“Hogeitik gora eskoletan egin dut lan”

“He trabajado en más de 20 escuelas. En muchas, con contratos de días e incluso horas”

Laudion sortua Bilbon bizi da azken urteetan Janire Rodríguez. Haur Hezkuntza eta Psikopedagogiako ikasketak amaitu ostean hezkuntza publikoko zerrendetan izena eman zuen. Lanerako deitu ez zutenez hezkuntza pribatuan saiatu zen. “Lau urtez Arabako eta Bizkaiko ikastetxe pribatuetan egon nintzen lanean, hara eta ona. Denbora gutxi egon nintzen urte horietan langabezian”.

Duela bost urte deitu zuten lehenengoz hezkuntza publikoko zerrendetatik, beti ere unean uneko ordezkapenak egiteko. Gaztea izan arren, 30 urte ditu, kontua galdu du zenbat eskoletan lanean aritu den galdetzen badiozu. “Puf, asko. Hogeitik gora seguru, 23 edo 24 izango dira. Haur Hezkuntza eta Psikopedagogia ikasketak ditudanez bi zerrendetan nengoen, eta bietatik deitu ahal zidaten”.

Lau urte horietan inoiz gutxi izan zuen lanaldi osoko kontraturik. “Oso bizimodu gogorra da, beti mugikorraren zain egon behar duzulako. Adibidez, igerilekura bazoaz denbora guztian ‘deituko ote naute?’ zaude pentsatzen. Estaldurarik gabeko toki batean bazaude ez zaude lasai, beti telefono dei baten zain zaudelako”.

“Gainera beti batetik bestera ibiltzea oso gogorra da. Are eta gehiago horren denbora gutxiko ordezkapenak egiten dituzunean. Bizkaiko eta Arabako hogeitik gora eskola ezagutzen ditut. Eskola batera lehen aldiz zoazenean eskola topatu behar duzu, eta lehen egunean dena da arrotza zuretzako. Haurrak, lankideak, ingurua... Eta egun gutxiko ordezkapenak direnez apurtxo bat kokatzen zarenerako agur esan beharra daukazu”.

Janire Rodríguez 2017an izandako Lan Eskaintza Publikora aurkeztu zen. Azterketa gainditu eta iaztik plaza dauka. “Bai, orain plaza daukat, baina jendeak uste dezakeenaren kontra horrek ez du esan nahi egonkortasuna dudanik. Ez dut plaza finkorik, oraingoz behin-behineko egoeran nago. Urte osorako kontratua izan dut, baina datorren urtean ez dakit non egongo naizen. Badira plaza finkorik gabe behin-behineko egoeran urteak igarotzen dituztenak. Eta ez da erraza ulertzen, hezkuntza publikoan beharrak egon badaudelako”.