Nafarroako Foru Hobekuntza: 2015ean hasitako aldaketan sakondu edo status quo berrituari eutsi?

Iritzia Amaia Alvarez Berastegi, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea
Nafarroako Foru Hobekuntza: 2015ean hasitako aldaketan sakondu edo status quo berrituari eutsi?
Manu Robles-Arangiz Fundazioak aurki ‘Euskal Errepublika: Impassetik aktibaziora’ liburua argitaratuko du. Artikulu hau liburu horretarako Amaia Alvarez Berastegik idatzi duen atalaren laburpena da. Bertsio luzea liburuan bertan irakurri ahal izango da.

Askotan errepikatu ohi da Nafarroako errealitate politikoak mugarria izan zuela 2015. urtean. UPN gobernutik kanpo uztean, haren pean zegoen erregimenak kolpe itzela jasan zuen. Hamar urte igaro diren honetan, ordea, aldaketa politiko harekin hasitako bidean falta den oinarrizko pieza aldarrikatu nahi dut: Foru Hobekuntzaren eztabaida eta erreforma sakona. Are gehiago, Nafarroako errealitate juridiko eta politikoa (estatusa, nahiago bada) sakonki moldatu ezean, 2015ean hasitako aldaketa politikoa osatu gabe geratzeko arriskua dago eta harrezkero sortu den status quo berritua mantenduko da, benetako aldaketa gauzatu beharrean.

Foru Hobekuntza ez da modu sakonean aldatu. Orain arte, hiru aldiz erreformatu da, baina aldaketa horiek ez dira eztabaida sakon eta anitzaren ondorio izan. Eskumenen inguruko aferek eramaten dute Foru Hobekuntzaren inguruko eztabaida agenda politiko eta mediatikora. Izan ere, eskumen jakin batzuen kudeaketak gizartearen ongizatea bermatu edota hobetu dezakete. Gutxieneko soldataren kudeaketaren kasua horren adibide da, baina Estatu Sozialaren oinarriekin lotura duen edozein eskumen ere aipatu genezake.

Badira, ordea, Foru Hobekuntzan onartuta dauden baina oraindik transferitu ez diren eskumenak. Horien artean espetxe politikaren kudeaketa dago. 2021tik EAEk eskumen hori badu ere, Nafarroari oraindik ez zaio transferitu. Bide horretan, 2021ean espetxeetako osasun zerbitzuak kudeatzeko eskumena Nafarroaren esku geratu zen eta, horrek presoen osasun zerbitzuan duen eragin positiboa onartuta ere, Nafarroak bere gain hartu beharko luke espetxeetako kudeaketa osoa.

Izan ere, ez bakarrik EAErekin alderatuta, Nafarroa atzean geratzen ari dira eskumenen transferentziaren gaiari dagokionez. Iragarri dutenez, 2026ean AP-68 errepidearen titulartasuna bere gain hartuko du Nafarroak. 40 kilometro izango dira guztira. Mahai gainean, alabaina, gai esanguratsuago bat omen dago: ikerketa, garapena eta berrikuntzaren eskumena, alde batetik, eta beken kudeaketa bestetik. Behar bereziak dituzten ikasleei bideratutako diru laguntzen kudeaketa ere bloke horretan sartuko zen. Alor horien inguruko eskumenen garapenak berebiziko garrantzia du desberdintasun sozialak murrizteko bidean eta hezkuntza eskubidea bermatzeko bidean. Gainera, ikerketa eta berrikuntza alorrak bere gain hartuta, Nafarroak hobe definitu ahal izango lituzke etorkizunera begirako erronka sozial eta ekonomikoak.

Nafarroak gaitasun politikoa galdu du

Azken urteetan Estatuko eta Nafarroako gobernuburuen kolorea berdinak izanik ere, Nafarroak gaitasun politikoa galdu du eta aurrera begira ere Estatuaren zentralizazio prozesuan are gehiago sakontzen bada, gaitasun politiko galtzen jarraituko du. Historiak zerbait irakasten badigu, Espainiar estatuak zentralismoaren aldeko apustu historiko argia egin duela da. Izan ere, trantsizioan adostutako eskumenen transferentzia guztiak ez dira oraindik egin eta Nafarroaren kasuan, gainera, ez da erabakitzeko eskubidean inondik inora sakondu. Nafarroak bere markoaren, Foru Hobekuntzaren, inguruko eztabaida irekia, anitza eta sakona egin beharko luke, eta alderdiek nahiz instituzioek eztabaida hori gauzatzeko tresnak ahalbidetu beharko lituzkete.

