Inposaketaren aurrean, Guggenheim Urdaibai Stop!
![](https://www.ela.eus/alda/inposaketaren-aurrean-guggenheim-urdaibai-stop/@@images/d9d7e3a0-c32b-4425-a0e9-77b7feb838fb.jpeg)
Kalte horiek dimentsio askotakoak izango dira. Bistakoak dira ekologikoak, estuarioaren kontserbazio-egoera berez ez baita ona, eta erabilera turistikoa ematea da ideia petralena. Baina ez dira bakarrak izango, egungo testuinguruan proposatzen den eredu sozioekonomikoak, erabilitako gobernantza ereduak eta normatibaren urraketak kalte neurtezinak ekarriko dituzte ere.
Haien helburua argia da: Guggenheim Museoaren bi egoitza eraikitzea, Gernikan eta Muruetan, Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean eta biak bidexka ‘jasangarri eta ekologiko’ baten bitartez lotzea. Modu honetan azpian itotzen uztea nahi dute ere eskualdeko benetako arazoak, hala nola, krisialdi sozioekonomikoa, agorraldiko ur eskasia, saneamendu amaitu gabea, arrantzale eta nekazarien egoera, garraio publiko sare murritza, lehen mailako osasun-arreta ahuldua, anbulatorio funtzioak egiten dituen ospitalea edota egoera penagarrian dauden mendiak basogintza bortitzaren eraginez. Are gehiago, gehiegizko turista-kontzentrazioa zenbait gunetan edo pertsonen gehiegizko presentzia estuarioan egungo errealitatea da, eta beraz ez dugu uste planteamendua egokia denik. Akaso Gaztelugatxek duen saturazioa eskualde guztira zabaldu gura dugu? Eta gehiago, klima larrialdia, uholde arriskua, biodibertsitatearen galera, migrazio krisia bezalako terminoak geroz eta ezagunagoak zaizkigun garaiotarako ez da planteamendu egokia. Akaso babesteko existitzen diren izendapen politiko-administratibo gehienak dituen lurraldea zapaldu gura dugu?
Orain baino lehen, Bizkaiko Foru Aldundia saiatu da estuarioa hormigoiz betetzen, gutxienez bitan. Bata 1968an eta bigarrena 2007an. Bietan egitasmoak bertan behera geratu ziren, lehenengoan inguruaren balioaz jabetuta, eta bigarrenean Ricardo Bastidak diseinatutako eraikinak Eusko Jaurlaritza berak monumentu-multzoa izendatu zuelako. Egiari zor, 1968koan Zain Dezagun Busturialdeak lortu zuen egitasmoa geldi araztea. Haiek bultzatuta, inguruaren benetako balioa zein zen jakiteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak azterketa ekologiko sakon bat eskatu zion Aranzadi Zientzia Elkarteari, eta, agian lehen aldiz (1980), paperean idatzita geratu ziren eskualdearen balio ekologiko, kultural, etnografiko eta historikoak. Hori ikusita, lau urte beranduago, Eusko Jaurlaritzak eskaera luzatu zion UNESCOri Okako arro hidrografiko osoa bere Man&Biosphere programan sar zezan. 1984ko abenduaren 6an, Nazioarteko Biosfera Erreserba izendatu zuten Urdaibai. Bost urte geroago, Eusko Jaurlaritzak aho batez –aho batez!– aitortu zion balioa, Erreserbaren Babes eta Antolamenduari buruzko Legea onartu zuenean. Horren ondotik etorri dira izendapen gehiago, adibidez, Hegaztientzat Babes Bereziko Eremu izendapena; nazioarteko hezegune garrantzitsu gisa aitortzen duen RAMSAR; Natura 2000 sareko Babes Bereziko Eremua baita. Izendapen bera dute arroko ibai-sarea osoak bai eta estuarioaren bi aldetan dauden artadiak, eta zonalde nukleo deitzen zaio inguru horri. Aurrerago helduko diogu honi, ostera ere. Baina, lehenik, zera argitu behar da: izendapenak bai, baina zertarako?
