Sare sozial pribatuen atzaparretan galduta

07:00. Gosaltzen duzun bitartean Twitter irekitzen duzu azken albisteen berri izateko. Horren ordez, Daniel Esteve Desokupako buruaren azken polemika, euskararen aurkako enegarren twitt-a edo palestinar genozidioaren ondoren eraiki nahi duten Trump Gaza luxuzko resortaren bideo biralarekin egiten duzu topo. Ezin izan duzu saihestu, eta ikusi berri duzuna partekatu duzu lagunekin.
Arratsaldean Instagram edo TikTok irekitzen dituzu, entretenitzeko. Emakume baten profilarekin egiten duzu topo, bere mutilarentzat sukaldatzen agertzen da bideo guztietan. Scroll. Llados delako baten beste reel bat, arrakastatsua izateari buruzko katedra ematen, zortzi orduz lo egitea “fucking pobreen gauza” dela esanez, bostetan esnatu behar dela bizitzan norbait izateko. Scroll. Ordu jakin batean supermerkatu batera ligatzera joateko moda, gurditxoan anana bat jarrita. Scroll. Scroll. Scroll.
Zergatik dira iristen zaizkigun edukiak eta berriak gero eta hutsalagoak, erridikuluagoak edo probokatzaileagoak? Pantailaren atzean algoritmo batzuk ezkutatzen dira, emozionalki eta erraietatik dei egiten duen eduki mota hori masiboki irits dadin diseinatuak. Erantzun eta erreakzio gehien sortzen dituen hori lehenesten dute algoritmoek. Izan ere, horren araberakoa izango dira plataforma pribatuen irabaziak.
Sare sozialetan gero eta garrantzia gutxiago dute jarraitzen dituzun pertsonen argitalpenek, algoritmoa arduratuko baita nahi duena erakusteaz. Carles Senso kazetariak gakoak eman ditu Fascismo Mainstream: Periodismo, conspiraciones, algoritmos y bots al servicio de la extrema derecha liburuan: “Plataforma teknologikoak erabat obsesionatuta daude engagementarekin, interakzioarekin. Gizarte bat zenbat eta polarizatuago egon, orduan eta interakzio eta eztabaida handiagoa sortzen da sare sozialetan, eta, beraz, orduan eta onura ekonomiko handiagoa”.
Biralaren diktadura
Sumintzen garenean, gure tentsioa areagotzen da eta arrazionalki pentsatzeko gaitasuna murrizten da. Erantzuteko beharra ia saihestezina da. Horri lotuta, sare sozial komertzialek gero eta formatu azkarragoak bultzatzen dituzte, frenetikoagoak, datu monetizagarriak sortzen dituztenak eta pentsamendu konplexuarekin hain bateragarriak ez direnak. Ekaitz perfektua egungo gizartearen iritziak polarizatzeko eta erradikalizatzeko.
“Baliabide digital ugariko ekosistema baten aurrean gaude, algoritmoen eta sareetarako gure sarbidearen alderdi bakoitza kontrolatzen duten enpresa handien mende. Gure gailu mugikorren gehiegizko esposizioak euskarri ezin hobea eskaintzen die informazio egokiena berehala eta azkar kontsumitzeko moduan helarazteko”; horrela azaltzen du egoera ‘Desinformazioaren aroa: joera autoritario baterantz’ Novact erakundearen txostenak.
Sareen funtzionamendua ondo ulertu dute eduki sortzaileek, eta estrategia horretara egokitzen dituzte argitalpenak, hedapen handiagoa lortzeko asmoz. Hedabideak ere sartu dira gurpil zoroan, eta kazetaritzako edukiaren kalitatean eragin zuzena izan du joera honek: fake news, clickbait, albiste sentsazionalistak...Kazetaritzaren krisiak zorroztasun, sinesgarritasun eta kontrabotererik eza ekarri du informazioaren alorrean eta honek arazoa areagotu besterik ez du egin: egia eta gezurraren arteko muga geroz eta lausoagoa da, informazioa eta propagandaren artekoa bezainbeste.
