Socas, besterik ez

‘¡Y toda esta vaina!’ da elkarrizketan zehar Sara Socas rap-kantariak gehien errepikatzen duen esamoldea, bereziki gauza serioei buruz ari denean. Hizkuntzaren garbizaleak asaldatuko lirateke: Hauek gazteak! Guk, ordea, lepotik gozatu dugu gazteriari darion freskotasunaz eta sakontasunaz, ez baitaude kontrajarriak, elkarrizketan zehar frogatuko dugun bezala.
Oinez etorri da Madrilgo Mataderora; ez du luxuzko kotxerik nahi, nahiago du bere musikariei, femeninoz, soldata duina ordaindu: Erika Dos Santos (Freestyle-ahotsa-koruak), Mayte Gonzalez (Teklatua-koruak), Bea Lacher (Gitarra) eta Saray Saez (Bateria). Ez da gutxi, “enkante batean bagina bezala bizi garen garaiotan”. Eta bere txakurrari ere ez diezaiola ezer falta, noski! Teguesten jaio zen Socas –”Socas, a secas”, berak dioen bezala–, Tenerifeko herri euritsuenetako batean. Gabonak bikinian pasatzen ez dituen kanariar bakarra izango da, agian!
Maite du egungo bizitza Madrilen, baina harro dago bere sorterriaz; bereziki harro 2024ko apirilaren 20ean Tenerifeko herritarrek eztanda egin eta turistifikazio masiboaren aurka antolatutako manifestazio erraldoiaz. “Kanariar uharteetan dugun pobrezia tasa altua ikusita, benetan sinistu behar dugu eraikitzen ari diren luxuzko etxebizitzak Kanariarrontzat direla?”.
Migrante gehien jasotzen dituen irlatzat dute askok Tenerife. Hala ageri da egunero komunikabideetan. Berak, ordea, nahiago du hitz egiten “heltzen ez diren horietaz, hori baita benetako drama”. Bere diskoko Spanish kantak dioen bezala, `Por las fronteras entran pateras con sustancias. Pero no hay estancia para aquel que va en patera. Sí para el que vende bulos en la aristocracia. La burocracia es del de arriba no del de fuera´.
Zoriontsua da egun, arrakastak eta sare sozialen presioak gainezka egin ziotenean ez bezala. Irain matxistak jasan zituen orduan, eta nola ez, puta deitu diote oholtza gainean. Irainei buelta eman die berak, ordea, kantuan: `Yo ni Santa ni puta: una puta lesbiana...´
Argi dauka musikan jarraituko duela, beti ere, zoriontsua bada. Ez dauka arrakasta hutsagatik edo etekinengatik jarraitzeko inongo asmorik. Momenturen batean musikak ez badu asetzen utziko du eta kitto, inongo damurik gabe. Azken finean, berak dioen bezala, “me la turbopela”. Asaldatu daitezela berriz ere garbizaleak!