Laba: Ametsak lurreratzeko gunea, Iruñeko bihotzean
“Iruñean euskaldun asko gara (42.000 lagun, azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera), baina betikoak gara oraindik?”, bere buruari galdetu dio Iñaki Sagardoik (Iruña, 1991), Laba guneko mahai inguruan eserita. Galdera guztiz erretorikoa da, bistan denez, bere ondoan Yasmine Khris (Marseilla, 1996) eserita dagoelako: “Ni orain dela urte gutxi batzuk etorri nintzen Iruñera, eta ikusi dudan mugimenduak liluratu nau”, aitortu du.
Hau da, hain justu, Laba elkarteak uztartu nahi duena: euskararen aldeko borroka historikoaren irakaspenak eta oraingo zein biharko proiektuak bultzatzea. “Beste belaunaldi bat gara, agian motxila arinago batekin, eta naturalki euskaraz bizi gara”.
Non eta Gaztelu Plazan, betidanik hiriko egongela deitutako lekuan. “Ez dugu nahi euskara gure lubakietan gorde, baizik eta plaza irabaztera etorri gara”, azaldu du Sagardoik. “Iruña Pamplona baino dibertigarriagoa bihurtzen ari gara”, gehitu du Yasminek. Azken finean, oso modu zorrotzean detektatu dute zein den belaunaldi berriak euskarara erakartzeko gakoetako bat: “Gustatzen zaiena euskaraz aurkitzen badute, modu naturalean sartuko dira Laban edo beste giro euskaldunetan. Bestetik, oraindik euskara ez dakitenek inbidiaz ikusi behar dute euskaraz egiten duguna, eta pentsatu: ‘Jo, zerbait polita eta dibertigarria galtzen ari naiz. Nik ere horretan parte hartu nahi dut’. Aurreko belaunaldietan -Sagardoik dio-, adibidez, elebakar askok euskara ikasi zuten Hertzainak-en letrak ulertzeko. Orain, antzeko zerbait lortu behar dugu”. Beraz, galdera da: “Zer eman dezake euskarak erdarak ematen ez duena?”.
Baina, zer da Laba? Orain dela bi urte ireki zuten Gaztelu Plazan (La Perla Hoteleko txokotik gertu), eta inaugurazio saioan, lehen aitorpen harrigarria Yasminek berak eta Uxue Rey kazetariek egin zuten: “Ba ez dakigu, hori da galderarik zailena”. Gunea edo elkartea deskribatzea zaila bada ere, bere helburu nagusia argi daukate, aldiz: “Euskarazko ametsak lurreratzeko gunea”. Metafora gisa, funtzionatzen du, baina lana ere eskatzen du.
Auzolaba
“Konfinamenduan bideokonferentzien bidez hasi ginen biltzen -kontatu du Yasminek-. Pantailen bitartez, 30 bat lagun bildu ginen zerbait berria sortzeko, baina ez ezerezetik, baizik eta Iruñerriko euskalgintzan pilatutako esperientziatik eta jakintzatik abiatuta”. Karrikiri, Duguna Dantza Taldea, Euskalerria Irratia, Zaldiko Maldiko, Biltoki, Iruinkoko, argitaletxeak eta abarreko eragileetatik hurbildu ziren 2021ean zehar Laba sortzeko helburuarekin, Laba zer izango zen jakin gabe. “Ezta izen hori izango zukeen ere…”. Gaztelu Plazako gunea eskuragarri zegoen, eta aukera probestu behar zen. Horretarako, 2021ko urriaren 9an, Seismo eguna antolatu zuten Iruñean. “Konfinamendutik irtenda, kaleko mugimendua berrindartzeko unea zen”.
Eta lortu zuten: Gorka Urbizu, Imanol Ubeda, Kinbonbo Brass Band, Iruñeko Kiki House eta beste sortzaile asko aritu ziren, euren onena ematen, Labaren jaiotzearen aldeko ekimenean. “Laba ireki baino hiru hilabete lehenago -gogoratu du Yasminek-, kalera atera ginen, gure asmoa ezagutzera emateko: ez genuen nahi lokal baten barruan geratu”. Ideia horrekin, 2022ko urtarrilaren 7an Laba inauguratu zuten, 25 edo 30 bolondresen lanari esker: “Auzolaba”, euren esanetan. “Hau da kafetegi bat, itxuraz, baina askoz gehiago da: denda, eszenatokia, biltzeko lekua. 150 bazkide gara, baina hona sartzeko edo gurekin kolaboratzeko ez da bazkide izan behar. Lokalaren diseinua oso garrantzitsua da: sartzeko gogoa piztu nahi genuen, eta horregatik jarri genuen horren erakusleiho handia: argia eta jendea nahi dugu”.