Ekaitz Cancela kazetariaren eta Utopías digitales. Imaginar el fin del capitalismo (Utopia digitalak. Kapitalismoaren amaiera imajinatu) (Verso libros. 2023) liburuaren egilearen arabera, “biralitatearen diktadura inposatu da: klik gehien sortzen duena egiatzat hartzen da. Estrategia kontrairaultzaile luze baten zutabea da, nahasmen kolektiboari eusten diona eta gero eta baldintza material gogorragoak onartzera bultzatzen gaituena”.
Fake news, gorrotoa eta ultraeskuina
Elon Muskek 44.000 milioi dolarren truke erosi zuen Twitter 2022ko urrian. Hilabete gutxi batzuetan nahierara txikitu zuen sarea: zuzendariak eta plantillaren % 80 kaleratu zituen (kasualitatez, gorroto mezuak eta jazarpena murrizten zituzten departamentuak ia erabat suntsitu zituen), X izena jarri zion, Premium erabiltzaileentzako ordainketa sistema bat garatu zuen abantaila batzuekin, eta, batez ere, megafono indartsua sortu zuen eskuin muturreko jarraitzaileek eta erakundeek hedatutako gorroto mezuetarako. Dagoeneko han zeuden arren, Musken etorrerak eta algoritmoen aldaketak mesede egin zien nabarmen. Era berean, Mark Zuckerberg Metaren sortzaile eta CEOak urtarrilean iragarri zuen: “Fact-checkerrak (eduki-egiaztatzaileak) ezabatuko ditugu X-ren antzeko ohar komunitarioekin ordezkatzeko, Ameriketako Estatu Batuetan hasita”.
Algoritmoek eta informazioen egiaztapen ezak koktel ezin hobea sortzen dute gorroto diskurtsoak eta eskuin muturreko mezuak ugaritzeko. Ez da kasualitatea, kausalitatea baizik, mota honetako edukiak izatea gehien biralizatzen direnak. Arrazoi ideologikoengatik sare sozialetan erregistratutako gorroto delituak % 71 hazi ziren 2024an, espainiar Gobernuaren datuen arabera. Benetako mehatxua gizartearentzat eta, batez ere, emakumeentzat, biktima gehienak emakumeak direlako, Europar Batasunaren arabera. Misoginia da interneten gorrotoa hedatzeko modu ohikoena plataforma guztietan.
Incel fenomenoak –nahigabeko zelibeen laburdura– Interneteko bazterretako nitxo izateari utzi dio, eta mehatxu erreal eta gero eta handiagoa bihurtu da. Harreman sentimental edo sexualik ez dituzten gizonen arteko lasaitze-foro gisa hasi zena kasu askotan mugimendu global erradikalizatu baterantz eboluzionatu du, emakumeen aurkako gorrotoz, antifeminismoz eta eskuin muturraren diskurtsoz betea. Manosfera osatzen duten Reddit, 4chan eta bestelako foroetan gorrotoa baliozkotzen duen burbuila bat sortzen da, non muturreko diskurtsoek indarra irabazten duten eta edozein ikuspegi alternatibo baztertzen den.
“Incel guztiek ez dute erahiltzen, baina denek parte hartzen dute interneteko erasoaldi matxistetan. Ia beti, koordinatuta, taldean eta anonimotasunean”, salatu du Marta G. Franco kazetaria eta Las redes son nuestras (Sareak gureak dira, Consonni. 2024) liburuaren egileak. “Plataformek ikusi dute nola bete diren gorrotoz eta ez dute neurririk hartu hori geldiarazteko. Erreakzioa beti berdina da: ez da geldiarazten onurak ematen ari dizuna”, gaineratu du.
