Herriaren bufoia
ALDArekin egotea proposatu genionean bere inguruko batek esan zigun: “Baietz esango du, lasai, ez daki ezetzik esaten”. Madrilgo Lavapies auzoan duen Patikanoan egin genuen hitzordua, gomazko ahatetxoak gurtzeko sortu zuen tenpluan. Eguerdiko meza amaitu berri du, tenplua hustu da eta bost minutu itxaroteko esan digu, apaiz arropa erantzi eta txandala janzteko. Elkar ezagutu berri dugu, baina berdin dio. Betiko lagunak bagina mintzo da gurekin, sindikalismoa, zirkua eta klase borroka lotuz.
Zazpi urte zituela debutatu zuen zirkuan. Egun 72 urte ditu, eta indar eta ilusioz beteta jarraitzen du. Yo, Mussolini eta 70 años. Best of Bassi ikuskizunek antzokiak betetzen jarraitzen dute. Horiek dira bere azken lanak. “Gazte nintzela ez zegoen nire planen artean 70 urte betetzera heltzea. Behin helduta, ospatu beharra dago”. Igandeak, noski, meza egunak dira Patikanoan.
Zazpi hamarkada pasatxo boteretsuen eta injustizien aurkako borrokan. Bidean, denetik bizi izan du: bonba bat jarri diote, jipoitu egin dute, zentsuratu dute, hamaika heriotza mehatxu jaso ditu, eskuin eskuko hatz bat txikitu diote… Hala ere, beti jarraitu du uste zuena esaten. “Hau guztia egin badidate zerbait ondo egin dudalako izango da, faxistei barrenak nahastu dizkiedala”.
Askotan egon da Euskal Herrian, eta oso gustura datorrela aitortu du. “Igartzen da zuek ere baduzuela borrokarako grina, eta horrek eroso sentiarazten nau”. Etorkizunean ere argi du borrokan jarraituko duela, berak duen arma garaiezinarekin: umorea. “Faxisten kontra borrokatzen jarraituko dut, eta horretarako umorea erabiliko dut beti”.
Konturatu orduko agur esateko ordua heldu da. Goiz atsegina igaro dugu Patikanoan. Gogotik egin dugu barre. Iraultza (ere) umoretik egin daitekeelako.