Soldata arrakalan harrapatuta

 

Edozein astegun batean, goizeko 11.30etan, enpresa handi baten bulegoan nago. Emakumea naiz.
Une jakin batean, inpentsan, nire mahaitik begirada altxatu dut eta ingurura so geratu naiz. Ez naiz ezertan pentsatzen ari, baina bat-batean, kafea hartzen genuen bitartean entzun dudan erantzun bat etorri zait burura: “Hemen postu guztietan gizonek eta emakumeek berdin kobratzen dute; ez badazu sinisten, zoaz soldaten tauletara, eta bertan ikusiko duzu; ez dago sexu-diskriminaziorik. Kontua da emakumeek ez duzuela aurrerapausorik ematen enpresaren barruko promoziorako, ezetz esatera ohitura duzuelako”.
Enpresa honetan, 1.000 enplegatu gaude (datu errealak dira, benetako enpresa batetik hartutakoak), eta %30 emakumeak gara. Hala ere, 33 zuzendari daude, denak lau izan ezik (%12). Hori bai, administratiboen artean -nire kasua, soldaten tauletako beheko aldean-, %94a emakumeak gara. Eta hori dena, “ezetz esatera ohitura dugulako?”.
Ez da muturreko egoera bat, nonbait irakurri dudanez gure ondoko enpresan zuzendari emakumerik ez dagoelako. Tira, pozik egon beharko ginateke, edo behintzat konforme…
Ni naiz, hain justu, ezetz esan zuen horietariko bat. Eskaintza, nolabait deitzearren, haurdun geratu nintzenean egin zidaten: jardunaldia murrizteko asmorik ote nuen galdera egin ondoren, nire patua erabakita zegoen. Gainera, eszedentzia hartu behar izan nuen. Eskerrak lanpostua ez nuela galdu.
Soldata gutxiago, etxeko lanen ardurarik handiena nire bizkarrean, kotizazio gutxi eta orain, bikotekideengandik banatzeko prozesuan nago...
Akaso promoziorako baietz esateko aukerarik daukat?
Promozioak zer dakarren badakit: ordutegi malgua (enpreseraren mesedetan beti), lan-bidaiak eta etxetik kanpo egoteko beharra… Nola moldatu nire bizitza? Nola ihes egin soldata-taularen beheko aldetik?
Soldata arrakala horretan erortzeko modua anitz dago. Amari ere gertatu zitzaion, diskriminazioa oso ongi egokitzen da garai ezberdinetan: senarraren soldata eta ordutegiaren menpe, garbiketa lanetan hasi zen 40 urte beteta, lanaldi murriztuan eta zatituan (goizez eta arratsaldez), seme-alabok koskortuta geundenean. Eraikin publikoak garbitzen zituen, beste emakume askok bezala, eta egunen batean sindikatuak datu bat erakutsi zien: herri bereko kaleak garbitzen zituzten gizonek urtean 6.000 euro gehiago kobratzen zuten. Hura (ordukoa eta gaurkoa) bai arrakala! Gainera, ama alargun geratu zenean, orduan pairatu zituen kotizazio epe motza izatearen ondorioak…
Nire alabak beste motatako soldata arrakalarekin egin du topo, Unibertsatetik aterata eta seme-alabak izateko adinean. Lan-elkarrizketetan betiko galderak: familia izateko asmorik? Bidaiatzeko prestutasuna? Ordutegi malgurik bai?
Soldata arrakalaren gakoa ez dugu teorian aurkeztuko, eguneroko bizitzan baino. Harrapatuta gaituzte, aska gaitezen gu, aska ditzagun biharko emakumeak! Atzoko emakumeen omenez...