Uxue Alberdi: “Gure etxeak garbitzen dituztenen seme-alabak gutaz nobelak idazten hasten direnean ikusiko dugu gu zer garen”
Ama eta izeko liburu saltzaile zenituen. Nola eragin du horrek zure mundu ikuskeran?
Liburu denda eta mertzeria bat ireki zuten 1978an, baina batez ere saltzaileak izan dira. Saltzen zituzten bitxiak, eskolako materiala, motxilak... Jostunak eta bordatzaileak izan dira eta egiten zituzten inauterietarako arropak ere. Gero herriko elkarte guztietan ibili dira: txarangari laguntzen, mendi elkartean, argazkilaritza elkartean, zineforumean, irakurle taldeetan... Denda oso-oso bizia zen. Uste dut eragin handia izan duela naizen horretan bai amaren aldeak, baita aitaren aldeak ere, modu desberdinetan.
Aita euskara irakaslea zen, ezta?
Bai. Hizkuntzarekiko maitasuna eta zorroztasuna esango nuke aitaren aldetik jaso dudala. Euskaltzaina da gaur egun, gramatikalaria da. Beti izan da oso zorrotza hizkuntzarekin, zuzentzen, baina aldi berean maitasunetik.
Igual gehiago kostatu zait konturatzea amaren aldetik jaso dudana ze inportantea izan den. Amak, izebak eta beraien inguru guztiak emakume taldean parte hartzen zuten, feministak izan dira gaztetatik. Eta esango nuke zuk tresna bat edukitzeak ez duela ezertarako balio ez baldin badaukazu tresna hori erabiltzeko baimenik edo indarrik. Eta indar hori, baimen hori, beraien praktiketatik jaso dut. Bizitasuna, indarra eta mugitzeko askatasun hori hortik jaso dut.

Ama eta izebarengandik jaso duzu kolektibotasunerako grina?
Esango nuke baietz. Ni baino askoz ere kolektibo zaleagoak edo komunitarioagoak dira, herriko pertsonak dira, uste dut garaiarekin ere badatorrela. Gure garaiak askoz ere bakartuagoak eta indibidualizatuagoak dira, baina beraiek egon dira beti Elgoibarko herriko sarean erabat integratuta, erdiko kalean denda bat zeukaten, jende guztiarekin harremanetan zeuden; esan bezala, elkarte pila batetan parte hartzen zuten eta laguntasunari garrantzia handia ematen zioten. Gaur egun mendiko talde bat daukate, hamabost emakumetik gora ari dira hor Penintsulako probintzia bakoitzeko mendirik altuenak egiten. Beti daude martxan, baina beti taldeari begira. Uste dut beraiengandik ikasi dudala guk orain feminismoa edo transfeminismoa deritzoguna, nahiz oso ezberdina izan den garai bakoitzean. Guk jaso duguna oso teorikoa izan da. Zorionez, eduki dugu eskura beraiek izan ez zuten idatzizko materiala, gainera euskaraz, baina esango nuke intelektualizatuagoa izan dela gurea; beraiena gehiago zela elkartzea eta pentsatzea: zeintzuk dira dauden beharrak? Nola lagundu diezaiokegu elkarri? Oso herritik egiten zen dena.
Gehiegizko teorizazioan erori al gara?
Orain, ama jubilatu denean, hiru irakurle taldetan apuntatu da eta irakurri dituzte Danele Sarriugarteren Beste zerbait edo Mckenzie Wark-en Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza. “Hau gure garaiko feminismoan ez zen existitzen”, dio. Bada hiztegi berri bat berarentzat, mundu ikuskera berria.
Baina uste dut alderantziz ere inportantea dela konturatzea ikasten dela hanka sartzetik, mugitzetik, egiteko prest egotetik. Uste dut gurea izan dela hain zorrotza, hain konpartimentatua, batzuetan hanka sartzearen beldur izan garela. Esango dudan hau nola ulertuko da? Zuzena al da? Oso ondo dago beti erne egotea eta ikasten joatea, osatzen joatea zure borroken ikuspegiak eta garai berriek eta gazteek dakartzaten ideiak jasotzea, baina alderantzizko bideak ere interesanteak dira. Inoiz ez goaz aurrera bakarrik, ez historian ez borroketan. Dena da zirkularra eta askotan gutxietsi egiten ditugu gure aurrekoen ahaleginak eta egiteko moduak.

Bizitza komunitarioa zela aipatu duzu. Galtzen ari gara komunitatea?
