Palestina: etenik ez duen kolonizazioa
Ziurgabetasunez eta beldurrez josiak igarotzen dira egunak Salem familiarentzat, mehatxu bati aurre egiten dihardutelako; kolono israeldarrek etxetik noiz kaleratuko dituzten ez dakite. Jerusalem ekialdean kokatuta dagoen Seikh Jarrah auzoan bizi da Salem familia 1951. urtetik. Nakba edo hondamendia bezala ezaguna den 1948ko exodoaren ostean gotortu ziren bertan, Israelek bere burua Estatu egikaritu zuenean Palestina historikoan. 700.000 palestinar baino gehiagorekin batera, euren etxeetatik eta lurretatik indarrez kanporatu zituzten israeldarrek Estatu judua sortzeko. Auzo horretan aurkitu zuten babesa eta, 70 urteren ondoren, errefuxiatu bihurtu nahi dituzte berriz ere.
Jerusalem zatikatuta dagoen hiria da 1948ko gerra arabiar-israeldarraren ondoren. Mendebaldea okupatu zuen ezarri berria zen Israelgo estatuak eta ekialdea, Zisjordaniarekin muga eginez, Hiri Zaharra barne, Jordaniarren kontrolpean gelditu zen. 1967an Israelek Jerusalem ekialdea okupatu zuen. Gaur egun, Jerusalem ekialdea Okupatutako Lurralde Palestinar gisa aitortu du Nazio Batuen Erakundeak, baina Israelek de facto administratzen du, “Nire gurasoak hemen bizi ziren, hemen jaio naiz, hemen ezkondu. Nire hiru semeak hemen jaio dira; bikotekide eta haurrekin bizi dira orain. Hau gure etxea da. Ez gara hemendik mugituko” dio, begiak urtsu dituela, baina irmoki Fatima Salemek.
Kolono israeldarrek etxearen jabetzari buruzko erreklamazio bat aurkeztu ondoren, Israelgo auzitegi batek ebatzi zuen Salem familiak etxetik joan beharko zuela. Israelgo agintariek erabilitako aitzakia da etxea juduen jabetzakoa zela 1948 baino lehen eta, beraz, lur horiek beraienak direla. Fatima Salemen familia auzitegietan borrokan aritu da urte askoan Israelgo okupazio indarrek etxea konfiskatzea ekiditeko.
2021eko abenduan kanporatu behar zituzten, baina auzoan piztutako protestek lortu zuten prozesua behin-behinean geldiaraztea. Epe hori amaituta, datozen asteetan espero dute etxetik botatzea, nahiz eta ez dieten zehaztu data konkreturik. “Ez dugu nora jo, ez dugu beste etxe bat alokatzeko aukerarik. Kale gorrian utzi nahi gaituzte”, salatzen du Fatimak. “Egunero datoz kolonoak etxera polizia israeldarraren babespean”, kontatzen du Ibrahim Salemek, Fatimaren semeak. “Aurreko hilabetean burua ireki zidaten pintxoz jositako makilekin. Behin eta berriro errepikatzen dira oldarraldiak, baina, gure etxean gaudela tiro egiten badigute ere, ez dugu etxea utziko”.
Etxe eraisteak Jerusalem ekialdean
Salem familiarena ez da kasu konkretu eta isolatu bat. Jerusalem ekialdeko Sheikh Jarrah eta Silwan auzoetan bizi diren 218 familia palestinarretako bat da Salemtarrena. Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren arabera, gutxienez 970 palestinar, 424 haur barne, indarrez kanporatuak izateko arriskuan daude Jerusalem ekialdean, eraikuntzak legez kanpokoak direla argudiatuta kolono taldeek Israelgo auzitegietan aurkeztutako salaketen ondorioz.
“Gure etxea ez da nahi duten gauza bakarra. Jerusalemen arabiarrak murriztea dute helburu, gehiengo judua edo israeldarra finkatzeko. Okupazio militarraren azken helburua da eremu guztia bereganatzea. Jerusalem kosta ala kosta nahi du Estatu juduak, hiriburu bakar eta zatiezin bihurtzeko”.
Seikh Jarrara sartzerakoan nabari da tentsioa. Kontrol kamerak auzoaren sarreratik bertatik daude. Auzoan barrena, kolono ultraortodoxo taldeak ikus daitezke kaletik ibiltzen, seguru, harro, eta palestinarrekin topo eginez gero, jazarpenak hasten dira Israelgo poliziaren begirada pasibopean. “Joan zaitezte hemendik, hau Israel da”, oihukatzen die bi palestinarrei hamar urteko haur kolono batek.
“Horrelako bizipenak ohikoak dira, eta batzuetan indarkeria fisikoa erabiltzen dute”, kontatzen du auzolagun batek. “Aurrean dugun etxe hori, Daviden izarra duena eta kamerez josia dagoena, kolonoek hartutakoa da eta, pixkanaka, hori egin nahi dute auzo osoarekin. Oso zaila egiten da bizitza eguneroko indarkeria honekin, baina behar beste egingo dugu bertan irauteko”.
Bizi osorako hipoteka
Jerusalemen bizi diren palestinarrak linbo juridiko batean bizi dira eta Israelen baimenen burokrazian katramilatuta daude. Esaterako, familia handitzen denean etxea handitu nahi baldin badute, eraikinean bertan beste pisu bat eraikiz, teorian baimena eskatu beharko liokete Israeli. Noski, lizentzia horiek oso gutxitan heltzen dira, eta zailtasun burokratikoen aurrean paperik gabe eraikitzera behartuta daude, eraistearen mehatxupean.
Eraisteko agindua heltzen denean, okupatutako Jerusalemen bizi direnek egoera krudel bati aurre egin behar diote, gainera: euren etxeak beraiek suntsitu, ala agintari israeldarren esku utzi prozesua.Urteetan zehar euren etxea izandakoa eraistea suposatzen duenari uko eginez gero eta israeldar garabiak deituz gero, baina, milioika shekel ordainaraziko dizkiete, bizi osorako hipotekatuz.