TELELANA lana etxera... bizitza nora?

Erreportajea Aimar Etxebarria
Hankaz gora jarri du mundua koronabirusak. Aldatu ditu pertsonen arteko harremanak, eta aldatu du lana. Aldaketa horrek, gure artean hain ezaguna ez zen aktore bat taularatu du: telelana. Lan egiteko modu honen argi-ilunez aritu gara luze eta zabal konfinamendu denbora aurrez bizi zuten normalitatetik urrun igaro duten hiru pertsonekin.

Ekainak 16, asteartea. Bi hilabete igaro dira kasik konfinamendutik irteten hasi ginenetik. “Normaltasun” osoa, baina, urrun ikusten da oraindik. Bere aje propioak utzi ditu koronabirusak eragindako itxialdiak, etxetik lan egitearena horien artean. Hustu ziren lantokiak, moztu lankideen arteko harreman presentzialak. Eta pantaila baten atzean kokatu ginen guztiok, ordura arte egiten ari ginena egiten jarraitzeko. Pantailaren atzean egin dugu hitzordua guk ere, telelanaz hitz egiteko. 13.00ak dira, bazkalordua askorentzat, eta hala elkartu gara lau pertsona, ordubete inguruz telelanaz eta honen albo-kalteez hitz egiteko.

Zita, baina, atzerapenarekin hasi dugu; Isabel Garcia, 48 urteko portugaletetarra falta zaigu. Nonbait, gaizki ulertu bat egon da bideodeia egiteko erabili behar genuen plataformarekin. Telelanaren komeriak. Portugaleteko parte zaharrean bizi da Isabel, logela bakarreko pisu txiki batean, bikotea eta 35 kiloko zakur batekin. Bilbon egiten du lan, ELAko Zerbitzuak federazioan, eta ordu erdiko bidaia bat egin ohi du egunero lantokira joateko. Wifiarekin arazoak ditu etxean, eta nabari da hori irudian; lauso
antzean ikusten dugu Isabel.

Fin-fin, ordurako, pantailaren beste aldean dira Xabier Irastorza (Ordizia, 45 urte) eta Garazi Garate (Gasteiz, 24 urte). Manu Robles Arangiz fundazioan egiten du lan Xabierrek, eta bikoteaz gain hiru ume txikirekin bizi da etxean. Bilbon dauka lantokia, eta joan-etorrian bi ordu egin ohi ditu egunero. Etxean bazeukaten ordenagailu eramangarri bat, hamabost bat urte izango zituena; konfinamenduak ordenagailu berri bat erostera behartu du Xabier, ohartu baita «patata» horrekin lan egitea ez dela erraza. Garazi, aldiz, aitarekin bizi da Arabako hiriburuan, eta bizikletan egin ohi du lokalera arteko bidea. Berriki amaitu ditu ikasketak, eta hala jarraituko balu bezala egin zaio konfinamendua; lehen ikasteko erabiltzen zuen espazio bera erabili du orain lanerako. ELAren zerbitzu juridikoetan egiten du lan, baina konfinamenduan birziklatzea tokatu zaio, bestelako lan batzuk ere egitea.

Teknologiekin trebatuta, baina prestatu gabe

Ezustean harrapatu al gintuen konfinamenduak? Bai eta ez. «Zuzeneko jarraipena ari ginen egiten gaiari; zer ari zen gertatzen beste leku batzuetan, zer ondorio izan zitzakeen horrek gurean… Horretan ari zarela, pentsatu behar duzu nola antolatu behar zaren etxean. Gure kasuan, ez geneukan etxea bertatik lan egiteko prestatua, ez espazio aldetik, ez baliabideei dagokienean ere. Eta bikotea eta biok egin behar genuen telelana; konfinamenduak hori guztia prestatu gabe harrapatu gintuen», ekarri du gogora Xabierrek. Ezberdina izan zen Garaziren kasua: «Gasteizen beste toki batzuetan baino egoera bereziagoa bizi izan genuen. Konfinamendua agindu aurretik eskolak itxi zituzten. Aurreikusten genuen etor zitekeena. Hala, itxialdia ezarri aurreko ostirala agur moduko bat izan zen, lokalera inoiz gehiago itzultzeko aukerarik izango ez bagenu bezala». Isabelek, aldiz, ziurgabetasun handiz bizi izan zituen konfinamenduaren hasierako garaiak. Denbora luzea zeraman lan-hitzarmen bat negoziatzen, eta aurreakordio batera iritsia zen otsailean. «Gaur-gaurkoz hitzarmena sinatu gabe jarraitzen dugu. Ekainaren 30a arteko denbora tartea eman diogu elkarri, baina batek daki… ».