Hemen, Getarian, herria gero eta gehiago dago turismoari begira, baita prezioak ere. Etxebizitza turistiko mordoa dago eta herri guztietan bezala, alde zaharrak ari dira bihurtzen kanpotik etorritako pertsona migratuen etxebizitza. Bertako zuriok ari gara etxebizitza hobeetara joaten, kanpoaldera, normalean auzo ez hain bizietara, garajea edo kotxea uzteko tokia dutenetara. Lanera goaz gure ibilgailu propioan, eta elkar ikusten dugu pasaeran. Baina ez da lehengo herri bizitza, bizimodua asko aldatu da. Nire lagun minak ez dira Getarian bizi, ez daukat kuadrillarik hemen, eta uste dut jende askoren kasua dela, telelana egiten duelako edo beste toki batean lan egiten duelako. Oso arraroa da norbaitek gaur egun lau hamarkadatan lan berbera egitea toki berberean.
Aitak euskararekiko maitasuna eta zorroztasuna transmititu zizun, baina Hetero liburuko pasarte batean diozu: ‘Hizkuntza berri bat zabaldu zait, zakarkeriaz eta taldetasunaz biltzen nauena, min egiten didan tokitik zaidana ezinbestekoa’. Euskañolaz ari zara?
Niretzat hau da oso interesgarria eta erdi-erditik gurutzatzen nauen gai bat da, maitasun handia pizten didana. Txikitatik nire identitatearen zutabe nagusiak izan dira euskaltzaletasuna eta feminismoa. Eta euskaltzaletasun horrekiko iluminazio edo gatazka momentu diferenteak izan ditut.

Andoni Egañak ALDAn kontatu zigun esan dioten gauzarik politenetako bat izan zela: “Euskaraz jakin nahiko nuke zure moduan lizunkeriak esan ahal izateko”. Oraindik ere konplexu asko daude euskaldun berri eta zaharren artean.
Konplexu horiek ez dira konplexu pertsonalak, hau da, botere egitura baten barruan daude. Espainiako eta Frantziako estatuekiko denok gaude menpeko posizio batean, baina euskal subjektua hartzen baldin badugu, ez gaude danok toki berean, euskalduntasunaren barruan ere badaudelako zentro eta periferiak. Adibidez, bertsolaritzaren barruan ez da berdin baloratzen Oihana Bartra bat edo gune oso-oso euskaldun batetik datorren beste bertsolari bat, segun eta zertarako. Oraindik ere naturaltasunaren diskurtso horiek denoi eragin egiten digute. Hizkuntza bat ikasteak lana eta ardura dakar eta hizkuntza bat arduraz zaintzea maitasun eta ardura ariketa bat da.
Konplexuen sentimendu hori uste dut ez datorrela gaitasunetik. Batzuetan jatorkeria eta txokokeria horretan gotortzen gara ez ikusteko mundua zabalagoa dela eta Iruñeko edo Bilboko euskaldun batek zuri euskara lezioak eman diezazkizukeela, baina noski, zuk bezala ez du hitz egingo ez delako zure herrian bizi izan. Adibidez, Danele Sarriugarteren `Beste zerbait´ liburuan pasarte batzuk badaude euskara eta gaztelania nahastuz idatzi dituenak.
Oso interesgarria da irakurle taldeetan zer gertatzen den horrekin, eta niri irakurle bezala zer pasatzen zaidan. Danele Sarriugartek publikatu aurretik pasatu zidan testua, eta konturatu nintzen nire gorputzak esaten zuela: “Bueno, nahikoa da, ulertu dut jolasa!” (Barre egiten du). Eta berari esan nion hori, baina, aldi berean, oso inportantea iruditu zitzaidan ulertzea nondik datorren esperimentazio hau egiteko beharra. Sarriugartek esan zuen: “Hau ez da proposamen bat horrela idatzi behar dugu esateko, hau da proposamen bat errealitateak errepresentatzeko”. Donostiako irakurle batek esan zidan: “Niri asko balio izan dit. Nire semeak horrela hitz egiten du eta molestatzen dit, baina ez dut frankismoko andereño bat izan nahi berarekin”. Baina idatzita ikusteak asko balio izan dit konturatzeko zenbaterainoko pisua daukan eta zenbateraino berak uste duen euskaraz ari dela, baina erdia gaztelaniaz ari den.
Kontrako eztarritik joaten zaizkigun errealitateak errepresentatuta ikusten ditugunean askotan sortzen da amorrua, mina, beldurra, kontrako erreakzio bat. Baina problema zein da, errepresentatuta azaldu izana? Hau existitzen dela badakigu, orduan, zergatik ezin dugu azaleratu? Horrek asko pentsarazi beharko liguke gure ustez, kultura honen ustez, komunitate honen ustez, literatura zertarako den eta zeintzuk diren idazle bati esleitzen dizkiogun funtzioak eta zeintzuk kentzen dizkiogunak.