Gezurrak, gorrotoa eta kontu faltsuen arteko triangeluak osatzen du ultraeskuinaren komunikazio estrategia. Interneteko trafikoaren % 60 baino ez da gizatiarra zentzu hertsian. Gainerakoa faltsua da: botak, klik etxaldeak, existitzen ez diren zerbitzuen iragarkiak, zuzeneko iruzurrak, Adimen Artifizial bidezko erabiltzaile faltsuak... Milioika kontu faltsu edo bot erosi ditu ultraeskuinak, eta mezu berberak behin eta berriro argitaratzeko eta hedatzeko programatuta daude. Diskurtsoak anplifikatzeko edo albiste faltsuak azkarrago zabaltzeko erabiltzen dira.
Ildo beretik, Marta G. Franco kazetariaren arabera, “sare sozialak gudu-zelai izugarria bihurtu dira, eta trollen armadak antolatzen dira beren ikuspegiak nagusitzeko, non mertzenario gehiagori ordaintzen dienak irabaz dezakeen, eta, nolanahi ere, non dena azkarregi gertatzen den”. Horrela, “oinarrizko aktibismo politikorako (trollak eta influencer-ak finantzatu ezin dituenak) leku izateari utzi diote 2.0 sare sozialek”.
Teknofeudalismoa: Big Techen agindua
Imajinatzeko zaila den arren, garai batean Internet ez zegoen korporazio handi gutxi batzuen eskuetan. Finantzazio publikoa zuen sare gisa sortu zen, eta, pixkanaka, zerbitzuak pribatizatzen joan ziren inolako kontrolik gabe. Egun, pastela Big Tech izeneko bost enpresa handien artean banatzen dute: Alphabet (Google), Amazon, Apple, Meta (Facebook) eta Microsoft. Era berean, beste enpresa batzuen jabeak dira, hala nola Youtube, Alexa, Instagram, Whatssap, Twich, etab. Testuinguru honetan, ia ezinezkoa da monopolio hauek nagusi ez diren industria teknologiko bat aurkitzea. Oso zaila zaigu, halaber, bere logikatik ihes egitea.
Baina, esan bezala, hori ez da beti horrela izan. “Gaur egun Internet deitzen dugunaren geruza teknikoa Silicon Valleyn diseinatu dela uste badugu ere, haren erabileren asmakuntza eta etengabeko berrikuntza lanketa globala izan da, gehienbat behetik (herritik) sortutakoa eta AEBetako gizon zuri aberatsak apenas izan direnak protagonista”, adierazi du Marta G. Franco kazetariak bere azken liburuan. Interneten memoria historikoa eraikitzeko ariketa egiten du bertan, mundu digitalaren jatorria ulertu eta egungo ereduaren aurrean alternatibak egon badaudela azaleratzeko.
Izan ere, plataformek boterea badute, neurri handi batean guk geuk botere hori eman diegulako da. Deskarga bakoitzean, bilaketa sinple bakoitzean, like bakoitzean, gure datu pertsonalak oparitzen ari baikara. Googlen produktu bati buruzko bilaketa bat egiten badugu, oso ohikoa da segituan iragarki pertsonalizatuak jasotzea bilaketetan oinarritutako lehentasunen arabera.
Gure pribatutasuna saltzen dugu eta datu pertsonalak gordetzeko eta kudeatzeko baimena ematen dugu, “doako” zerbitzu eta aplikazioak erabili ahal izatearen truke. Negozioa biribila da. Enpresek erabiltzaileen datuak ustiatzen dituzte irabaziak maximizatzeko, erabiltzaileek datu horien balioagatik konpentsaziorik jaso gabe. Dinamika honek eman zion izena teknofeudalismo terminoari. Tesi honen arabera, sistema kapitalistaren bilakaera da Silicon Valleyko Big Tech handiek eta haien CEOek zuzendutako “feudalismo berria”.
