Jerusalemera itzultzea, amets sionista
1967tik geroztik kontrolazen du Israelek Jerusalemgo ekialdea, eta okupazio militarraren azken helburua da eremu guztia bereganatzea, Estatu juduaren hiriburu bakar eta zatiezin bihurtzeko. Horretarako, Israelek hainbat plan asmatu behar izan ditu indigenen kanporatzea kolonizazioarekin konbinatzeko, segregazio administratiboko politikarekin nahastuta.
Jerusalemgo arabiarrentzat, Hebrear Administrazioak ‘bizileku iraunkor’ terminoa asmatu zuen; bertan bizi direla egiaztatzen duen txartela dute, baina ez die herritartasunik ematen. Gainera. Absentearen Legearen arabera, haien jabetzak konfiskatu ditzakete baldin eta hiritik denbora luzez irtenez gero. Egoiliar estatusa galduko lukete eta horrekin batera etxebizitza ere. Lege honen definizioa anbiguoa denez, bizilagunak etxetik denbora luzez joatearen beldur dira, itzultzean kaleratzeko agindua aurkitzearen beldur. Horri guztiari gehitu behar zaio Israelek palestinarrak zergekin itoarazten dituela, juduek ordaintzen dutena baino hiru aldiz gehiago ordainaraziz.
Banderen martxa Jerusalemen, irudi prebafrikatua
Maiatzaren 18an desfilatu zuten Banderen martxan kolonoek eta muturreko israeldarrek Jerusalemgo Hiri Zaharrean barrena, banderak astinduz eta eskuin muturreko kontsignak abestuz. Israelgo Gobernuak zuzenean bultzatutako ekimena da. Urteroko Banderaren Martxaren helburua ekitaldi esanguratsu gisa agertzea da nazioartean, boterea eta kontrola iradokitzen dituena, baina Jerusalemgo okupazioaren dilema agerian uzten du urtero. Israelek kolono ugari eta milaka soldadu mobilizatu zituen egun handirako. Kolonoen adierazpen faxistak gora egiten ari dira, hala nola Kahane Chai mugimendu faxistaren bandera (AEBetako eta Europako zerrendetan terroristatzat sailkatua) altxatu izana azken martxan, edota gero eta ohikoa izatea ‘Heriotza arabiarrei’ bezalako oihuak entzutea.
Bien bitartean, Jerusalemgo palestinar egoiliarrek urte osoan zehar manifestatzen jarraitzen dute, nahiz eta Israelgo armadak euren aurka aritu eta etengabeko jazarpen, atxiloketa eta hilketak egin. Ohikoa da palestinarren aurkako erasoak, abusuak eta jazarpenak ikustea Jerusalemgo auzoetan, baita ekitaldi erlijiosoetan eta leku sakratuetan ere. Esaterako, Aste Santuan izandakoak edota Al-Aqsa Meskitan Ramadan garaian fededunei egindako erasoak. Banderaren martxa asmatutako irudi epikoa irudikatzen saiatu zen, palestinarrek Jerusalemen bizitzeari eusten jarraitzen duten bitartean, kanporatzeen mehatxupean.
Kolonia israeldarrak, sionismoaren tresna
Zisjordania osoaren %60 osatzen dute kolonia ilegalek edo kokaleku israedarrek. Guztiz inguratu dituzte hiriburu handiak zein herrixkak, palestinarren bizimodua zeharo baldintzatuz. Kolonia bakoitzarekin batera lurrak eta errepideak konfiskatzen dira segurtasuna bermatzeko. Palestinarren nekazal guneak hartzen dituzte maiz, palestinar ekonomia erabat zanpatuz, eremu horiek juduentzako esklusibo bihurtzen diren bitartean. Militarki inguratuak dauden arren, urbanizazio pribatuen itxura hartzen dute koloniek, bizi baldintza onak dituzte bertan bizi diren juduek. Palestinarrek ez bezala, errepide sistema propioa dute eta, beraz, mugitzeko erabateko askatasuna ere.
Israelek pribilegio ekonomiko eskuzabalak, segurtasun babes zorrotza eta gau eta egun daramatzaten armak ematen dizkie munduan zehar hedatuta dauden juduak Zisjordaniako kolonietara eramatea bultzatzeko, eta, horrela, eremuaren kontrola handitzeko. Nahiz eta Zisjordania okupatuan egon, kolonietan bizi direnei Israelgo herritartasuna eskuratzeko eskubidea aitortzen zaie. Datu honek baieztatzen du Israelen proiektua ez dela okupazio militar batera mugatzen, baizik eta sistema kolonial bat dela; sionisten ideologiaren eta praktikaren emaitza, ‘Jordan ibaitik Mediterraneo itsasoraino’ judutar estatu esklusibo bat ezarri asmo duena.
