Merkantzia hiria; bizi ala iraun

Erreportajea Testua: Leire Regadas Argazkiak: Foku
Hiria ez da soilik ekonomiaren motorra, hiria da egun ekonomia bera. Sistema kapitalista pean, salmentarako objektu, merkatuko ondasun, merkantzia bihurtu da. Globalizazio finantzieroaren testuinguruan hirietako paisaia eta bizimodua eraldatzen ari den fenomenoaren tamaina ulertzen saiatuko gara, hiri gatazkak eta horri aurre egiteko moduak jopuntuan izanda, dinamika horren aurkako borroka klase borroka delako

Puntu honetara nola heldu garen ulertzeko, hamarkada batzuk atzera egitea komeni da lehenik eta behin. Iraultza frantses eta industrialaren garaira jo beharko genuke hiriak zentzu modernoan ulertu ahal izateko, produkzio eta kontsumo parametroen gainean eraikitako hirigintzaren errora jotzeko. Baina ez dugu horrenbeste sakonduko. 70eko hamarkadan kokatuko gara, fabriken deslokalizazioa gertatzen den une horretan, Jose Mansilla antropologoaren eskutik: “Deslokalizazioarekin batera zerbitzuen sektoreari eta higiezinen sektoreari lotutako ekonomia agertu zen Mendebaldeko hirietan.  Baina fabrikarik ez dagoenean, ekoizpenaren eremua hiri osora hedatzen da, dena merkantilizatu daiteke, eta hiria kapitala erreproduzitzeko espazio pribilegiatu bihurtzen da”.

David Harvey geografoak ideia hori osatzen du Hirirako eskubidea artikuluan. Haren esanetan, hiria beti izango da klase borrokaren eremua, enpresek sortzen dituzten etekinak hiriaren sorrera eta eraldaketarako bideratzen direlako, baina onura horiek ez dira modu kolektiboan kontrolatzen, esku gutxi batzuen esku baitaude. Klaseaz hitz egitea beste erremediorik ez dago, beraz, beti egongo baita interesen arteko konfrontazio edo talka. Azken finean, kapitalismoaz ari gara.

Turismoa, hiri eredu merkantilizatuaren abiapuntu eta helburu

Gero eta lehia handiagoa dago hirien eta lurraldeen artean erosahalmen handiko turistak erakartzeko. Horrek ezaugarri ugari ditu: espazio publikoa kontrolatzeko neurriak, hiriko paisaia espektakuluaren parte bilakatzeko dinamikak, museifikazioa, eta abar, beti ere inbertsioen mailari eusteko edo handitzeko helburuarekin. Bien bitartean, turismoan oinarritzen den enpresariak exijitzen du baliabide publikoekin asetzea dituen beharrak. Horrek guztiak badu aski ezaguna den B aldea: prekarizazioa, gentrifikazioa, kutsu aporofobikoa duen hirien higienizazioa, segurtasunaren gaineko diskurtsoa…

Turismoaren inpakturik zuzenena hirietako Alde Zaharretako auzokideek bizi dute, masifikazioak eta saturazioak ez dielako uzten eguneroko jarduerak aurrera eraman ahal izatea. Datuak erakusgarriak dira. Iruñeko Alde Zaharrean 222 taberna eta jatetxe daude, horietatik 35 kale bakarrean, hau da, bederatzi metro bakoitzeko taberna bat. Beste era batera esanda, Alde Zaharreko 11.426 biztanleek, Iruñeko biztanleriaren %5,6k, hirian antolatzen diren ekitaldien %85 jasaten dituzte. Paco Roda auzokideak ondo daki zer den horri aurre egitea, “erresistitzea”. ‘Aldezaharrean bizi’ plataformako kideak honakoa baieztatzen du: “Turismoa aspalditik da industria toxikoa”. Lehen pertsonan pairatzen ditu masifikazio turistikoaren ondorioak egunerokoan, eta galdetzen dio bere buruari: “Ostegunetik igandera normaltasunez bizi eta lan egiterik ez badago, zer gertatuko litzateke urtean 365 egun errepikatuz gero, Udalak nahi duen bezala?”

