Maiatzaren Lehena: Ari gara

Maiatzaren Lehena urtero dator, eta, irudi, lelo eta kartelak ugaritzen dira gure kaleetan, efemeride bat gehiago balitz bezala, ohitura bat, sindikatuen errituala… Ba ez, gurean Maiatzaren Lehena ekintza zehatzak aurrera eramateko pizgarria da, aurten ere. Eta garai hauetan, aurrean daukagun errealitatea aztertzen badugu, badago zer aldatu:
Prekaritateak langile guztiei eragiten die, baina badaude bereziki kolpatuak diren kolektiboak: gazteak, emakumeak eta migratuak. Datu batzuk ematearren:
 *Gazteen langabezia tasa %35ekoa da.
 *Soldatapeko emakume langileek gizonek baino %33 gutxiago kobratzen dute.
 *Langile migratuek autoktonoen erdia kobratzen dute bataz-beste.
 *19 eta 25 urte arteko gazteen batez bestekoak gutxieneko soldata baino 181 euro gutxiago irabazten du.
 *Aniztasun funtzionala duten langileen langabezi tasa beste langileena baino 10 puntu altuagoa da, okupazio tasa 40 puntu txikiagoa.
Bestalde, azken lan erreformak (CCOO eta UGT sindikatuek sinatuta) prekaritate molde batzuei ateak ireki dizkio. Hemen adibide bat, beste askoren artean: orain arte obra kontratua izan da behin-behinekotasunaren arrazoi nagusia; hemendik aurrera ‘finko ez-jarrai’ kontratua izango da.
Finko ez-jarrai kontratuetan, idatzi duten eran, enpresen boterea langileekiko izugarria izango da, etxean izango dituzte langileak dei baten zain eta enpresak nahi duenean deituko ditu lan egitera, eta deitzen ez dituenean oso zail izango du langileak ezer eskatzea. Gobernuentzat kontratu honek abantaila izugarria izango du; estatistiketan ez da behin-behineko kontratu gisa azalduko.
Badakigu 541.600 lanpostu prekario baino gehiago badagoela Hego Euskal Herrian. Maiatzaren Lehena pizgarria izango da kopuru hori murrizteko bidean.
Ari gara, bi hitzetan esanda.