Astakeria hau alboratu behar da
Izendapen horiek, teorian, eremu fisikoa eta biziduna babesten dute. Biosfera Erreserbak dira definizioz, jasangarritasunean esperimentatzeko laborategi naturalak, gobernantza-eredu berriak esploratzekoak, arazo lokalei irtenbideak bilatzekoak, beste tokietara esportatzeko moduko esperientzien erreferentzia. Natura 2000ak, bestalde, helburu beharko luke habitatak eta espezieak kontserbazio-egoera onean mantentzea eta degradatuta dagoena errestauratzea. Hau da, ez zaio izendapenik ematen balio apartarik ez duenari, eta balio aparta mantentzea du helburu. Orain bai, hel diezaiogun zonalde nukleoa deitzen den horri.
Biosfera Erreserba guztiak zonaldeka daude katalogatuta. Zonalde nukleoa da, hain zuzen, natura-balio aipagarrienak biltzen dituen eremua, eta, ondorioz, kontserbazioak indar berezia duen gunea da. Zonalde tapoi deritzonean, aldiz, giza-jarduerak onartzen dira, baldin eta naturaren kontserbazioarekin bateragarriak badira; eta trantsizio-zona-tan, gainontzeko erabilerak, jarduera industriala eta urbanoa kasu. Bada, eraiki berri bi horiek jartzeko toki aproposena zonalde nukleoa-n dagoela iritzi diote, itsasadarraren ertzean, antza. ‘Antza’ diogu, ez baitago proiekturik, gezurra badirudi ere. Urdaibaiko gunerik zaurgarrienean, gunerik babestuenean eraiki nahi dute, eta ez diagnostiko-ebaluaziorik, ez ebaluazio-inpaktu azterketarik, ez alternatiba aukerarik ere ez. Are gehiago, Aldundiak bultzatzen du etengabe legeak tolestea proiektua bideragarria egiteko, bertakoak zein Madrilekoak ere. “Proiektua ez da existitzen, baina oso ona izango da” diote. Nola dakizue ona izango dela, aztertu ez baduzue? Herritarron beharrizanak kontuan hartu dituzue? Zein eragin izango du gugan eta gure ingurunean, gure kulturan, gazteen etorkizunean? Eta hau bereziki larria da Bizkaiko Foru Aldundia babesguneetako organo kudeatzailea delako.
Gure Urdaibai maiteak jaso duen azken izendapena 2019koa da, duela 5 urtekoa: Europako turismo jasangarriaren Europako gutunari atxikitu gintzaizkion, Eusko Jaurlaritzak berak egin zuen, 2019an! Ez al da kontraesana? Masako turismoa eta zonalde nukleoa-ren babesa batera ezinak dira.
Diru publikoaren xahutzea
Urdaibaiko Guggenheim honi ezezkoa emateko nahikoa argudio ez badira aurrekoak, hona hemen gehiago. Izan ere, diru publikoa xahutzeak kezkatzen gaitu, ez baita bidezkoa ontziolako lur publikoak erostea, ezta ere guztion diruarekin jarduera industrial pribatu baten lur kutsatuak garbitu beharra; are gutxiago kontzesioa amaituta izan arren, jarduera horrek jarraitzen duenean. Museorik ez da behar eskualdeko arazoei erantzun koherentea emateko, inolaz ere.
Herritarrok erabateko eskubidea dugu bestelako etorkizuna amesteko, bizitza bera erdigunean jarriko duena, dena ez baita dirua. Zaintza hizpide nagusia delakoan gaude, pertsonen eta ingurumenaren zaintza erronkaz beteriko krisialdi ekosozialari aurrea hartzeko eta datozen belaunaldiekin juxtuak eta onestak izateko. Administrazioari berari eskatzea indarrean dagoen araudia bete dezan ez zen gertatu behar, ezta ere partehartze publikoa ezinbesteko baldintza dela egungo gizarte demokratikoan. Argi dugu: behin betiko astakeria hau alboratu, Guggenheim Urdaibai Stop!.