"Me han tocado los cuidados de las niñas y de mi padre... A eso súmale la teleescuela, el teletrabajo... Esa combinación ha sido mortal, porque al final no he hecho nada como me habría gustado; ni el cuidado, ni el trabajo"

Zorionez, teknologia berriekin aritzeko orduan ez dute inolako arazorik izan. Xabierrek, esaterako, oso gertuko harremana dauka tresna teknologikoekin fundazioan egiten duten jardunagatik, eta ez du horretan zailtasunik topatu. Arazoak kanpotik etorri dira, delegatu eta afiliatuen eskutik esaterako. «Behin lehen astea igarota, zeinetan bateko eta besteko aplikazioak erabili genituen bideodeiak egiteko, asko lasaitu zen kontua. Baina gertatu izan zait ordenagailu eramangarririk ere ez zuten delegatuekin aurkitzea; behin baino gehiagotan joan behar izan dut Bilboko lokalera bideodei bat egiteko, horretarako baliabiderik ez zuten delegatu eta afiliatuen kasuak izan baititut», azpimarratu du Isabelek.

Emozioak airean

Beste kontu bat izan da, ordea, kontziliazioa eta zaintzarekin gertatu dena. Etxekoaz gain, 82 urteko aita dauka Xabierrek, zaintza lanak behar dituena. Horrek, egoera are astunagoa suertatzea eragin dio. «Zaintza, beraz, umeena eta aitarena egin behar izan dut. Gehitu horri teleskola, telelana… Konbinazio hori mortala izan da, finean ez dudalako ezer egin behar den bezala; ez zaintza, ez teleskola, ez telelana. Frustrazio handia ere eragin dit horrek, eta frustrazioak amorrura eraman nau zenbait momentutan; emozio horiek kudeatzea konplikatua egin zait».

Garaziri ere gogorra egin zaio, baina ez zentzu berean: psikologikoki suertatu zaio zaila konfinamenduak eragindako egoerari aurre egitea. «Etxean aita eta biok bizi gara, eta ongi zaintzen dugu elkar. Goizean esnatu eta gelan sartzen nintzen, lanean. Deskonektatzea egin zait
zailena; azken finean, egoera normal batean, lokaleko atetik ateratzean errealitatera itzultzen gara, gure bizitzetara. Hilabete hauetan lana egitea bera zen konfinamendua apurtzeko moduetako bat». Deskonektatzeko zailtasunez gain, egoerak eragindako antsietatea aipatu du Garazik, egitekoak aurrera eramateko orduan kontzentrazio galerak eragin dizkiona.

Izan ditu hamaika zailtasun Isabelek ere. Ordenagailu bat etxean eta bi erabiltzaile. «Konplikatua izan da. Musikaria da nire bikotea, eta nik neukan lehentasuna ordenagailua erabiltzeko orduan. Konfinamenduan sartu aurretik, baina, disko berri bat grabatu zuten, eta itxialdian zehar kanta ezberdinak bidali dizkiote, hauek entzun eta zer moduz geratu diren ikusteko. Hala, abestiak behin eta berriz entzun beharrean zen, detaile guztiak behar bezala zeudela egiaztatzeko. Batzuetan, gainera, gitarra hartu eta gauza berriak ateratzen saiatzen zen… Oso zaila egin zait kontzentratzea; festa konstante batean bizi izan naiz maiz».

