Patxoki Berria: Iparraldearen metamorfosi ekologiko eta sozialerako tresna

Egun on; zuen aurkezpen labur bat egin dezakezue, eta azaldu zergatik sartu zareten Patxoki Berriaren proiektuan?
A.B. : Ainize Butron naiz, Baionakoa eta Alda mugimenduko kide aktiboa eta lehendakaria. Gaztetan nire lehen inplikazioa izan nuen Patxokia eta Patxa mugimenduaren inguruan zegoen Baionako Komite Lizeotarran. Gaztetik izan dut lotura Patxokiarekin, beraz, eta, betidanik Baionako abertzale mugimenduaren arnasgune bezala ikusi dut gune hori. Urteetan zehar abertzale mugimenduan bilakaerak izan dira, egiturak aldatuz joan dira, baina Patxokiak jarraitzen du izaten Baiona Ttipiko gaztearoko ‘besta bai, borroka ere bai!’ aldarrikapena berea egiten zuen leku enblematikoa. Baiona Ttipian kokatua izateak ematen dio gune horri kutsu herrikoia ere gainera. Gaur abertzale mugimenduaren iragana berea eginda, Baiona Ttipiko auzoak duen arimarekin bat eginez, Patxoki berriak molde egokiarekin erantzun nahi die Ipar Euskal Herriaren egungo eta biharko erronkei, horretarako beharrezkoak dituen baliabideak eskainiz.
Y.M. : Ni, berriz, Yannick Montaulieu naiz, baionarra, Biziko kidea; batez ere Alternatiba mugimenduaren hastapenean parte hartu nuen.
Patxokian 2012tik aurrera hasi nintzen mugitzen, ia pikutara joan zen unean, lokalaren jabeak saldu nahi zuelako. Orduan ikasi nuen haren historia, besta eta borroken nahasketa, hainbat ardatzen inguruan: autoantolakuntza, feminismoa, baina baita mugimendu abertzalearen ibilbidea ere, niretzat lehenago ezezaguna zena. Ohartu nintzen beharrezkoa zela 1987tik irekita zegoen Patxokiaren historiari jarraipena ematea. Orain irrikaz nago leku honen eskala-aldaketan parte hartzeko; benetako gune militante bilaka daiteke, etorkizuneko Euskal Herriaren erronkei aurre egiteko are urrunago joateko bitartekoak eskainiko dituena.
Patxoki Berria proiektua zer da, hitz gutxitan?
A.B. : Egungo Patxokia, Baiona Ttipiko lokal ezaguna, 1987an ireki zen; alta, eraikina oso higatuta dago eta goitik behera zaharberritu behar da.
Patxoki berria egiteko proiektuan lau solairuko etxea aurreikusi da. Langileentzako jatetxea eta elkarte-kafetegia, 180 lagunentzako lekua duen batzar- eta hitzaldi-areto bat, bulegoak eta coworking guneak, baita bizileku sozialak eta taldeentzako aldi baterako ostatu kolektiboa ere. Honela, bizileku sozialak sortuko dira lur gehiago artifizializatu gabe eta biztanleen kooperatiba bat eratuko da.
Eta Patxokia bera nola sortu zen?
A.B. : Patxa kolektiboak bultzatu zuen; hain zuzen lokala dagoen plazak ere Patxa izena du. Patxokia ia berrogei urtez borroka- eta besta-gunea izan da. 80etako hamarkadan euskal rock erradikalaren leku aipagarria izan zen. Patxa eta Batzoki nahasten zituen izena probokazio keinu bat zen, noski, eta nolabait Hertzainak taldearen Rock and roll Batzokian kantari egindako omenaldi iraunkorra.
Patxokiak hainbat mugimendu militante abertzale, antimilitarista, feminista, ekologista etab. lagundu izan du, eta ekitaldi ugari sostengatu, esaterako Baiona Ttipiko baserritar nekazaritzaren aldeko lehen elkartearen sorrera (AMAP) edota Konpon Txoko birziklapen tailerra.
Patxoki berriaren bultzada eta dimentsio berriari esker, gaurko eta biharko militanteek datozen hamarkadetako erronkei aurre egiteko bitartekoak izango dituzte eskura.
Nor ari da Patxoki Berriaren proiektua kudeatzen?
Y.M. : Proiektua hainbat elkarteren arteko lankidetzaren emaitza da; guztiek esparru ezberdinetan dihardute baina balioetan bat datoz.