Eztabaida politikoa eskumen jakin batzuen kudeaketaz harago joan beharko luke benetan esanguratsua izan behar bada. Bestela, bai politika orokorraren eta baita Nafarroako estatusari buruzko nondik norakoak hankamotz geratzen dira. Zer lortu nahi da eskumen jakin batzuen kudeaketarekin? Nola erantzungo du kudeaketa horrek Nafarroako gizarteak dituen erronken aurrean? Zeintzuk dira Nafarroako gizartearen beharrak? Azken urtean zenbat eskumen transferitu diren zenbatzea baino, horrelako galderak egitea komeni da. Hortik abiatu behar da Foru Hobekuntzaren inguruko eztabaida; Nafarroako gizartearen diagnosia egin, eta hortik aurrera, marko juridikoaren eztabaidaren ardatzak zehaztu.

Cuando se creó la ponencia para llevar a cabo el debate sobre el Amejoramiento Foral, en 2023, se dijo que los objetivos eran profundizar en el autogobierno, en la democracia y en los derechos sociales. Cuando termine el recorrido veremos si eso realmente se ha conseguido o no.

Eztabaida ireki behar da

Bide horren marko juridikoa bera (Foru Hobekuntza) zalantzan jartzea komeni da, eta tresna bezala gizarteak dituen erronkei erantzuteko balio duen ala ez ezbaian jartzea komeni da. Non daude egun Nafarroako eskubide historikoak? Nola lotzen dira gaur egungo gizarterik? Nola eguneratu ditzakegu? Nafarroako gizartearen aniztasuna kontuan hartuz, eskubide historikoak gaurkotzea ezinbestekoa dirudi. Gaur egunetik abiatuta eta eskubide historikoen oinarria hartuta, gizartearen ongizatea hobetzea izan behar da helburua.

Nafarroako gizarteak erakutsi duen heldutasunari erreparatuz, posible izanen litzateke gure markoa eztabaida horrelako gaiei lotzea eta benetan UPNren erregimenaren garaia bukatu dela erakustea. Horretako, ordea, eztabaida erabat irekia beharko luke, anitza, eta ustez ukiezinak diren gaiei ere heldu beharko lioke. Tartean, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoarekin eta gainerako euskal lurraldeekin nahi duten harremana, edota euskararen ofizialtasunaren gaiak jorratu beharko lirateke.

Egia da irudimena librea dela eta Foru Hobekuntzaren marko berriak hainbat langarekin egingo lukeela topo: tartean, Espainiako konstituzioa. Dena den, erreforma sakonaren bide luze horretan lehen pausoa Nafarroan bertan akordioak lortzea izango da. Eta hori ez da beti gauza erreza. Hala ere, eztabaidak gauzatzea eta tresna juridiko eta politiko berritzaileak proposatzea alderdien borondate politikoaren menpe dago. Gaurko egunean behintzat, alderdi politikoen agendan gai honek ez dauka lehentasunik. Zailtasunak zailtasun, funtsa duen eztabaida politiko bat izatea Nafarroako demokratizazio prozesuan lagunduko luke. Nafarroako estatus orokorra mahai gainean jarrita, bestelako gaiak ere ardatz hartu beharko lituzke hizpide eztabaida horrek: estatu sozialaren esanahia gaur egun eta horretan gizarte segurantzak duen rola, gorroto diskurtsoen mehatxua eta etxebizitza duinen inguruko kudeaketa, besteak beste.

Foru Hobekuntzaren inguruko eztabaida gauzatzeko ponentzia sortu zenean, 2023ean, helburuak autogobernuan, demokrazian eta eskubide sozialetan sakontzea zela esan zen. Ibilbidea amaitzen duenean ikusiko dugu hori benetan lortu den ala ez. Bitartean, eztabaida horiek Parlamentuan ez ezik gizartean ere piztea beharrezkoa da. Eztabaidak sakona eta gizarteak berretsia behar du izan. Bide horretan, bada, datozen urteotan ikusiko dugu Nafarroak 2015ean abiatutako aldaketan sakonduko duen edo status quo berritu baten menpe geratuko den.