“Decir que el descenso en el uso del euskera es culpa de las personas migradas es huir de tu propia responsabilidad y dejarla en manos de quienes tienen una vida mucho más complicada que tú”
“La función del arte no es sólo festejar, también es generar incomodidad, obligarnos a llevar la mirada a donde no queremos mirar”
Hetero liburuaren ’Ukitzen gaituen hura’ kapituluan hala diozu: ‘Bi hizkuntza egiten ditut, zuzena etxean eta euskañola kalean: bizkor ikasi dut hizkuntza lotsaren mugetara bridatzen’.
Elgoibarren bi hizkuntza hitz egiten nituen: zuzena etxean eta okerra kalean, nahita, integratzeko behar nuelako zabarragoa zen euskara bat, erridikulua zelako euskaraz ondo hitz egitea. Baina etxea gurutzatu orduko hitz egiten banuen lagunekin bezala banekien aitak errieta egingo zidala. Edo atentzioa ematen zien lagunei tinbrea jo eta ‘Uxue jaisten da?’ esaten bazuten. ‘Bai, egunero jaisten da’, erantzuten zien (barrezka).
Orduan esaten nion nik: “Lagunik gabe geratuko naiz!”. Heltzen joan ahala konturatu naiz bere borroka hori ere bazetorrela maitasunetik, baina aldi berean, noiz, nola eta nori zuzentzen diogun ere uste dut oso inportantea dela.
Adibidez?
Akordatzen naiz behin herriko futbol zelaian geundela partida bat ikusten –hamaika bat urte izango nituen– eta nire kuadrillako ikastolako lagunak ari zirela gaztelaniaz. Orduan esan nion bati: “Egin euskaraz, guk egiten ez badugu galdu egingo da” eta berak erantzun zidan: “Bai, eta espainolez egiten ez badugu espainola galduko da”. Nik banekien gezurra zela esaten zidana eta sentitzen nuen amorrua, baina aldi berean, banekien boterea bere aldean zegoela, niri egiten zidatela barre.
Ondoren, ikastolatik institutura pasatu nintzen, nigandik oso diferenteak ziren lagun batzuk egin nituen eta emozionalki bizitza salbatu zidaten. Nire ikastolako lehengo kuadrillako asko ikastolan gelditu ziren, eta hor inplizituki jaso nituen mezu batzuk. Giroan bazen halako mezu bat: “Erdaldundu egingo zara”, “Erretzen hasiko zara”... Hau da, institutu publikoaren inguruko mezua zen: “Kontuz...”, baina niretzat izan zen salbazioa.

Zertaz jabetu zinen aldaketarekin?
Gauza mordo bat ikusi eta ikasi nituen. Lehenengo aldiz sentitu nuen zer zen maitasun inkondizionala lagun artean, diferenteen arteko harremana. Eta hasi nintzen ikusten nire ezkerreko ideologia, hutsuneekin, noski, 12 urte nituelako. Neure burua ezkertiartzat nuen, baina ez nituen pentsatu ezkerrari zegozkion gauza mordo bat. Nire lagunak ziren Espainiako Andaluziatik eta Extremaduratik etorritako migranteen alabak. Oso bizkorrak izan arren, ikasketetan nota txarrak ateratzen zituzten eta batzuk errepikatzaileak ziren. Gu orduan ibiltzen ginen gaztetxean eta pare bat taberna abertzaletan, baina hauek gazte lokala zeukaten diskoteka baten gainean. Beraien nobioak trapitxeroak ziren, drogak hartzen zituzten, entzuten zuten beste musika bat, ez zen gure estiloa. Aldi berean, sartzen nintzen beraien etxeetan eta ikusten nituen diferentziak. Gure etxeko lurra egurrezkoa zen eta hori orduan izendatzen ez nekien material batekoa zen, Sintasol-a edo.
Ikusten nituen gure etxean zenbat liburu zeuden, nola ginen Euskaldunon Egunkariako, Jakin edo Argiako harpidedun; eta han ez zegoen libururik.
Ikusten nuen diferente elikatzen ginela. Lagunen etxera joan eta ikusten nuen egiten zituztela patata kongelatuak eta edaten zutela Sunny Delight zukua, gure etxean sartuko ez litzatekeen zerbait. Orduan ez nekien klase diferentzia izendatzen, ez nekien intersekzionalitatea zer zen, baina ikusten nituen diferentziak eta pentsatzen nuen: honek baldintzatu gaitu eta baldintzatuko gaitu etorkizunean.