Donostiako Alde Zaharrean bizilagunak turismo masiboaren ondorioei aurre egiteko antolatu dira. Parte Zaharraren Bizi elkarteak horrela salatzen du webgunean: “Alde Zaharreko kale estuetan turista asko ibiltzeak eragozpenak sortzen dizkie auzoan bizi garenoi, sortutako zaratarekin lotutako eragozpenak eta zirkulaziorako oztopoak, gure eguneroko lanak egiteko oztopoak”. Izan ere, bisitari taldeak espazio publikoarekin egiten direla ziurtatzen dute. Kaleak kapitalaren esku, gehiengoarenak ez diren interesen zerbitzura. Kaleak kontsumitzeko edota leku batetik bestera igarotzeko baliatu; baina ez bertan egoteko, bertan antolatzeko, bertan bizitzeko.

Hiria, marka komertzial

“Hiria zatika edota osorik saltzen da, marka komertzial bihurtzeraino. Marca Barcelonak esaterako, espazio pribatizatu bat kontsumitzen duten turistak erakartzea du helburu; jendea ez dator gauza jakin batzuk bisitatzera, baizik eta Bartzelonako esperientzia bizitzera”, azaltzen du Mansillak. Euskal Herriko hiriburuetan gauza berbera gertatzen ari da.

Adibidez, Iruñeko Udalak berak, Europako funtsak baliatuz hiri turistikoaren eredu bat proposatu nahi du –Iruñea Marka–, “helmuga turistiko jasangarri eta protagonista gisa kokatzeko eta bizitzeko edo inbertitzeko hiri osasungarri, atsegin eta erakargarri bihurtzeko”, web orriaren arabera. Rodak baieztatu du horrek esan nahi duela “hiria negozio bilakatu” nahi dutela. Are gehiago, Iruñea eta Euskal Herria nazioartean ezagunak baitira, besteak beste baina batez ere, San Fermin dela eta. Baina oraindik eusten duen jai herrikoien izaera kolokan da honezkero. “Eredu neoliberalak jai horiek hertsatu zituen, eta turismo proportzio erraldoien erakusleiho bihurtu, hiria merkatu handi bihurtzeraino. Negozio hori eskuin politikoak eta haren laguntzaileek abiarazi dute berriro azken hilabeteetan”, Rodak salatu duenez.

Etxebizitza eskubidea, non?

Bi eragileen arteko harreman sinbiotiko baten aurrean gaude: turismo industriaren hedapena eta higiezin inbertsoreen zerrenda luzea. Turismoa eta gentrifikazioa eskutik doaz, eta elkar indartzen dute. Aberastasuna ustiatzeko makina martxan da aspalditik. Udal politikek zeregin erabakigarria izan dute prozesu horren azeleratzaileak izan diren heinean. Eta ondorioa argia da, gure inguruan behin eta berriro errepikatzen dena: auzokideak euren etxeetatik zein komertzioetatik kanporatzen ari dira.

“Jende gehienak ezin du Bartzelonan bizitzeko luxua onartu”, dio Mansillak, turistizazioak eragin handia izan duen edozein eremutan errepikatzen den afera. Eskubide bat luxu bihurtuta. Gentrifikazioa: klase ordezkapena. Antropologoak apunte interesgarri bat egin du: “Ez da fenomeno estatikoa, etorri berri diren horiek ere alde egiten amaituko dute, jendea etengabe ordezkatzeko dinamika bat aurreikusten da etxebizitzaren prezioei muga jartzen ez zaien heinean”.

Alokairu turistikoa makineria horren zati bat baino ez bada ere, Airbnb eta antzeko enpresak aberastasuna ateratzeko eredurik onena bihurtu dira kate espekulatiboaren azken zatian: eskala desberdinetan ustiatzen du, ekonomia indibidualetatik hasi eta era guztietako enpresaburu turistikoetaraino; mota guztietako trikimailuak eginez erabilera turistikoaren araudiak urratzeko.

Plano honetan guztian, erabaki politikoek berritze fasean dagoen higiezinen merkatuaren zati baten beharrekin harmonian dantzatzen du, eta horren isla zuzena dira etxegabetzeak. Kapitalismo higiezin eta turistikoa hedatzeko ahalegin publiko-pribatu berri honi benetako dimentsioa ematen dion indarkeria ekonomiko eta materiala. 

