Banaka, ezin; sindikatuarekin, bai

Erreportajea Iván Giménez
Nafarroako 3P Biopharmaceuticals-en eredua: zerotik nola hasi eta irabazi.

Noainen dagoen Mocholi poligonoa oso ezaguna da sindikalgintzaren historian, bertan zegoen altzarien lantegia 70 eta 80ko hamarkadan langile borrokaren ikurra bihurtu zelako. Azkenean, tamalez, lantegia itxi zuten eta sortutako orubean industria-eremua eraiki zen.

Beraz, sindikalista batentzat, Mocholi poligonora joatea ez da ohitura arrotza. Azken finean, itzultzea da. Ongi zekien hori Dani Narvaezek, ELA-Nafarroako industria kimiken arduraduna, 2014an 3P Biopharmaceuticals enpresaren egoitza aurreneko aldiz bisitatu zuenean. Ordurako, enpresa berri horrek sei urte zeramatzan lanean, baina ordezkaritza sindikalarik gabe. Infarco eta Cinfa Laborategien inbertsioa zen bioteknologia arloan, batez ere txertoak eta botika berriak sortzeko proiektua.

“Oso jende gaztea zegoen lanean -gogoratzen du Narvaezek-, modu egokian formatuak, baina soldata baxuekin eta lan baldintza oso kaxkarrekin. Hasi nintzen bisitatzen, lantegiko atean informazioa banatzen, eta konturatu ginen oso denbora gutxian langile askok enpresa uzten zutela beste nonbait lanpostu apur bat hobea lortzen zutelako. Oso rotazio handia zegoen”. Garai hartan, 50 langile zeuden, baina hurrengo urteetan jende asko sartu zen lanera, eta sindikalizatzeko aukerak zabaldu ziren.

En poco más de un año se han celebrado elecciones sindicales, y el comité, con mayoría de ELA, ha sido capaz de negociar el primer pacto de empresa, que mejora ostensiblemente las condiciones laborales que tenían. Además, se han blindado de la reforma laboral. Es evidente que las elecciones sindicales sirven. Y cuando las gana ELA, mucho más.

“Jendea gero eta interesatuagoa zegoen, eta une batean ordezkaritza lortzeko aukera hurbilago zegoela ikusi genuen. Gauzak horrela, hauteskunde sindikalak deitzeko erabakia hartu genuen”, azaldu du Narvaezek. Dena den, prozesua dirudien baino askoz zailagoa zen. “Behin-behineko kontratu asko zeuden, jendea enpresaren mehatxuen beldur zegoen, eta beraz, egiten genituen batzarretan ezin genuen argitu nortzuk izango ziren ELAko hautagaiak. Bada ez bada ere”.

Azkenik, 2017ko hasieran, hauteskunde sindikalak iritsi ziren, ELAk deituta. Ordurako, 160 langile zeuden, eta horietatik 145 joan ziren bozkatzera, hau da, partehartzea %90koa izan zen. Zenbaki horiek ikusita, ordezkari berriek zilegitasun handia izango zutela argi zegoen.

Egoera hobetzen

Emaitza oso ona izan zen ELArentzat, 99 langilek hautatu zituzten bere bi zerrendak: teknikoak (bulegoak) eta espezialistak (ekoizpena). Guztira, 6 delegatu. Beste hiru ordezkari CCOOrentzat ziren, 46 bozka lortuta.

“Jendeak oso argi ikusi zuen zein zen aukerarik onena, eta lan baldintzak hobetzeko benetako lana nork egingo zuen”, Narvaezen esanetan. Ordezkaritza behin lortuta, bazegoen aukera zinezko negoziazioak irekitzeko, ELAko aholkularitza juridikoa eta txosten ekonomikoak erabiltzen. Oso denbora gutxian, 3P enpresan aurrerapauso handiak eman dira, lan talde sendoari eta sindikatuaren babesari esker.

ELAko 6 ordezkari bi hilean behin batzar orokorrak egiten hasi ziren, eta 60-70 langile agertzen dira euren kezkak eta beharrak azaltzeko. Horrek erakusten du sindikatu baten beharra bazegoela, eta enpresarekin hitzarmen bat negoziatzeko baldintzak bazeudela. Eskaeren plataforma adostuta, urtebeteko negoziazioak bere fruituak eman ditu. Udazken honetan, enpresarekiko itun bat sinatzeko aukera dago, Kimiketako Estatuko Hitzarmena hobetuz. Nabarmen, gainera.

Sinatzear dagoen ituna hiru urterako da, eta 580 eta 611 euroren arteko soldata-igoera ekarriko du (hau da, %3a urtero). Gainera, gau eta jaiegunetan lan egitearen gehigarriak jarriko dira. Kontuan hartu behar da orain arte, bataz besteko hileroko soldata 1.100 eurokoa da, eta plusak erridukuluak ziren. Langile gazte asko daudela kontuan hartuta, praktiketan daudenentzat hobekuntza handiak izanen dira: lehen urtean soldataren %85a kobratuko dute (orain arte %65a) eta bigarren urtean, %90a (lehen, %80a).

Orain konbenioaren bila

Negoziatutako lan baldintza berriak ez dira hor gelditzen: urtean bi jardunaldi gutxiago lan egingo dute (16 ordu gutxiago), eta horrek badu bere garrantzia Kimiketako arloan, Estatuko hitzarmena oso txarra delako: 1.752 orduak ditu. Gehiegi dira, Metalenarekin alderatuz gero (1.690) eta zer esan, Nafarroako Administrazio Publikoekin (1.592 ordu). Gainera, orain arte enpresen aldeko malgutasuna murriztu egingo da 3P Biopharmaceuticals-en: 100 ordutik 40 orduetara pasako da, hau da, malgutasunaren %60a murrizten da, beti ere langileen alde.

“Esan gabe doa”, gogoratzen du Daniel Narvaezek, “lan erreformaren aurkako blindajeak sartuta daude: ultraaktibitate osoa; aldebakarreko lan baldintzen aldaketa bakarrik akordioaren bidez egin daiteke, eta abar. Oraindik falta zaiguna da ituna hitzarmena bihurtzea. Baina lortuko dugu...”.

Dena den, eta pausoz pausozko prozesua aztertu ondoren, hauteskunde sindikalen garrantzia ez dago kolokan. Ordezkari sindikalik gabe egotetik, ELAko gehiengoa izatera, alde handia dago, eta emaitzak frogatzen dute. 3P Biopharmaceuticals-en eredua ikusi ondoren, nork galde ote dezake “zertarako aurkeztuko naiz ni”?