Beraien lokalean sartu nintzen lehenengo aldian shock moduko bat izan nuen: koltxoiak lurrean botata, pikadero bat, sofa bat, Play Station-a eta ikurrina eta Espainiako bandera, elkarren aldamenean jarrita. Lagun baten mutil-lagunak jarri zuen Espainiako bandera eta esan zuen: “Tú serás vasca, pero yo soy español”. Niri ez zitzaidan gustatzen eta horrelako mereketenge bat neukan buruan.
Lagunak ditut oraindik eta asko maite ditut. Maitasun handiarekin gogoratzen dudan garaia da, niretzat oso inportantea dena. Hortik dator Jenisjoplin nobela.
Pertsona migratuak aipatu dituzu. Nola ikusten duzu egungo egoera?
Gero eta arrazistagoa. Lehen, Elgoibarren, jende mordo bat zegoen ez zuena horretan pentsatu beharrik ere. Herrian bazegoen beltzen errotonda deitzen geniona. Beltzen familia bakarra zegoen herrian eta bizi zen errotonda baten alboko etxe batean. Gure herrian oso gertu bizi izan genuen Espainiako migrazioa eta horrekin kontaktuan geunden. Getariara bizitzera etorri nintzenean, alde batetik sentitu nuen ze erraza zen hemen euskaldun izatea. Hasieran euforia sentitu nuen, baina gero konturatu nintzen ezkerra ez zegoela pentsatuta herri honetan, oso herri kontserbadorea zela gauza askotan. Oraindik entzuten nituen “Zer nahiago duzu mediku euskalduna ala mediku ona?” bezalako diskurtsoak. Beldur handia ematen dit, eta euskaltzaletasunetik ere asko aipatzen da, euskararen beherakada kanpotarren errua dela. Iruditzen zait jende mordo batek bere arduratik ihes egiten duela eta bizimodu askoz ere zailagoa daukaten pertsonengan jartzen duela berak hartu ez duen ardura bat.
Gero eta gehiago gaude migrazio diferenteekin harremanetan, baina denek ez digute gauza bera pizten; gauza bat dela komunitate musulmanak sortzen diguna, beste bat dela Europako ekialdeko herrialdeetakoek sortzen digutena. Nik badaukat hemen lagun bat Indianakoa dena eta bere bikotekide australiarra.
Oso garai interesgarria da, baina aldi berean zaila eta oso biolentoa, beldurgarria. Literaturara joanda, askotan pentsatzen dut hemendik 20-30 urtera, gure etxe garbitzaileen eta gure zaintzaileen seme-alabak hasten direnean nobelak idazten gutaz, edo bertsotan kantatzen, orduan ikusiko dugula neurri handi batean zer garen gu. Orain begiratzen ez diogun parte bat agertuko da; zorionez, errepresentatuko dira gure moral bikoitzaren hainbat alderdi.

Oso gazte hasi zinen bertsotan. Inoiz sentitu duzu beste garai bateko bertsolarien lengoaira, bertso eredura edo txiste kodeetara moldatu behar izan duzula zeure burua?
Neurri batean denoi gertatzen zaigu. Pentsatzen dut Andoni Egañari ere gertatuko zaiola orain gazteekin kantatu behar duenean. Konturatzen zara beste kode baten ari direla eta bi gauza egin ditzakezu: gutxietsi kodea edo saiatu ikasten, ulertzen. Neurri batean inoiz ez zara izango horren parte bihotz-bihotzean beste belaunaldi batekoa zarelako, baina zure belaunaldiko beste askok baino askoz ere harreman eta igurtzi handiagoa edukiko duzu horrekin. Gu bertsotan hasi ginenean politikoki ere beste garai batzuk ziren.

Gai nagusiak izaten ziren euskal gatazkarekin lotutakoak. Ez zen erraza izango...
Gai horiek hain presente zeuden izaten nuela askotan sentsazioa beste batzuen hitzekin ari nintzela kantuan ez nintzelako ausartzen nire hitzak topatzen. “Hanka sartzen baldin badut?”; “Ba al daukat eskubiderik nik honetaz pentsatzeko edo hitz egiteko nire esperientzia laburretik?”; “20 urte dauzkat, ez ditut bizi izan aurreko askok bizi izan dituzten hainbat kontu” bezalakoak esaten dizkiogu geure buruari. Orduan adi zaude, ikasten, batzuek eta besteek zer egiten duten ikusten.
Gero, generoari dagokionez ere, ia beti ginen saioko neska bakarra, eta, gainera, neska gaztea, berria. Eta askotan gure itxura edo gure gaztetasuna edo lige antzerki moduko bat bihurtzen zen bertsotarako gaia. Hasieran niri gain hartzen zidan bertsoaren, hitzaren pozak, jolas horretan nik hain ondo pasatzen nuen.... Baina denbora pasa ahala konturatu nintzen jolas horiek ez zidatela uzten beste ezeri buruz kantatzeko espaziorik, edo hori zela ematen zitzaidan rol bakarra.