Datu pertsonalak, XXI.mendeko urrea
Kapitalismo tradizionala ondasunen eta zerbitzuen ekoizpenean, enpresen arteko lehian eta kapital-metaketan oinarritzen zen. Hala ere, azken hamarkadetan, Google, Amazon, Meta (Facebook) eta Apple bezalako teknologia handiek jokoaren arauak birdefinitu dituzte. Enpresa horiek jada ez daude ekoizpen materialaren mende soilik; datuen kontrolean, azpiegitura digitalean eta milaka milioi pertsona konektatzen dituzten plataformetan metatzen dute boterea.
Yanis Varoufakis ekonomialari greziarrak Tecnofeudalismo. Kapitalismoaren oinordeko isila (2024) liburuan dio, korporazio teknologiko handiek “jaun feudal” gisa jokatzen dutela, eta plataforma digitalak eta datuak kontrolatzen dituztela. Erabiltzaileak, berriz, balioa sortzen duten “morroi” bihurtzen dira, beren lanagatik bidezko konpentsaziorik jaso gabe.
Cédric Durand ekonomialariak gaineratu izan du feudalismo klasikoaren antzeko mendekotasuna sortzen duela teknofeudalismoak, non erabiltzaileak (morroiak) plataforma digitalen (jauntxoak) mende dauden eguneroko hainbat jardueratarako, komunikaziotik eta kontsumotik hasi eta lana eta entretenimendura arte. Adierazi duenez, mendekotasun horrek kontrol sozial esanguratsua sortzen du, erabakiak eta portaerak algoritmoek eta politika korporatiboek moldatzen dituztelako.
Botere korporatiboaren aro berria azaltzeko balio dezakeen arren, kritikak ere jaso ditu teknofeudalismo terminoak. Critique of Techno-Feudal Reason saiakeran, Evgeny Morozov idazleak dio bizitzen ari garen aldiak izatez, kapitalista izaten jarraitzen duela. Ildo beretik, Ekaitz Cancela kazetariaren arabera, “Yanis Varoufakisek eta beste batzuek gaia planteatu duten bezala, Donald Trumpek eta Elon Muskek sustatutako esparru libertarianoa indartu egiten du. Silicon Valley salgaien metaketaren logikatik bereizi nahi da, eta, garrantzitsua da ulertzea bi prozesuek, ekonomikoak eta politikoak, elkarri lotuta jarduten dutela”.
Historia errepikatzen da: Handiki alemaniarrek Hitler finantzatu zuten bezalaxe, estatubatuarrek Trump finantzatu dute, Elon Musk, historiako gizonik aberatsena eskuineko eskua izanda (orain gutxi arte, behintzat). Enpresa teknologiko handiek, guk oparitutako datuei esker, erosten den horretan eragiteko ahalmena izan ez ezik, politikan eragiteko boterea ere badute: informazioa kontrolatzeko eta iritzi publikoa manipulatzeko boterea, hain zuzen, eta hori bada benetako mehatxua.
Internet aldatzea posible al da?
“Internet da lan eta etxebizitza baldintzak prekarizatzen ari diren aplikazioen jatorria. Kenyako langileek sareek erakutsiko dizkiguten edukiak aukeratzen dituzte orduko 2 dolar baino gutxiagoren truke. Sareen ondorioz, buruak birrintzen eta kontzentratzeko gaitasuna murrizten ari zaizkigu. Gure antsietatearen iturrietako bat da. Energia baliabide ugari kontsumitzen du: ChatGTPk Espainiako estatuan urtebetean 170 etxek kontsumitzen duten elektrizitate kopuru bera kontsumitzen du egun batean”, zerrendatzen du Marta G. Franco kazetariak ‘Sareak gureak dira’ lanean. “Teknologia digital kapitalistaren egungo ereduak zoritxar eta bidegabekeria amaigabeak dakarzkigu. Asko dugu irabazteko Internet konpontzea lortzen badugu, edo beste bat sortzen badugu”, dio.
