Izarkom, telekomunizio burujabetza lantzeko herri ekimena
Ez da, ordea, egun dugun errealitatea. Gaur egun, munduko biztanleriaren %34k, 2.600 miloi pertsonek, ez du Interneterako konexiorik.
Honela, 2011. urtetik hona Nazio Batuen Erakundeak zenbait ebazpen eta txosten argitaratu ditu Internet Giza Eskubide gisa babestu beharraren inguruan eta gobernuei Interneterako konexioa herritar guztien eskura jarri zezatela eskatuz. Hala nola, 2011ko maiatzaren 16an Giza Eskubideen Kontseiluan Frank La Rue Errelatore Bereziak aurkeztutako Iritzi eta adierazpen askatasuna sustatu eta babesteari buruzko txostena (A/HRC/17/27), 2015eko martxoaren 24ean Giza Eskubideen kontseiluak argitaratutako Pribatutasunerako eskubidea aro digitalean ebazpena (A/HRC/28/L.27), edo 2016ko ekainak 27an Giza Eskubideen Kontseiluak argitaratutako Giza eskubideen sustapena, babesa eta gozamena Interneten ebazpena (A/HRC/32/L 20).
Urtebete lehenago, Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunak (ITU) eta UNESCOk osatutako Banda Zabalaren gaineko komisioaren 2010erako ezinbesteko lidergoa: Banda Zabalean eraikitako etorkizuna izeneko txostenean adierazi zuten moduan, “21. mendean, banda zabaleko sareak ezinbesteko nazio-azpiegituratzat hartu behar dira, garraio, energia eta ur sareen antzera”.
Hau horrela izanik, argi badugu errepide, ur sare eta oinarrizko beste azpiegitura eta zerbitzuek publikoak izan behar dutela eta ezin direla pribatizatu, zergatik onartzen dugu banda zabaleko konexioa hedatzeko zuntz optiko bidezko errepide digitalak enpresa pribatu transnazionalen esku egotea? Eta nola onartu beharrezkoak ditugun azpiegitura eta zerbitzu hauek merkatuko salgai gisa erabilita izugarrizko etekinak lortzeko soilik baliatzea?
Internetek herri baten garapen ekonomiko, sozial eta politikoa sustatzen ditu, gizartearen garapena bere osotasunean bultzatuz, baina horretarako ezinbestekoa da telekomunikazio azpiegituren jabetza eta kudeaketa publikoa eta gardena izatea, herrien etorkizuna ere enpresa pribatuen interesen pean utzi nahi ez badugu behintzat.
Europar Batasunak, aldiz, sektorearen liberalizazioaren alde egiten du, lehia askea eta telekomunikazio operadore pribatuen merkatua babesteko arau eta lege zorrotzak argitaratuz, eta honekin erakunde publikoen partehartzea oztopatuz.
Tokiko gobernuek ere ez dute gizarte eskubide hau babesteko saiakera handiegirik egiten zentzu honetan, eta Europak ezarritako arau eta lege kapitalistak itsu-itsuan betetzera mugatzen dira, merkatu librea jarriz gizartearen eskubideen gainetik.
Jendartearen ongizatea helburu
Urrutira begiratu behar izan gabe, denok dugu buruan gure herrian Euskaltelekin gertatutakoa. 1992an Eusko Jaurlaritzak Euskalnet sozietate publikoaren bidez zuntz optiko bidezko datu-komunikazio sare bat eraiki eta EAEko BBK, Kutxa eta Vital aurrezki kutxekin batera Euskaltel operadorea sortu bai, baina zenbait urte beranduago nola zuntz optiko sare publiko hau Euskalteli saldu ondoren Euskaltelen zituen akzio guztiak atzerriko inbertsoreei saldu zizkion. Honekin, bertan behera geratu zen EAEn telekomunikazio azpiegitura publikoak eta interneterako konexio zerbitzuak emango zizikigun partizipazio publikoko operadorea edukitzeko aukera.
Gauzak horrela, Euskal Herriarentzat estrategikoak izan daitezkeen arloetako erabaki eta kudeaketan gizarte-eragileok partehartze zuzena izateko ukan beharko genukeen aukera aldarrikatuz, eta euskal jendarteak urte luzeetan izan duen autoantolaketarako ohiturari eutsiz, Izarkom, Euskal Herriko Telekomunikazio Kooperatiba, sortzeko erabakia hartu zuen herritar talde batek 2017ko abenduan, irabazi asmorik gabeko eta gizarte-ekimeneko kooperatiba integrala. Helburua, telekomunikazioen arloan herri gisa behar ditugun azpiegitura eta zerbitzuak jendartearen antolakuntzaren bidez eskuratu eta herritarron Interneterako konexio eskubidea egikaritzea. Finean, telekomunikazioen gaineko burujabetzarantz bidea egiten joatea.
Herri ekimenen garrantzia arlo estrategikoetan
Bere jarduna Gizarte-ekonomia Eraldatzailean oinarritzen du proiektu honek zuntz optiko bidezko 2.500 internet konexiotik gora eta ia 7.000 linea mugikorreko zerbitzua ematen die bere 3.500 bazkideri, eta azken urtetan gero eta gehiago dira Izarkomera batzen diren Udal, erakunde eta gizarte eragileak, proiektuak herri ekimen gisa gorputza hartuz.
Sei urte hauetan ere hainbat izan dira euskal jendartearen ongizatea helburu duten edota egoera zaurgarrian dauden herritarrei laguntzeko abiatutako ekintzak. Ezagunenak, behar bada, 2020ko martxoan COVID-19aren ondorioz etxean konfinatu eta konexio duin baten faltan klaseak jarraitu ezinean zeuden ikasleei datu bidezko konexioa errazteko 1.500 SIM txartelen banaketa edota Irungo Harrera Sarearekin elkarlanean, berrerebilitako telefono mugikorrak jaso eta beraien familiekin harremanetan jartzea erraztu ahal izateko Afrikatik datozten migratzaileei helarazteko kanpaina.
Honez gain, Udalbiltzarekin batera abiatutako EHKOM sare-operadore neutroaren bidez eta tokiko instituzio eta eragileekin elkarlanean, operadore guztiek erabiltzeko aukera izango duten zuntz optiko edo irrati-lotura bidezko sare telematiko publiko-komunitarioak sortzen ari dira, Zaratamo, Oñati, Hernani eta beste zenbait herritan.
Tokiko gobernu eta gizarte eragileekin elkarlanean Euskal Herriko arlo estrategikoen garapenean herri ekimenek zer esana izan dezaketenaren adibide ona izan daiteke Izarkom.