"Creí que iba a ser más difícil mantener la relación con las delegadas y delegados. Pero la gente ha sido comprensiva, ha visto que estábamos a tope de trabajo y ha tratado de no cargarnos más de la cuenta". Isabel García.

Ez da Isabelena konfinamendu garaiko anekdota bakarra. Xabierren kasuan, esaterako, etxeko txikienen gaiztakeriak dira azpimarratzekoak: «Egun batean, bakarrik nintzen etxean umeekin. Ni telelanarekin, eurak teleskolarekin. Bat-batean, alaba bat etorri eta zera esan zidan: ‘Aita, sabaitik ura erortzen ari da’. Joan eta han aurkitu nuen txikiena, hiru urtekoa, bainugelako ur guztiak zabalduta, denak gainezka eginda. Lehertu egin nintzen, baina okerrena da handik ordu erdira komunean aurkitu nuela guraize batzuk eskuan ilea albo batetik moztua zuela. Horren ostean, beste alaba bat etorri zitzaidan negarrez, bere panpina bati ile guztiak moztu zizkiotela eta. Hori guztia goiz berdinean. ‘Ez da posible, ez dakit egoera hau nola kudeatu’, pentsatu nuen. Negargura ikaragarria sartu zitzaidan, erabat gaindituta nengoen. Lana albo batera utzi nuen, arazoa egoera nola kudeatu zen».

Garazik ere badu kontatua izatea merezi duen pasartea. «Aita asper-asper eginda zegoen, eta zer bururatuko eta nire gela margo-
tzea! Aurrez ere leku txikia nuen lanerako, eta sukaldera bidali ninduen. Egongelan egiten nuen lo… Bi egun baino ez ziren izan, baina egoera erabat surrealista izan zen. Ezer hoberik egiteko ez balu bezala!».

Geratzeko etorri da

Telelanarekin izandako komeria guztiak albo batera utzita, bada gure protagonistek partekatzen duten ideia bat: hau geratzeko etorri da. Geratze horrek, baina, bere espezifikotasun batzuk ditu. Xabierren kasuan, esaterako, ez du uste egin dugunari telelana dei diezaiokegunik. «Telelana nik uste dut beste zerbait dela, zerbait ezberdina; telelanak, besteak beste, zaintza lanak beste modu batera antolatzea eskatzen du, formakuntza eskatzen du, bestelako klabe batzuk izatea eskatzen du. Egin duguna, ahal den moduan eta teknologia berriak erabiliz moldatzea izan da, baina nik horri ez nioke telelana deituko».

Horrez gain, lankideak gertu sentitzea bota du faltan Xabierrek, nola afektiboki hala gauzak konpartitzeko orduan ere. «Konturatu naiz zein garrantzitsua den eta zenbat aportatzen diogun elkarri espazioak partekatzen ditugunean. Izan kontraste bat egiteko, edo ideia bat partekatzeko. 30 segundotan egin dezakezun zerbait, telefonoa hartzera eramaten ez zaituena». Zentzu horretan, Bilborako joan-etorria bota du faltan Xabierrek, eta dio lantokira joatea tokatu zaion egun gutxi horietan pila bat disfrutatu duela: «Ordubete neukan niretzako, pentsatzeko, musika entzuteko, deskonektatzeko eta birkonektatzeko. Kuriosoa izan da».

Antzeko sentsazioa geratu zaio Garaziri ere. Telelana obligazio baten ondorioa izan dela azpimarratu du, eta uste du etorkizun batean lan egiteko modu hau orokortzen baldin bada, eta pandemiarik ez badago tartean, ezberdina izango dela. Isabelek, bere aldetik, gorabeherak izan dituela dio. «Izan ditut 24 orduko lan egunak, Gobernuak bata edo bestea esaten zuenean jendeak dei, mezu eta abarrekin itotzen baikintuen. Baina izan ditut egun lasaiak ere, bestelako gauzak egiteko erabili ditudanak».