Zaila da zehaztea okupazioaren dimentsioa. Israelen Estatistika Bulego Nagusiak bildutako datuen arabera, 475.000 israeldar inguru bizi dira Zisjordaniako kokalekuetan, 2,9 milioi biztanle palestinarren artean. Jerusalem ekialdean ere 230.000 kolono daude, 360.000 palestinar baino gehiago bizi diren bitartean. Zisjordanian 144 kolonia daudela dio Israelek eta Jerusalem ekialdean 12; eta legez kanpo beste 100 bat omen daudela, baina askoz gehiago dira eta etengabe hazten ari dira, batez ere azken Gobernua boterera iritsi zenetik. Koloniei leku egiteko, gutxienez palestinarren 500.000 etxebizitza eta azpiegitura eraitsi dituzte 1967ko inbasio militarraz geroztik hasitako planifikazio estrategikoa aurrera eramanez. Israelgo kokaleku guztiak legez kanpokoak dira nazioarteko zuzenbidearen arabera.
Kokaguneek lurraldea xurgatzen dute, zulatzen dute gazta gruyerraren antzeko mapa utziz. Koloniek etorkizuneko Estatu palestinarraren bideragarritasuna eragozten dute, lurralde kohesioa ezinezkoa egiten baitute.
Benetako hiri artifizialak eratu dituzte Palestinaren bihotzean. Kolonia asko hiri industrialak edo nekazal guneak dira. Urtero, nazioarteko merkatuetara ehunka milioi dolarreko balioa duten artikuluak esportatzen dira, Israelgo kokalekuetan ekoitzitakoak, nahiz eta herrialde gehienek ofizialki gaitzetsi dituzten asentamenduak nazioarteko zuzenbidearen arabera legez kanpokoak izateagatik.
Palestinar baten hitzetan, “koloniek minbizia bezala jokatzen dute; geroz eta espazio gehiago hartzen, guztiaren jabe egin arte”. Sionismoaren proiektua aurrera eramateko tresna garrantzitsuenetakoa dira kolonoak; Zisjordania osoan zehar hedatuta daudelako, kausa sionistarekin guztiz lerrokatuta daudelako eta horietako askok indarkeria erabiltzeko legitimatuta ikusten dutelako euren burua. Alde batetik, badakitelako euren egiteko nagusia zein den Palestinan. Bestetik, armak eramateko baimena dutelako eta egiten dutena egiten dutela, armadak zein Gobernuak inpunitatearen altzoan hartuko dituztelako.
Turismoa, kolonizazioaren beste harimutur bat
Azken urteotan Israelek handitu egin du koloniei lotutako turismo industriari emandako bultzada. Baliabide ekonomiko handiak esleitu ditu bisitariak erakartzeko, hain justu Israelera doazen bidaiari kopurua urtero handitzen dagoen unean. Etekin ekonomikoez gain, Gobernu sionistak arrazoi politiko eta ideologikoak ditu industria hau Zisjordanian garatzeko; errelatoaren bataila. Ez da kasualitatea Estatu juduak aztarnategi arkeologikoetatik gertu koloniak eraiki izana; fikziozko kontakizun historiko bat sortzeko judaismoaren erdigune historikoetan egotea justifikatzen duena.
Airbnb, Booking.com, Expedia eta TripAdvisor bezalako enpresak palestinarren aurkako giza eskubideen urraketan laguntzen ari dira, kolonia ilegaletan kokatutako ostatuak eta atrakzioak eskainiz. Amnistia Internazionala erakundeak Helburua: okupazioa txostenean salatu duenez, “jarduera komertzial honek lagundu egiten du Zisjordaniako asentamenduak errentagarriagoak eta, beraz, iraunkorragoak izan daitezen, eta horrek erraztu egiten du Israelek kolonietara legez kanpo jendea eramatea”.