Mundu digitala, askotan, mota guztietako distopietarako inspirazioa da, zientzia fikzio apokaliptikoa eta beldurraren asalduraren epizentroa. Baina, ez al dago alternatibarik? Ez al dago utopia posiblerik? “Kapitalismoak modu erabat irrazionalean funtzionatzen du: alienatzen gaituzten, deprimitzen gaituzten eta gure txarrena ateratzen duten sare sozialak erabiltzen ditugu, alternatibarik ez dagoelaren aitzakia faltsuarekin. Berriro diot: errealitate hori deskodetu eta egitura juridiko eta instituzional berriak birprogramatu behar ditugu, izaki aske gisa erlazionatu ahal izateko”, uste du Ekaitz Cancelak, Utopia digitalak. Kapitalismoaren amaiera imajinatu (Verso libros, 2023) liburuaren egileak. Baina alternatibak ez dira “etorkizun ideal baten proiekzio hutsak”, baizik eta “eguneroko praktikan existitzen dira”, gaineratu du.
Plataforma digital propioak eraikitzea da proposamenetako bat. Komunitatean lan egitea eta jendeari informazio alternatiboa zabaldu ahal izatea du helburu, software librearen eta kode irekiko softwarearen (FOSS) defendatzaileek diseinatuta egongo litzatekena. Sare sozialen kasuan, Fedibertsoa deritzona jendeztatzeko dei egin dute erabiltzaileek. Mendearen lehen hamarkadaren amaieratik inposatu zen sare sozialen jabeen paradigma gainditu nahi da sare deszentralizatuen erabilera bultzatuz. Fedibertsoaren parte dira Mastodon (Twitterren alternatiba), Peertube (Youtuberen alternatiba), Funkwhale (Spotify-ren alternatiba)...etab.
Hala ere, gaur gaurkoz Fedibertsoaren sareek ezin dute zuzenean lehiatu Big Tech-en sareekin; ez behintzat logika berberean. Horregatik, sare horiek publiko zabalagoa lortu arte, alternatiba gisa mugatuak direnaren ustea zabalduta dago. Marta G. Francok argi dauka:
“Sareen egungo egoera eta etorkizuna zatikatuta egongo da oraindik. Sare sozial desberdinak erabiliko dituen jendea egongo da, eta ez da hain erraza izango, estrategia bakar batekin, sare sozial bakar bat nabarmenduz, gizartearen gehiengoarengana iristea. Sare sozialak ez dira hain hegemonikoak izango, eta zerikusi handiagoa izango dute komunitate eraikuntzarekin eta harreman trinkoagoekin, ez hain lurrunkorrekin ”. Pentsamolde aldaketa eskatzen du, halabeharrez, alternatiba eraikitzeak. Egunerokoan bezala, esparru digitala ere badelako kapitalismoaren aurkako borroka esparru.
**
Bot: Robot hitzaren laburdura. Interneten zeregin errepikakorrak egiten dituen programa bat da. Adibidez: sare sozialetan edukiak argitaratzea pertsona bat balitz bezala.
Troll: Sare sozialetan eztabaidak pizteko eta beste erabiltzaile batzuen arteko liskarra sustatzeko, tonu oldarkorrean aritzen diren pertsonak.
Cripto-bro: Sare sozialetan ohikoa den profil mota bat da: gizon gaztea, kripto monetak erabiltzen dituena inbertitzeko eta, denbora gutxi horretan daraman arren, esperientzia eta ezagutza nahikoa duela uste duena inbertsio mota horietan besteei aholkuak emateko. Finantza propaganda hedatzeaz gain, emakumeen eta feminismoaren aurkako mezuak zabaltzen dituzte.
Big Tech: Munduko enpresa teknologiko handienak, merkatua kontrolatzen dutenak: Apple, Microsoft, META, Amazon, etab.
Chat GTP: Adimen Artifiziala erabilita funtzionatzen duen chat bat da, elkarrizketa naturalak izateko trebatua dagoena.
Teknofeudalismoa: Sistema feudal historikoaren eta aro digitalaren testuinguruaren arteko analogia egiten duen kontzeptua.