrezkoak diren mobilizazioak dira mugitzeko eskubidearen urraketa normaltasun batean ez erortzeko.

Argi eta garbi, Parisko bulegoetatik erabakiak hartzen dituzten horientzat muga artifizialak direnak desegin behar dira. Gure eta ez haien errealitatea kontuan hartua izan dadin eta nazio gisa bizi izan gaitezen baliabideak indartu behar dira. Euskal Herrian askatasun eta naturaltasun osoz mugitzeko eskubidea aldarrikatzeko beharra inoiz baino garrantzitsuagoa da.

 

Con la excusa de la lucha contra el terrorismo, el Gobierno francés no ha hecho más que multiplicar la presencia de fuerzas policiales en Iparralde. El presidente del Estado francés, Emmanuel Macron, ya anunció en noviembre su intención de reforzar los controles en las fronteras, y meses más tarde la presencia policial o militar ha aumentado considerablemente en las calles de Iparralde. En Baigorri - 1.500 habitantes- se instalaron 72 militares y una docena de policías a principios de año. Explicaron que su misión era controlar los pasos. Desde entonces, se ha convertido en habitual ver militares en la montaña o en el propio pueblo. Esta presencia no ha hecho sino aumentar el ambiente de inseguridad en la zona.