Eta 2007ko Gipuzkoako txapelketaren ostean, 2009ko Euskal Herrikoa iritsi zenean, joan nintzen txapelketa horretara erabaki bat hartuta: ez nuela panpinarena egingo edo ez nuela gizonezkoen desira hetero horren errebotezko erantzunean jolastu nahi.
2009an, azkenengo finalerdi batera joan nintzen Belodromora (Donostia). Gizon batekin tokatu zitzaidan bertsotan aritzea eta gaia zen: ‘Saunan zaudete eta atea itxita gelditu da’. Koplatan egiteko zen, beraz, umorea espero zen eta finala jokatzen ari ginen 8.000 lagunen aurrean. Ordura arte ni saio ona egiten ari nintzen, eta lehenengo koplan bertan berak kantatu zuen: “Nire toalla magikoa izango da ze goraka hasi da...” Orduan, lehengo logikaren arabera, denok dakigu esaten: “Horraino bakarrik igotzen ahal zaizu” edo horrelako txisteren bat, baina nik ez nuen hori egin nahi. Baina orduan ez nekien nola egin umorea nire deserosotasunetik eta joko horretan parte hartu nahi ez izatetik gelditzen zen zirrikitu txiki horretan.
“El sufrimiento de los hombres se considera universal; el de las mujeres nunca representa el sufrimiento humano, sólo el suyo propio”.
Zer gertatu zen?
Kontua da umorea ez dagoela zure esku bakarrik, dago kode konpartitu horren esku. Nik ez nion bere desirari erantzun, ez nekien oso ondo zer egin. Akordatzen naiz kopla batean ‘katxonda’ deitu zidala eta ni gero eta itxiago nengoela. Eta hurrengo eguneko kroniketan, salbu eta Lander Garrok idatzi zuen Garako zutabe batean, aipatzen zen hor galdu nuela finalerako txartela eta ez niola erantzuten. Hau da, ‘Alberdik ez zion erantzun’ zen titularra.
Eta gerora badakit epaile taldeetan erabili izan dela bertsoaldi hori aztertzeko eta konturatzeko akaso ez zela ondo interpretatu gertatzen ari zena. Hori etengabe gertatuko zaigu, epaileei bezala, entzule modura gertatzen zaigu: interpretatzen dugu gure garaitik, gure kodetik. Bertsolaritza horregatik da hain ederra, hanka sartu behar duzulako eta egokitu egin behar duzulako eta igurtzi horretan egon behar duzulako, eroso zauden jendearekin eta deseroso zaudenarekin. Garaiak aldatuz doaz eta ez da harritzekoa jende askok utzi izana; izan ere, bizitza arruntean onartuko ez genituzkeen hainbat gauza onartu ditugu bertsotan bertsotan ari garelako; bestela joan egingo ginateke. Baina hor baldin bazaude, hor zaude.
Gainera, publikoak beti interpretatzen du hor gertatzen ari dena jolas bat dela eta bertsolariak ondo pasatzen ari direla. Ez daki ezer pertsona horien artean egon daitezkeen bestelako harremanez edo autoritatea nola ematen dioten elkarri edo nola kendu, nork-nori. Gogorra da, baina da entrenamendu izugarria bizitzarako. Aldi berean, gozatzen ari zara, hau da, zu egon zaitezke kinka batean ideologikoki edo emozionalki, baina aldi berean ari zara edertasun suerte baten bila, armonia suerte baten bila, errima batzuen bila. Eta niretzat sormenaren gauzarik ederrenetako bat da, bai bertsotan eta bai literaturan ere, sufrimendua edo gatazkarekin lanean ari zarenean ere ari zarela edertasunaren bila: hitzek nola ukitzen duten elkar, nola adierazi ondo, nola esan modu eraginkor batean, nola hizkuntzaren plano diferenteak erabili, nola jolastu... Horrek engantxatzen du eta egiara hurbiltzen gaitu. Inoiz ez da ezer, ez harreman bat, ez gertakizun bat, bakarrik sufrimendua edo bakarrik gatazka. Gauza asko datoz zilborreste beretik eta ezin dira bisturiarekin bereizi haragia eta zaina. Anabasa hori bizitzeko modu ederra da bertsoa.