Astero hiru kultur ekitaldi
“Munduari begiratzeko modu bat”, abesten zuen Mikel Urdangarinek. Agian Laba da Iruñerrian euskaraz egiteko beste modu bat, plaza handiaren erdian, guztiz erdalduna den hiri gunean, baina leku argitsu eta ireki batean. “Euskarak ez du zertan txokoetan, kale ilunetan edo lokal itxietan modu prekarioan bizirauteko kondenatu egon behar”, azpimarratu du Sagardoik. “Eta ezin gara frustratu hasieratik 1.000 lagun ez garelako. Gurean, ohituta egon gara formula batekin bizitzerako: edo dena, edo ezer ez. Hori da aldatu nahi duguna; Laba ez da sortu inorekin lehiatzeko, baizik eta harritxo bat gehiago izateko. Konfluentzia, kontrakultura, laborategia, esperimentua… Hori guztia izan gaitezke. Ez dakigu asko ala gutxi den, baina agian hasierako espektatibak oso handiak ziren…”.
Apaltasunetik abiatu bada ere, Labak 200 kultur ekitaldi antolatu ditu azken bi urteotan. Azken aldi honetan, hiru ekitaldi astero… “Egunean zehar, kafetegi bat da, baina 19:00tan itxura aldatzen dugu, oholtza prestatu eta eguneko ekitaldiari bidea ematen diogu”. Lokala oso handia ez izan arren, “arrakasta handia lortu dugu ekitaldi gehienekin, eta noizbait jendea kalean geratu da”. Ekitaldiak oso anitzak dira, “haur literaturaren tailerretatik, poteo filosofikoraino; mota askotako eragileekin kolaboratzen dugu, eta prebentzio sexualaren hitzaldiak eman dira, baina baita euskal karaokeak ere egin ditugu: Gabi de la Maza egon da gurean, esate baterako”.
Eta 2022ko Sanferminetan ere ireki zuten. “Mugarri bat izan zen guretzat”, azpimarratu du Yasminek, nahiz eta terrazarik gabe egon. Hori ere konpondu da, eta udazken honetan, kalean modu erosoan zerbait hartzeko aukera ere ematen du Labak. Gaztelu plaza euskararentzako irabazteko beste urratsa da, inondik inora.
Euskararen inguruko errelato berri bat eraikitzea helburu
Kontua da mugitzea, eta euskaraz. Yasmine da sare sozialen arduraduna, eta gune digital horretan islatzen da Labaren nortasuna: “Sare sozialek euren mugak dituzte, bada adin arrakala bat eta guzti hori, baina ematen dizkiguten aukerak probestu behar ditugu, beste tonu batekin, umoretsua eta arina, nahi baduzu”. Hori ere bada Labaren ezaugarri bat: “Apur bat irreberenteak izan nahi dugu –seinalatu du Sagardoik–; solemnitate gehiegi dago esparru askotan: dena ezin da abangoardista edo serioa izan behar. Arinkeriaren aldarrikapena ere egiten dugu. Euskararen inguruko errelato berri bat idazteke dago”.
Helburu teoriko horrekin ekingo diote 2024 urteari. Hala ere, helburu zehatzak ere behar dira, eta Laba prest dago horretarako. “Proiektuaren bideragarritasuna bermatu behar dugu –azpimarratu du Yasminek–, eta horrek eskatzen du gure bazkideen eta kolaboratzaileen kopurua handitzea, baina ez bakarrik ikuspegi ekonomiko batetik: gure oinarri soziala hedatu behar dugu, eta gauzak egiteko moduak ere bai: ezin dugu izan Labakoek labakeriak egiten… Inertziatan ezin gara erori… Eta bide batez, hobeto azaldu behar da zer den Laba”.
Hau izan da istorio polit baten hasiera, hemendik aurrera historia idatzi behar da, Iruñerrian euskaraz bizitzeko… eta gozatzeko. Seismotik Labara, beroa eta mugimendua.
Bazkidetzeko: www.laba.eus