Klase ertaineko ideologizazioa

Turismoak urteak daramatza bere burua garapenerako estrategia merke eta irisgarri gisa saltzen. Uniformizazioari dagokienez, bada kapitalismoak hirietan sortzen duen kontraesanetako bat: lehiatzeko bereizi egin behar da, baina ez dago hiri global baten erdigunearen antzekoagorik beste hiri global baten erdigunea baino. Hiri paisaia aldatuz doa eta, besteak beste, merkataritza sistemaren ekosistema ere. Ez soilik betiko denda horiek oinordekorik ez dutelako, edota kontsumo ohiturak direla eta irabazi nahikorik jasotzen ez dutelako, baizik eta alokairu prezio altuen biktimak ere direlako. Kanporatzen dituztelako.

Resistiendas (Pamiela, 2022), Iruñeko 48 saltoki ezagunen historia jasotzen duen liburuaren egilea da Paco Roda:“Bezero finko eta auzokide errotuei produktu mota jakin batzuk eskaintzen zizkieten denda horiek, gustu berriak, kontsumo ohitura berriak eta diru sarrera handiak edo ertainak dituzten bizilagun berrien interesen arabera ordezkatzen ari dira: frankiziak, taberna gastronomikoak, diseinuko denda elitizatuak, supermerkatu txikiak, eta abar”.  Ordezkapen hori, dio, “dinamika soziodemografiko berriek eta bere burua saltzen duen hiri neoliberal berriaren lehentasunak ezartzen ditu, sozializazioaren eta auzo harremanaren kaltetan”.

Bere hitzetan “tokiko merkataritza hiri osoarentzat aktibo bat da, bizitza eta harremantzeko modu bat sortzen duen heinean”. Ehun komertzialaren desagertzeak giza harremanak galtzea ekartzen du, auzoaren esentzia husteko saiakera.  Mansillaren hitzetan, ordezkapen horretan parte hartzen duten bizilagun berriek geroz eta diru gehiago izan, “interes kolektibo gutxiago izatea eta zerbitzuen pribatizazioaren aldeko apustu handiagoa” egitea ekarriko du. Auzokideen kanporaketaren ondorioz ehun sozialaren desargerpena dator, hiri herrikoiaren galera. Klase ordezkapenaren ondotik, klase ertaineko ideologizazioa.

Auzo antolakuntza

Horrela eman dezakeen arren, gentrifikazio eta turistizazio dinamikek beraiekin dakartzaten ondorioak ez dira errealitate saihestezina, edo behintzat horrela uste eta erakutsi dute dozenaka kolektibo, sindikatu eta auzo talde osatzen dutenek. “Antolatzea jadanik ez da betebehar politiko edo etikoa, desjabetuok bizirik irauteko aukera bakarra baizik”. Ane Salvador AZET Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeko kidearen hitzak dira Berria egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.

Baina gentrifikazioari aurre egiteak esan nahi du handikeria neoliberalaren diskurtsoari aurre egin behar zaiola. “Gentrifikazioaren aurrez aurre jartzea ez da edozer gauza, Estatu ereduaren kontua baita”, uste du Rodak. Horrekin lotuta, zailtasunak agertzen dira ere masa turismoaren aurkako borroka aktiboa planteatzen denean. Kolektibo askori zilegitasuna kendu zaie. Kriminalizatu ere egin dituzte. Noski, Rodak azpimarratzen duenez,“turismoa Barne Produktu Gordinaren sortzaile handia da, baita enpleguarena ere –beste kontu bat da enpleguaren kalitatea– ...eta horren aurka ez da erraza diskurtso konfrontatzaile bat egituratzea, airoso ateratzen dena”. Haren ustez, “garrantzitsua da konfrontazio horretan industria horren eta hirietako egoiliarren arteko gatazka azpimarratzea, eta gatazka agenda politikoan txertatu”.

Konpetentzia, enpatia eza eta elkarrekiko esplotazioa dakar inolako sarerik edo harremanik konpartitzen ez duten pertsonen arteko elkarbizitzak. “Hiriak marka gisa ulertzen baldin badira, bizilagunak hiriaren ekoizle eta kontsumitzaile izango dira, bazter guztietan murgiltzen den kapitalismoa den heinean”, hausnartu du Mansillak. “Horren aurka borrokatzea klase borroka ez ezik, antikapitalista ere bada”, argi du antropologoak. Gauzak horrela, espazioa berreskuratu eta bizitza komunitarioa aurrera eramateko, premiazkoa dirudi berdinen artean antolatzea. Makineriari aurre egiteko. Bizirauteko.