Urteak pasa dira bertsolaritzan lehen urratsak egin zenituenetik. Urteotan Euskal Herria aldatu da, mundua aldatu da. Kantatzeko gaiak ere aldatu dira, ezinbestean. Batzuetan inpresioa dut, txapelketetan batez ere, polemika eragin dezaketen zenbait gai zokoratu egiten direla. Ez zait erraza egiten gaur egun gai-jartzaileen lana...
Txapelketako gai-jartzaileak momentu batean arketipoetara eraman zaitzake: zu alde zaude eta zu kontra. Eta igual hori da artea, agian zu ez zaude kontra, agian alde zaude. Askotan zaude kontralde eta niretzat horiek dira bertsolari onenak, badakitelako zirrikitua topatzen rol horrek eduki ditzakeen arrazoi posibleak bilatzeko edo ikusteko beraien burua traizionatu gabe.
Espresioa duzunean lanbide, beti da lanbide konprometitua, eta beti da arriskutsua. Liburu bat idazten duzunean edo bertsolaria zarenean, hor jartzen dituzu zure tripak, zure bihotza, zure ahaleginak, zure ahalak eta ezinak. Eta batzuek miretsiko dute, beste batzuek txistu egingo diote, beste batzuek ostiko emango diote eta beste batzuek aldamenean jarriko dute beraien proposamena. Eta, nire ustez, horretarako da artea. Hau da, artearen funtzioa ez da bakarrik festiboa eta komunitatea elkartu eta aglutinatu –nahiz eta hori oso inportantea iruditzen zaidan–, baina bada ere deseroso egon gaitezen, zalantzan jar dezagun geure burua, begiratu nahi ez dugun tokira begiratu dezagun. Arteak izan behar du obszenoa: obszenoa da zikinari begira jartzea, eta uste dut jarri behar gaituela baita ere geure zikinei, hain komodoak ez diren gai horiei begira. Askoz ere errazagoa dela hori txapelketa erraldoi batean baino, komunitate txikiago batean edo bertso afari batean egitea? Jakina, oso diferentea da.
Inoiz esan al dizute ‘emakumeen gaiez’ soilik kantatzen duzula bertsotan?
Gauza horiek normalean ez dira zuzenean esaten. Normalean zuk beste bati buruzko kritikak entzuten dituzu eta hori leziatze modu bat da. Eta esaten duzu: ‘Itxoin, arriskua! Ez badut nahi hauek horrela hitz egiterik nitaz, zer saihestu behar dut?’
Gizonen sufrimendua, gizonen poza, gizonen kezkak unibertsaltasunaren errepresentatzaileentzat hartu izan dira, eta emakume baten sufrimenduak ez du sufrimendu humanoa errepresentatzen, bakarrik emakumeena. Adibidez, gizonek jasandako torturei buruz hitz egiten denean, hori da tortura, baina bestela da emakumeak eta tortura. Eta jakina diferentea dela, baina emakumeek jasandako torturek ez dute inoiz errepresentatzen gizateria osoa. Edo Miñanek (Amets Arzallusen nobela) migrazioa islatzen du, baina protagonista emakumea balitz izango litzateke emakumeen migrazioaren inguruko liburu bat. Eta hau etengabe pasatzen zaigu.

“Cuando pasé de la Ikastola a la escuela pública, había en el ambiente un mensaje: Cuidado, vas a empezar a fumar´, Cuidado, vas a dejar de hablar en euskera´. Para mí fue la salvación y aprendí muchísimo”.
Elkarrizketa batean kontatu zenidan ohituta zinela umoretik bertsotan kantatzera, baina haurdun geratu zinenean aldatu egin zela jendearen begirada eta zenbait txistek jada ez zeukatela tokirik.
Hori bertsolari bezala akaso bizi duzu oso modu frontalean, baina hori da haurdun gelditzen diren guztiei gertatzen zaiena, hau da, derrepente desexualizatzen direla. Gainera entrenamendu ederra da bizitzarako; izan ere, gerta dakizuke haurdunaldiarekin, baina gertatu dakizuke loditasunarekin, gaixotasun batekin, zahartzaroarekin... Eta orduan, bertsotan konturatzen zara kode konpartitu horren barruan zu nola interpretatua zaren eta zer espero den zurea moduko gorputz eta posizio batetatik,
Nik, egia esan, txapelketak utzi ditudanetik, askoz gehiago gozatzen dut bertsolaritza.
Bertsolaritza sistema bizigarria al da?
Kontua da Bertsozale Elkarteak ezin duela funtzionatu txapelketetatik datorren dirurik gabe. Txapelketek funtzio asko dauzkate: bat ekonomikoa; beste bat komunitateari dagokiona. Komunitatea pizten eta aglutinatzen du, Durangoko Azokak bezala edo urtarrileko manifak bezala. Badira momentu batzuk elkartzeko, gozatzeko, gaiak eta eztabaida konpartitzeko.
