Next Generation funtsak nekazaritza industrializatzen jarraitzeko
Harritzekoa da, justuan, natura babesteko eta, beraz, nekazaritza epe luzera babesteko diren neurri hauen kontra azaltzea Europako nekazari batzuk. Baina hau ulertzeko, agian, gaur egungo nekazal ereduari begiratu beharko genioke. Izan ere gero eta guttiago dira lurrarekin estuki lanean dauden nekazariak eta gero eta gehiago ekoizpen kateak dominatzen dituzten enpresa handiak. Eta, erranen nuke, manifestazio horietan batez ere azken hauen interesak borrokatu direla.
Gurera etorrita, Nafarroan bereziki, abeltzaintza eta nekazaritza industrialak gero eta indar gehiago du. Abeltzaintzari dagokiola, ustiategi kopurua 60. hamarkadatik honat murriztuz doa; animalia kopurua, ordea, batez ere hegazti, txerri eta behiena, gero eta handiagoa da. Nafarroan 2000 eta 2022 artean zerrien ustiategiak ia erdira jautsi dira; txerri kopurua, ordea, %35 igo da. Honek erran nahi du dauden ustiategiak gero eta handiagoak direla, makrogranjak direla gehienak, alegia. Nekazaritzarekin antzeko zerbait gertatu da. Nekazal lurren azalera kopurua txikitu da, eta baita nekazari kopurua ere, baina gelditzen diren nekazaritza ustiategiek bataz beste erabilitako lur kopurua handitu da. Gutxi batzuen eskutan eman den lur pilaketa hau, batez ere, Nafarroako ubidea martxan jarri zenetik izan da. Ubidetik ura hartzeko baldintza gutxienez bost hektarea izatea zenez, sekulako kontzentrazio partzelarioa hasi zen ubidearen inguruan. Honekin batera, lehorreko uztari bideratutako lur anitz ureztalur bihurtzen joan dira, preziski Nafarroako ingurune lehorrenetan eta, beraz, ura eskasagoa den tokietan urarekiko dependentzia handituz.
Makrogranjetako ondorio larriak
Intensifikazio honek eragin du, alde batetik, Nafarroako nekazal lurren %60 baino gehiago granjetako animaliak bazkatzeko erabiltzea, gero gainera animali anitz kanpora esportatzeko. Bertzetik, ur kontsumo totalaren %80 nekazaritzara bideratzen da. Makrogranjetako hondakinengatik zein nekazaritzan erabilitako ongarri kimiko eta pestizidengatik, Nafarroako ur azpiko masa anitz kutsadura egoera lazgarrian daude. Aldaketa klimatikoren ondorioz, datozen urteetan ur eskuragarritasuna %16 eta 26 bitartean murriztea espero da. Azkenik, lurra lantzen duten pertsonen bizi baldintzen degradazio ikaragarria eman da.
Argi dago beraz egungo nekazaritza eta abeltzaintza ereduak, pertsonaren elikadura osasuntsua eta sektorearen iraunkortasuna zaindu beharrean, enpresa handien epe motzeko onura ekonomikoak babestea duela helburu. Eta gainera ez dirudi aldaketa hori enpresa hauen edo administrazioaren eskutik etorriko denik. Teorian, Next Generation funtsak ekonomia berrindartzeko eta natura babestuko duten irtenbideak bilatzera etorriko ziren, tartean ur kutsadura eta ur eskasia. Baina Next Generation funtsak zertarako bideratuko diren aztertuta, aldaketak sortu baino, egungo eredua indartu baino ez dutela eginen dirudi.
Zertara bideratzen dira Next Generation funtsak?
Abeltzaintzari lotuta, Next Generation funtsen bidez biometanizazio plantak sustatzeko asmoa dago. Biometanizazio planta hauek, abeltzaintza industrialak mindekin (animalien piza eta gorotzak) sortutako ingurumen kalteendako irtenbide gisa planteatzen dira. Planta hauetan mindak edo hondakin organikoak estabilizatu eta gas berriztagarria sortzen da sistema energetikoan erabili ahal izateko. Gasa erauzteko prozesuaren ondotik, digestatoa izeneko produktu bat sortzen da. Eskala txikian horrelako plantek onurak ekarri ditzakete, sortutako gasaren bidez ikuiluei auto-hornidurarako aukera emanez, eta digestatoa ongarri gisa erabiliz fertilizante kimikoen beharra murriztuz. Arazoa da azpiegitura hauen eskala industriala izaten dela gehienetan eta, normalean, ongarri kudeatzaile bezala bukatzen dutela, mota eta jatorri ezberdineko hondakinak jasoz, azpiegituraren errentagarritasun ekonomikoa bilatuz. Honen ondorioz materia organiko kopuru izugarriak pilatzen dira puntu bakar batean; inguru horretako lur eta uren kutsadura arazoak konpondu beharrean larriagotzen dituzte. Nafarroan Caparrosoko behitegiari lotutako HTN biometanizazio planta dugu, eta Larraga, Mendigorria eta Artaxoako granjei lotuta Biomendi. Caparrosoko ingurua jada nitratoekiko zaurgarria den zonalde izendatua dago. Mendigorriako zonaldeak oraindik ez du izendapen hori, baina inguruan egindako neurketek adierazten dute Larraga eta Mendigorria inguruko ur masa anitz kutsatuta daudela nitratoengatik.
Nekazaritzari lotuta, Next Generation funtsek erregadioaren modernizazioaren aldeko apustua egiten dute 2026ra arte, 6 milioi euro bideratuz. Modernizazioaren helburua ureztaketaren efizientzia handitzea da berez, ureztatzeko erabilitako ur kopurua murriztuz. Baina, modernizazioaren kontu hau tranpa bat baino ez da, batez ere aldaketa klimatikoaren eraginak dagoeneko jasaten ari garenean. Tranpa bat da, efizientzia handitzerakoan, ur gehiago dagoen sentsazioa sortzen delako. Ondorioz. normalean, ureztatutako lurrak gora egiten dute, edo lurrazal unitateko landare kopuru handiagoa landatzen da edo ur gehiago behar dituzten landaketa ezartzen dira, azken finean, efizientzia handituta ere, ur eskaria murrizten ez delarik. Bertzetik modernizazio honek orokorrean natur ingurunera itzultzen den ur kopurua jaisten du, normalean landareen ebapotranspirazioa handitzen delako. Gainera, itzultzen den ur hori anitzetan kutsatua izaten da pestizida eta ongarrien kontzentrazio handiagoak eramaten dituelako. Azkenik, erregadioa modernizatzeko diru guzti hau batez ere guztiz industrializatuta dauden ustiategietara bideratzen da, kanpoan utziz nekazari txikiak eta bertze nekazaritza eredu bat sustatzeko aukera.
Gero eta industrializatuago dugu lehen sektorea eta honek ingurumen kalte larriak dakartza. Baina instituzioetatik bideratutako diru eta proiektu guztiak bide hau indartzera datoz, beharrezkoa den trantsizio agroekologiko batetik urrunduz. Momentua da elikagaien ekoizpen sistemari buelta bat emateko, agroekologia eta elikadura burujabetzaren bidetik.