Lehenik, Eraiki dotazio-funtsa, 2023an sortua. Honek Patxokia bera kudeatuko du, baita aldi baterako ostatu kolektiboa ere. Eraiki sortu zuen modu sinergikoan lan egiten duen elkarte-ekosistema batek; hauek tresna iraunkor bat izan nahi zuten egunero behar diren tresna militanteak partekatzeko (lokalak, materiala...), “komunen” izaera epe luzera bermatzeko eta guztien arteko gidaritza ziurtatzeko.
Gidaritza hau zenbait elkargoren artean banatzen da: tresnak erabiltzen dituzten elkarteena (Manu Robles-Arangiz Fundazioa, Alda, Bizi, Enbata, Patxoki, Hariztia), elkarte aliatuena (nekazaritza alternatiboaren Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Hegoaldeko ELA sindikatua, Euskal Moneta, tokikoa eta solidarioa), eta adituen elkargoa (Iparraldeko militante historikoek osatutako taldea).
Bigarrenik, Manu Robles-Arangiz Fundazioa; horrek bideratzen du ELA sindikatuaren presentzia Iparraldean, eta beheko solairuan eta lehen solairuan izango diren elkarteentzako lan- eta bilera-aretoen ardura hartuko du.
Azkenik, bizileku sozialak eraiki eta kudeatzen dituen Comité Ouvrier du Logement (COL) kooperatibak bigarren eta hirugarren solairuko etxebizitzak kudeatuko ditu. COL 1951ean hainbat langile-familiek sortu zuten guztien artean etxebizitzak eraikitzeko xedez. Ordutik hona egoitza Angelun duen kooperatiba honek 7.000tik gora langile familiari bizilekua eskuratzeko aukera eman die, jabetzan zein alokairuan. Orain inoiz baino areago, COLen balioak justizia soziala, trantsizio ekologikoa eta herritar parte-hartzea dira.
Zer aurkituko dugu Patxoki Berrian?
A.B. : Esaterako, Manu Robles-Arangiz fundazioa; honek 2005etik hona landu du prestakuntza militantea, herritar hezkuntza eta dinamika herritar berrien bultzada. Cordeliers karrikako lokaletik Patxoki Berriko lokaletara pasako da, eskala handiagoan bere lanarekin jarraitzeko.
Halaber, Patxoki Berria mugimendu eta aldizkarien egoitza eta lantokia izango da: Alda, Bizi, Enbata… Euskal eraikuntza nazionalean, justizia sozialean eta metamorfosi ekologikoan diharduten elkarteak saretuz erraztuko da ekinaldi militante berrien sorrera.
Lehen solairuko areto handia, berriz, mugimendu abertzale, euskaltzale, langile, feminista, demokratiko eta antifaxisten esku izango da, baita Iparraldeko dinamika herritarren esku ere. Ziurrenik agenda oso betea izango du, Baiona erdigunean aspaldian baitugu honelako areto baten beharra.
Pario handia da hau, eta badirudi lanez gainezka zaudetela aurrera ateratzeko…
Y. M. : Hala da. Patxoki Berria Iparraldearen metamorfosi ekologiko eta sozialerako tresna garrantzitsua izan behar da, eta prestakuntza lanabes iraunkorra esperientzia militanteei nahiz Euskal Herriko kultura eta historiari buruz.
Aurten gauzatu beharreko erronketako bat da, hurrengo hamarkadetako erronkei aurre egiteko; testuinguru orokorra kezkagarria da: gerta daiteke bizpahiru urte barru eskuin muturra Frantzian boterera iristea. Patxoki Berria azken urteetan Iparraldean egindako lanarekin jarraitzeko berme nagusietako bat izango da.
NOLA EMAN LAGUNTZA KONKRETUA?
Xedea da uda baino lehenago urrats administratiboak eta aurrekontuaren egitura prest izatea; horrela 2025 bukaeran eraikin zaharra eraitsi eta etxe funtzional bat 2027erdialdean izango genuke.
Patxoki Berriko elkarteen atalaren finantziazio orokorra ia milioi eta erdi euro kostako da; bizilekuak autofinantziatu egin behar dira.
Proiektua gauzatuko bata Eraiki dotazio-funtsak oraindik beste 180.000 € bildu behar ditu. Internet bidez egin daiteke emaitza (ikus esteka orri honen behekaldean).
Emaitza oro da garrantzitsua: «erreka ttipiek ibai handiak egiten dituzte». Zabal ezazu proiektuari buruzko informazioa zure inguruan.
Informazioa lortzeko kontaktua: info@eraiki-funtsa.eus
Webgunea: https://eraiki-funtsa.eus/eu/