Gauza asko pizten ditu txapelketak: entzule bezala harreman sare bat ematen du; sortzaile bezala, ordea, oso gogorra da. Nire lagunek, batez ere profesionalki ari direnak, ogia jokatzen dute. Txapelketan lortuko duzun postuaren araberakoak izango dira, neurri handi batean, gero etorriko zaizkizun plazak edo etorriko ez zaizkizunak.
Jendea ez da pentsatzen ari, entzule modura, Julio Sotori txapela galtzeak zer ekarriko dion laboralki, baina berak, jakina, txapelketara apuntatzen denerako pentsatzen du eta beldur horiekin doa. Ez da bakarrik ego kontu bat edo entrenamendu modu bat, ofizio bat da, eta ofizio hori dago oso merkatuaren legearen eskura. Eta, klaro, interesgarri suertatu behar duzu, antolatzaileak zurekin akordatu behar dira, deiaren zain zaude, aktoreak dauden bezala.
Behin Sustrai Colinari entzun nion bertsolariak ez duela bizirik egon behar bakarrik, egon behar duela bizirik eta, gainera, demostratu behar duela bizirik dagoela. Eta erritmoak kanpotik ezarriak dira.
Aldi berean, kultur komunitate bezala ederra da konturatzea orain badaudela 20 bertsolari jo eta su udazkeneko txapelketarako lanean, hitza lantzen, pentsatzen: Ze diskurtso behar ditugu? Zein mundutan bizi gara? Ez bazaude txapelketan ez duzu egiten modu horretan, ez hain modu intentsiboan.
Bizigarritasunaz ari garela, Jenisjoplin eleberrian biolentzia, Euskal Herria, konpromiso politikoa edota militantzia oso presente daude eleberrian. Militantzia epiko hura bizigarria izatea lortu al dugu?
Jenisjoplineko militantzia eredu hori aldamenean izan dut, baina ez dut neuk bizi izan, ez dut militatu modu horretan. Militantzia kulturala nola ez den militantziatzat hartzen... Igual pentsatu beharko genuke zer den herri baten alde lan egitea eta zer den kultura baten alde lan egitea besteekin batera ordu asko sartuz, musu truk, estrategiak pentsatzen. Hori egin dugu eta ordu asko eskaini dizkiogu.
Jenisjoplin izan da maskulinotzat jo izan diren baloreetatik onetsi den nobela bat da. Pertsonaia nagusia, Nagore Vargas, oso borrokalaria da, oso errebeldea, aurre egiten duena, oso militantea, biolentziari beldurrik ez diona, dena emango duena. Eta nik uste dut ostean idatzitako Dendaostekoak liburua sortu zela Jenisjoplineri erantzun bezala. Hau da, jorratu nahi nuen garai tarte antzekoa, toki bera, kale berberak, jende berbera nire buruan, baina beste toki batetik. Niretzat Jenisjoplin letra larriz idatzita dago, eta niri momentu honetan egiten zait epikoegia. Dendaostekoak nobela da gauza bera, baina letra xehez idatzita.
Militantzia eredu bati gizarte eredu batek lagundu behar dio, posible egin behar du. Hau da, gure ama eta izeba herriko neskak ziren, herrian sustraituta eta saretuta zeuden, orduan lagunak dendara etortzen zitzaizkien, dendan eztabaidatzen zuten politikaz, dendan saltzen zituzten zine kluberako sarrerak... Greba baldin bazegoen, dendarien artean hitz egin behar zuten. Gauza guzti horiek beraien bizimoduaren parte ziren, integratuta zeuden. Uste dut gaur egun ezer ez dagoela integratuta eta gaudela oso zatituta eta horrek asko nekatzen eta zartatzen gaituela.
Uste dut gure amak eta izekok daukaten indar hori badatorrela batasun horretatik. Talde horretan ematen zuten asko, baina asko jasotzen zuten ere, azken finean, ugaztunak gara, beraz, taldean gara. Eta bai, militantzia zen, baina aldi berean, bazen elikadura gune bat, laguntasun gune bat, eztabaida, parranda pixka bat... Gaur egun, gizarte eredua hain indibidualista eta hain zatikatua izanda, jada bilera bat jartzea kostatzen da.
Aldi berean, gero eta gehiago gara neurri baten faltan botatzen dugunak edukitzea esparru bat elkarrekin, laguntasunetik harago, proiektu baten, herri baten barruan pentsatzeko: Nola egingo dugu hau edo zer emango diogu komunitateari? Uste dut horrek ematen duen ongizatea faltan sumatzen dugula gutako askok; niri behintzat on egiten dit.
