Ikerketa-kazetaritza, gizonen kontua ote?

Erreportai hau egiteko, edo aipatutako Gasteizko jardunaldiak antolatzerakoan, oso zaila suertatzen da emakume kazetariak aurkeztea. Euskal komunikabideen errepasoa eginez (batez ere, idatzizkoak), proportzioa oso desorekatua da. Ikerketa-kazetaritza gizonen kontua da?
Berez, ez du zertan izan behar, baina egoera honen arrazoiak bilatze aldera, bi pasadizo burura etorri zaizkigu. Behin, euskal komunikabide batekiko bileran (nahiko ezkertiarra, bide batez esanda), 11 kazetari agertu ziren, denak Ekonomia edo Politika sailekoak, eta denak… gizonak ziren. Talde hura ikusi arte, haiek ez ziren konturatu zein den euren komunikabidearen egoeraz.
Agian, emakume kazetariak zokoratuak izaten dira sail jakin batzuetara: kultura, gizarte gaiak (arinak, ez oso konprometituak) eta azken boladan, kirolak ere. Agian, komunikabideen nagusiek (eta kazetari askok ere) uste dute benetako gai sakonei buruz idazteko gizonak behar dituztela, eta ez emakume ‘kaskarinak’.
Bigarren pasadizoa are larriagoa da. Beste euskal komunikabide batek (aurrekoa baino are ezkertiarragoa) kazetari berriak kontratatzeko iragarkia jarri zuten, emakumeak izan behar zirela ohartuz: baldintza hori jartzerakoan, oso agerian geratu zen zer egoera larrian zegoen sexuen arteko lan-banaketaren inguruan.
Ba al dago zuzentzeko biderik? Noiz eta nola ugarituko dira emakumeen sinadurak ustelkeria, politika eta ekonomiari buruzko informazioetan?