PwC (arkumez mozorrotutako otsoa)

Iritzia Exprai eta Gorka Quevedo
La Carta de Derechos Sociales de Euskal Herria ha elaborado una ILP para reforzar las prestaciones sociales y garantizar el acceso a la vivienda

Segur aski ALDA-ren irakurle guztiek ondo ezagutuko dute arkumez mozorrotzen zen otsoaren ipuina. Halako zerbait egiten dute PwC (PriceWaterhouse Coopers) bezalako aholkularitza enpresek, mundu mailan sektore honetan dagoen garrantzitsuenetakoa. Sistema kapitalista basatienaren aurpegirik ilunenaren ordezkari dira, baina, ipuineko otsoaren azpijoko bera erabiltzen dute: arkume mozorroa jartzen dute euren benetako irudia ezkutatzeko.

Berriki “euskal ekonomiaren egoeraren inguruko” txostena argitaratu du PwC-k. Eta bertan sindikalgintza jartzen dute euskal ekonomiak dituen arazoen artean. Hala esaten dute, hitzez hitz. “Enpresari eta sindika- tuen arteko  ekintza batasun falta da datozen urteetan Euskadiren ekonomiak duen arazo nagusietako bat”. Badakizue, bertako patronalak horren gustuko dituen itsas metaforak: “denok ontzi berean goaz, elkarrekin egin behar dugu arraunean...”

Txostenaren aurkezpenera Euskal Autonomia Erkidegoko Industria eta Garapen sailburu Arantza Tapia joan zen. Eta, hain zuzen, hor dago gakoa. Berdin Tapia edo beste edozein arduradun politiko izan. Zein da, azken finean, PwC bezalako enpresen helburua? Gobernu eta erakunde publikoei, -izugarrizko dirutzen truke, noski-, lan zikina egitea.

Kapitalismo neoliberal bideagabea saltzea da euren zeregina, modu atsegin eta erakargarrian. Eta, horretarako, kanpoko aditu inpartzialaren mozorroa jartzen dute. Arkume jantzia. Burtsan kotizatzen duten enpresa handienak,  bankuak, finantza etxeak, espekulatzaileak... Diru gehien dutenei diru gehiago nola lortu erakusten diete. Eta, horretarako, edozerk balio du: irabaziak zerga-paradisuetara desbideratu, politikariak presionatu, bankuen egoeren inguruko txosten faltsuak egin...

Gure baliabide eta eskubide apurrak aberatsenei eman asmoz arkumez mozorrotzen diren otsoak. Hemendik aurrera, artaldearen inguruan bueltaka ikusten badituzue, argi izan: gu jatera gatoz. Euren irribarrearen atzean milaka arkumeren odola dago. Ez gaitzatela engainatu.