Bien bitartean, mugitzeko askatasuna ukatzen die Israelek palestinarrei, errepide sistema segregatuaren, baimen sistemaren eta 600km baino gehiagoko Apartheidaren harresiaren bitartez. 2002.urtean hasi ziren hesia erakitzen –oraindik ez dute bukatu– eta ordutik bizitza erabat aldatu zen okupatutako Zisjordanian bizi diren palestinarrentzat. Egoera kritikoagoa da Jerusalemgo bizilagunentzat, Nazio Batuen Erakundeak legez kanpokotzat jotzen duen harresia hiri santuko auzo palestinar batzuk zatitu dituelako.
Jerusalem, turismoaren epizentro
Jerusalemgo Hiri Zaharrera igarotzeko modu desberdinak daude. Hiri Zaharra inguratzen duen harresiak ate desberdinak ditu; horietatik garrantzitsuenetakoa da Damascus Gate edo Damaskoko Atea, Jerusalemgo arabiar auzoarekin bat egiten duena zuzenean. Turismoa auzo juduetara desbideratzeko asmoarekin eta palestinarrak ekonomikoki itotzeko helburuarekin, turismoa Jaffako atera bideratzen du Israelek, kanpotarrak auzo judutarretatik baino ez daitezen igaro. Ikuspuntu hori zabaltzeak Jerusalemgo biztanleria osoa judutarra dela pentsatzera eramateko estrategiari jarraitzen dio, gida turistikoek ideia hori zabaltzeko funtzioa dute ere. Old City barrena, souvenir eta propaganda sionista edonon aurkitu daiteke.
Jerusalem erreferentziazko hiri turistiko bilakatu nahi dute eta ahal beste entretenimendu sortzen ari dira palestinarren kaltetan. Esaterako, tolerantzia judutarraren museoa sortu dute mila urte inguru zituen hilerri palestinar baten gainean, edo zentro komertziala eraiki dute lehenago palestinarren etxeak zeuden lekuan. Jerusalemeko turismo saldoa etengabea izan dadin Jerusalemen nazioarteko aireportu bat, tren sare handia eta metropoliarekin lotuko duen tranbiaren proiektuak aurrera eraman nahi ditu estatu sionistak.
Legez kanpoko koloniak Jerusalem erdigunearekin lotuarazi nahi dituen tranbiaren eraikuntza, anexioaren kontsolidazioaren parte da. Abdulrahman Abunahel, BDZren (Boikoa, Desinbertsioak, Zigorrak)Palestinako Batzorde Nazionaleko koordinatzaileak “korporazio konplizeen aurkako kanpainak areagotzeko” deia egin du, tartean, CAF euskal konpainiari zuzendutakoak. Enpresari eskatzen dio “amaitutzat ematea Israel eta Jerusalem lotzen dituen tren arinaren hedapenean duen parte hartzea”, nazioarteko zuzenbidea urratzen duelako.
Pinkwashing eta Israel marka
Israelen turismo industriak palestinarrak paisaiatik eta historiatik ezabatzeko helburua du, palestinarren kultura eta sukaldaritza lapurtzen dute; Kufiye zapi palestinar tipikoa eta Hummus-a bezalako jakiak Israelen kulturaren parte direla aldarrikatzen dute, eta Israelen estatu indarkeriaren errealitatea zuritzen du. Israelgo markaren osagai bat da Pinkwashing edo zuriketa larrosa, nazioarteko zuzenbidearen eta palestinarren giza eskubide zibil eta politikoen urraketa izugarriei jaramonik ez egiteko kanpaina. Eurovision bezalako lehiaketetan parte hartuta, Israelek bere irudi publikoa garbitzeko eta Palestinaren okupazioa zuritzeko erabiltzen duena.
Israelek bere burua progresistatzat saldu nahi du era berean, gizarte palestinarren, arabiarren eta musulmanen irudikapen arrazista bat eginez: atzeratuak, intoleranteak eta biolentoak direla argudiatuta. Israel, ordea, Ekialde Hurbileko herrialderik okzidentalena dela saldu nahi du, ekonomia alorrean zein gizarte gaietan aurreratua dena herri musulmanekin alderatuta. Horretarako, LGTBIQ+ borroka bidegabe erabiltzen ari da Israel. Besteak beste, Tel Aviv hiriburua gay helmuga turistiko abegikor gisa sustatzen saiatzen ari da aipatu gabe hiriburua hainbat herrixka palestinarren gainean eraikita dagoela eta debekatuta dagoela hara sartzea Zisjordaniako edo Gazako nortasun agiriak daramatzaten palestinar gehienentzat eta erbestean daudenentzat ere.