Kontrapas (Nafarroan, oraindik ere)

Iritzia Ainhoa Fernández, irakaslea
Aunque parezca mentira, casi seis siglos después tenemos que seguir defendiendo el euskera en Navarra tal como Bernart Etxepare hizo en aquellos versos titulados Kontrapas.

Gezurra badirudi ere, ia sei mende igarota, ura bere bidean, euskara defendatzen jarraitu behar dugu Nafarroan, Bernart Etxeparek Kontrapas izeneko bertsoetan egin zuen bezala. Bertsook, zoritxarrez, ez daude demodé. Hark, garbi ikusi zuen euskara biziko bazen, idatzi egin beharko zela eta prestigioa eman beharko zitzaiola. Eta horrela, Linguae Vasconum Primitiae sortu, eta euskara “plazara” ialgi behar zela aldarrikatu zuen.   

Gatozen, baina, XXI. mendera. Une honetan, eskubide linguistikoei dagokienez, inoiz eduki ez dugun aukera dugu Nafarroan: euskararen alde politika egiteko Administrazioa dugu. Surrealista badirudi ere, euskararen herrian ezin gara euskaraz bizi. Danimarkako biztanle bati esango bagenio Copenaghen ezin dela danieraz bizi, antzarrak ferratzera bidaliko gintuzke. Baina Nafarroan, horrela da. Asmo onak daude euskararen alde, orohar, baina gure hizkuntzak ez du etorkizunik izango museo bateko apalategian gordeta utziz gero. Asmoak barik, ekintzak eta politika zuzenak behar dira, euskararen aldeko diskriminazio positiboa ekarriko dutenak. Euskarak etorkizuna izango du, ahoetan, kaleetan, eskoletan, lantegietan, administrazioetan eta gizartean erabiltzen bada. Hau guztia lortzeko, bi ildo ezarriko nituzke:

PRESTIGIOA

Alde batetik, prestigioa. Euskarari zor zaion ospea itzuli egin behar zaio. Puntu honetan gure politikoek dute ardurarik handiena. Egungo presidentea, Uxue Barkos, eta Iruñeko alkatea, Joseba Asirón, euskaldunak dira. Unerik egokiena dugu, beraz, politikarien interbentzioak euskaraz izan daitezen. Azken bolada honetan irakurri dudan liburu batek beste ikuspuntu bat eman dit euskararen egoeraren inguruan Nafarroan, eta zein modu “naturalean” galdu egin zen zenbait zonaldetan. Etxeparek XVI. mendean euskara idatzi behar zela eta plazara atera behar zela aldarrikatzen zuen bitartean, Nafarroako zenbait administraziotan eta epaitegitan, herritarrak ongi artatzeko funtzionarioak elebidunak izan behar zutela derrigorrezkotzat jotzen zuten (XXI. mendean, ordea, honen inguruan zalapartaka gabiltza). Monteano Sorbetek “El iceberg Navarro” liburuan, XVI. mendeko dokumentuak aztertzen ditu, eta egiaztatzen du euskara zela eguneroko hizkuntza Monreal, Artaxoa, Uxue eta horrelako herrietan. Baziren, noski, elebidunak: jende ikasia. Hauek erromantzea edota latina bazekiten eta hizkuntza hauek idazten zirenez, prestigiodunak ziren. Euskara, ordea, kaleko hizkuntza zen, prestigiorik gabea. Eta horrela, oso modu “naturalean”, erromantzeak lekua kenduko dio euskarari, baita kalean ere. Diglosia egoera sortuko da, gaur arte. Administrazioan eta irakaskuntzan sartu ezean, hizkuntza bat ez dago egiazko elebitasun egoeran. Beraz, eta egoera benetako elebitasuna izatea nahi baldin badugu, Administrazioak apustu sendoa egin beharko du horren alde.

"Aunque parezca surrealista, en Navarra, el país del euskara, no podemos vivir en nuestra lengua. La buena voluntad no basta; son necesarias acciones y políticas directas en favor del euskara, porque nuestra lengua sólo tendrá futuro si se utiliza en la calle, escuelas, centros de trabajo, en la Administración... En la sociedad, en general".

BALIABIDEAK BADAUDE

Bestetik, baliabideak daude, legalak, hain zuzen. Onartu berri den 103/2017 Foru Dekretua, administrazio publikoetako euskararen erabilera arautzen duena, ez da urrats handia izan. Baina helburura iristeko aurrera pausua izan da. ELAk baiezkoa eman zuen; sindikatu bakarra izan zen. Batzuk eskasa izateagatik, beste batzuk gehiegi izateagatik, ez zioten dekretuari babesik eman. Guk, ordea, babesa eman baino lehen zera galdetu genion geure buruari: zer da hobea, oraingo egoera ala dekretu honek ekarriko duena? Garbi dago erantzuna. Nafarroan herritar guztiok eskubide linguistiko berberak izatea nahi badugu, administrazioak aurrera egin behar du bide horretan, urratsez urrats, maximalismorik gabe. Hala ere, derrigorrezkotzat jotzen dugu 18/1986ko Foru Legea indargabetzea, zonifikazioak maila desberdinetako herritarrak sortzen dituelako. Honek ez du esan nahi Lesakan dagoen egoera Caparrosora zabalduko denik derrigorrean eta bat-batean. Baizik eta Lesakan bizi denak eta Caparroson bizi denak, eskubide linguistiko berberak izango dituela.

"Haber rechazado en 1994 la ampliación de la zona mixta nos ha traído 30 años de retraso, sobre todo en la Enseñanza. La Administración tiene la pelota en su tejado, y el tiempo corre. Pero el euskera no puede esperar más en Navarra".

EZIN DUGU BESTE AUKERA BAT GALDU

1994an eremu mistoari ezetza emateak 30 urteko atzerapena ekarri digu, irakaskuntzan batez ere. Euskararekin kontakturik izan ez duenak, ez du horren beharrik ikusiko; baina 1994an D eredua eremu guztietara zabaldu izan balitz, egungo egoera beste bat izango litzateke. Iruñerriko euskararen egoeraren bilakaera besterik ez da ikusi behar. Iruñerrriko D ereduko guraso askok, A ereduan ikasi zuten. Hizkuntzarekin kontaktua izan zuten, nahiz eta euskararekin beste harremanik ez izan ez familian, ez inguruan. Batzuk, inoiz eduki ez dutelako, beste batzuk, asko, aiton-amonek euskararen transmisioa eten egin zutelako, beldurragatik gehien bat. Hau ere oso “naturala”.

Laburbilduz, Administrazioak du pilota teilatuan eta denbora aurrera doa. Baina euskarak ezin du gehiago itxaron Nafarroan.