Badira, zentzu horretan, telelanak mahaigaineratu dituen alde positiboak. «Nik potentzialtasun handia ikusten diot –dio Xabierrek–, baita gure jarduna garatzeko orduan ere, betiere borondatez hartzen badugu, eta trebakuntza zein baliabide egokiak errazten baditugu. Bilera bat egiteko bi orduko distantzia ezerezean uztea ikaragarria da, esaterako». Zentzu berean, nabarmendu du Garazik jende asko dagoela ELAn herritik kanpo lan egiten duena: «Ingurumenari mesede egiten dio auto-bidaia guzti horiek saihesteak». Beste alde batetik, ordea, sindikatuaren oinarrietako bat taldelana dio, eta uste du askoz ere zailagoa dela taldelan hori garatzea nork bere etxetik lan eginda.

"Junto a la dificultad de desconectar, está la ansiedad que la situación te genera y los problemas de concentración para poder hacer el trabajo". Garazi Garate. 

Isabelek aitortu du hasieran uste zuena baino eramangarriagoa suertatu zaiola egoera: «Uste nuen zailagoa izango zela delegatuekin harremanak birtualki mantentzea. Baina jendea ulerkor aritu da, lanez lepo ginela ohartu da eta tentuz ibili da lan gehiegi ez kargatzeko». Alde pertsonalean ere uste baino hobeto joan zaizkio gauzak Isabeli: «Beldur asko neukan konfinamenduak, eta haren ondoriozko telelanak, bikotekidearekin daukadan harremanean nola eragin zezakeen. Ez daukagu hainbeste ordu elkarrekin igarotzeko ohiturarik, eta ikusi dugu posible dela; ederra izan da». Igaro dira berrogei minutu solasaldia hasi dugunetik eta Isabelek utzi behar gaitu. Wifiarekin arazoak ditu eta bideodeitik atera da. Hala ere, Xabierren telefonoaren bidez eman ditu azken iritziak, bozgorailua erabilita. Telelanaren komeriak.

Telelana geratzeko etorri da, ados, baina baditu bere arriskuak ere. Hiruren gauza batzuk ezin dira ordezkatu, delegatu eta afiliatuekin mantendu beharreko aurrez-aurreko harremana adibidez. Era berean, liberatu berrien trebakuntza aipatu du Xabierrek, zeina pertsona berrien ezagutzan, harremanak lantzean eta konfiantzak eraikitzean oinarritzen den. «Oso garrantzitsua da ELAn sartzen diren pertsona berriek organizazioko jendea ezagutzea, zuzendaritzako kideak ezagutzea… Hori presentziak bakarrik bermatzen du». Arriskutzat dituzte ez deskonektatzea, ordu gehiago lan egitea, norberaren espazio pertsonalak eta lanekoak nahastea edo harreman pertsonalak gehiegi baldintzatzea.

Garazik, bere aldetik, telelana tresna baten moduan hartzearen garrantzia azpimarratu du. «Lehen bagenituen baliabide batzuk, eta orain beste bat gehiago daukagu; gainera, badakigu gai garela modu honetan ere lan egiteko. Kasuren batean bada modu presentzialean lan egitea, badakigu beste tresna bat ere badaukagula: telelana».

Solasaldian beste kontu pare bat mahai gainean dira zeharka: digitalizazioa, kontrol soziala eta zaintza sistema publiko baten beharra. Lehenengoari dagokionez, Xabierrek ohartarazi du multinazional handiak daudela telelana egiteko erabiltzen diren plataforma gehienen atzean, eta ospatu du ELAk Rainbow plataforma erabiltzeko egin duen hautua. «Orokorrean, iruditzen zait badagoela nolabaiteko kolpe bat gure datu eta pribatutasunaren aurkakoa, gurekin negozioa ez egitekoa». Eta bigarrenari dagokionez, telelanak agerian utzi badu zerbait hori zaintza sistema publiko eta kolektibo baten beharra da, Xabierren iritzitan: «Momentu hauetan zaintza funtzio hori eskolak betetzen du bereziki, edo zaharren egoitzek edo etxez-etxeko laguntza ematen duten emakumeek. Hori erortzean ez dago beste ezer".