“Gaur egun ez dauka zentzurik gaztelaniazko telebista kate publiko bat izateak”

Elkarrizketa Nagore Uriarte
Eneko Sagardoy eta Itziar Ituño

» Zer neurri hartu beharko lirateke sektore hau duintzeko?

I.- Konbenioak ez dira onak, eta, gainera, errespetatu ere ez dira egiten. Enpresak behartu behar dira hitzarmenak betetzera.

E.- Gainera, epe laburrerako lanak izan ohi dira. Zortea baduzu, sei hilabete egongo zara lanean telesail batean. Dena baldintzatzen dizu horrek, bizitza proiektua bera. Menpekotasuna erabatekoa da: film bat egiteko bi hilabeteko kontratua izango dut, baina, gero zer? Hipoteka batean sartuko naiz zer diru-sarrera izango ote dudan jakin gabe? Familia osatuko dut?

I.- Aktore-funtzionario konbinaketa arrotza egiten bazaigu ere, Alemanian udal antzerki konpaniak daude. Aktoreak finkoak dira eta hainbat obra egiten dituzte, baita birak ere. Zoragarria da hori.

E.- Hemen ez daukagu horrelako ezer. Kataluniarekin konparatuta adibidez, bertan jende guztiak daki badagoela arte eszenikoen karrera, horrek badu onarpen sozialean eragina. Berton, euskaraz, non hazi daitezke aktoreak? Eskola pribatu txikietan, besterik ez.

» Berton kultura politika industriarik ez dagoela esatea gehiegi al da?

I.- Gehiegi esatea da, bai. Egon badago, baina ez da nahikoa. Gainera, ez dago epe luzerako estrategia kulturalik. Planteatzen den guztia epe ertainera begira egiten da. Argi ikusten da hori ETB1-en. Ez dago hizkuntza eta kulturari begira epe luzerako proiekturik.

E.- Adibidez, gaur egun ez dauka zentzurik gaztelaniazko kate publiko bat (ETB2) izateak. Bestetik, diru partida handiak bideratzen dira ekitaldi handietara, MTV sarietara, kasu. Argi dago denetarik egon behar dela sistema kultural batek funtzionatzeko, baina ez dago orekarik. Askotan entzun ohi da ETBk inbertitu egiten duela filmetan. Hala da, bai, baina esan beharra dago Europatik datorren agindua dela, % 6ko gutxieneko inbertsioa agintzen baita. Hau da, derrigorrezkoa den gutxienekoa baino ez da inbertitzen. Eusko Jaurlaritzaren finantzazioa ere eskasa da. Ez nuke esango dena txarto dagoenik, baina bai gogorarazi euren betebeharra dela, eta, gurea, nahikoa ez dela aldarrikatzea.

» Frantzian, adibidez, euren kulturaren defendatzaile sutsuak dira: eredua ote?

E.- Ez dakit protekzionismo basatia ote den behar duguna, baina argi daukat zerbaitetan indarra jarri behar bada, hori gure hizkuntzan dela. Logikoena da diru-laguntza ia guztiak euskaraz egindako proiektuetara bideratzea. Euskarazko produkzioak sustatzea izan behar da lehentasuna. Gainera, industria hitzari erreparoa diogu: kapitalista, komertziala... iruditzen zaigulako, baina zentzu onean ulertu beharko genuke, fabrika, sarea balitz bezala. Azken batean, artearen industriak etekin handiak ematen dizkio herriari. Kontua da narritadura pizten zaigula kultura denean diru-laguntzak jasotzen dituena. Automobilen industriak ez al ditu jasotzen ala?

I.- Gurean, industria, bere horretan ez dago. Enpresa txikiak dira, esfortzu handiz, kristoren proiektuak aurrera ateratzen ari direnak. Halere, ez da serioa. Denok gara instituzioak, herritarron zerbitzura egon behar dute erakunde publikoek. Ezin daiteke esan ez dagoela dirurik kulturarako. Erabaki politikoa da hori.