Roberto Enríquez (Bob Pop): Marikoia eta komunista
Roberto Enríquez Higueras du izena, baina jende gehienak Bob Pop bezala ezagutzen du. Madrilen jaio zen 1971. urtean, baina duela urte asko Bartzelonan bizi da Maurorekin –bere senarra, maridito– eta Noe txakurrarekin. Interneten dagoen entziklopedia aske ezagun batek jasotzen duen bibliografiaren arabera, Roberto telebista kritikaria, moda aditua, zutabegilea, idazlea, blogaria, aktorea, gidoilaria eta telebistako kolaboratzailea da. Ez da gutxi!
Hainbat modu daude Roberto –edo Bob Pop– ezagutzeko. Idatzi dituen lau liburuak irakurri daitezke; edo astelehenetan Hoy por hoy irratsaioan entzun; edo La Marean aldizkarian irakurri ; edo Maricón Perdido bere serie autobiografikoa ikusi; edo TV3ko Colapse saioan egiten dituen kolaborazioez gozatu; edo antzerkira joan Los Días Ajenos de Bob Pop antzezlana ikustera. Izan ere, Robertok hitz egiten, idazten edo antzezten duenean, irakurtzen, entzuten edo ikusten ari denarekiko enpatia sortzen duen estriptis emozionala egiten du. Agian horregatik, Bob Pop ezagutzen duzunean badirudi bizitza osoko lagun batekin ari zarela.
Kezka politiko sakonak dituen pertsona da. Bere burua ‘marikoia eta komunista’ gisa aurkezten du; azken udal hauteskundeetan Barcelona En Comú alderdiaren zerrendetan aurkeztu zen. Gainera, hainbat sari jaso ditu komunikazioaren munduan LGTBI ikusgarritasuna aitortzeko egindako lanagatik.
Baina, gainera, azken urteetan hitz berri bat gehitu du bere autobiografian: dibertsitate funtzionala duen pertsona edo desgaitasuna duen pertsona. 2019an, esklerosi anizkoitza zuela jakinarazi zuen Andreu Buenafuentek aurkeztutako Late Motiv programan. Gaixotasun hori duela 30 urte diagnostikatu zioten. “Deitu nahi duzun bezala, baina jarri arrapala bat eta bainu egokitu bat. Arrapala inportanteagoa zait terminoa baino”.