Gero lehen aipatu duguna: zer jo izan da militantziatzat? Oso modu maskulinoan ulertutako militantzia bat izan da. June Fernandez kazetariari entzun nion behin: Zer hartzen da kazetari ontzat? Bizitza emateko prest dagoena? Gerrara joan eta lehen lerroan jarriko dena?

Aldatu al da perspektiba?
Uste dut soldaduaren edo gudariaren eredu hori gauza askotara ekarri izan dugula, ez kasualitatez, bizi izan garelako enfrentamenduzko eta superbibentziazko gizarte egitura batean. Hor egon da horrelako pendulazio bat beste aldera, eta momentu batean emozioek hartu dute karga eta orain denok goaz terapiara. Neurri handi batean behar genuen zauri asko zeudelako eta arreta gutxi jarri zaiolako norbanakoari, norbere erritmoak errespetatzeari, norbere burua taldetasunean kuestionatua izateko beldur horrekin zer egin eta abar. Oso inportantea da, baina, bestetik, uste dut gai guztietan gertatu direla pendulazio horiek. Orain ume txiki bat eskolan hasi orduko lehenengo gauza da galdetzea: nola zaude gaur, pozik, triste? Baina gai politikoak erabat omititzen dira.
Gu, adibidez, oso gustura gaude txikiaren tutoreak hitz egiten diolako denari buruz. ETAri buruz galdetzen baldin badio, Trump-i buruz edo Palestinari buruz, erantzungo dio, baina gaur egun oso arriskutsua da horrelako irakaslea izatea. Segituan etorriko zaizu norbait kexaka, esango dizute ez zarela sartu behar gai horietan, ez dagokizula esaten dizu sistemak.
Sistemak etengabe esaten digu: ‘Zuk egin zure lana eta arduratu zaitez zureaz’. Ari gara bihurtzen gero eta nordikoagoak edo amerikanoagoak. Igurtziak beti dakar zikina eta beti dakartza botere harremanak, beti dakar gatazka. Eta igurtzi gabeziak dakar eromena.
Hetero da zure azken eleberria. Ez da heterosexualitateari buruzko liburu bat, baina zortzi kapitulu horietan heterosexualitateak gizon eta emakumeen artean dakartzan ezberdintasunak agerian uzten dira, oharkabean bada ere.
Titulua amaieran etorri zen. Hau da, ez da nik idatzi ditudala ipuin hauek gai hori jorratzeko. Ipuinak idatzi nituen eta momentu batean ohartu nintzen hirugarren aldia zela editoreari horrelako barka-eske bat egiten niona: “Hau ere oso heteroa gelditu zait”. Nire editorea ez da heteroa eta ispilu lana egiten zidan. Baina iruditu zitzaigun nolabait norma markatzea dela normalean egiten ez den zerbait eta interesantea izan zitekeela; izan ere, ipuin berberak balira, baina harreman homosexualetan, hori markatuko litzateke etengabe. Eta nola heteroa izatea norma den, badirudi unibertsala dela. Lehen gizonekin esan dugun bezala, badirudi maitasun heteroa edo harremantzeko modu heteroak direla unibertsalak. Naturalizatuta dauzkagunez, ez dugu ikusi ere egiten.
Eta badaude familiak, militantziak, bikote harremanak edo lan harremanak ez direnak horrelakoak. Orduan markatzeak erakusten digu badaudela beste modu batzuk. Gaztelaniazko edizioaren kritika bat atera zen eta asko gustatu zitzaidan nola esaten zuen berari gogorarazi ziola gasak berez ez daukala usainik, baina jarri egiten zaiola arriskuak ekiditeko edo usaindu dezagun. Eta orduan iruditzen zitzaiola liburu honetan ariketa hori egiten zela: gasari usaina jartzea, sumatzen ez dugun horri usaina jartzea. Eta hemendik begiratzen baldin badiogu hor ikusten dugu zerbait naturalizatuta bizi dugunean oharkabean pasatzen zaigula. Hori izan da izenburuaren intentzioa.

Interesgarria da ez dagoela etsai argirik, ezta biolentzia espliziturik gizon eta emakumeen artean, baina irakurri ahala irakurlea konturatzen da badagoela hor nonbait deserosotasun bat.
Bizitza horrelakoa da, ez daude pertsona on onak eta txar txarrak. Oro har, denok gera den-dena. Eta niri gustatzen zaidan literaturak giza kondizioaren eta hizkuntzaren tolestura askotarikoak konbinatzen ditu modu ez zuzenean; niri gustatzen zaizkidan idazleak ez dira hainbeste gaian zentratzen, zentratzen dira giza existentziaren anabasa hori errepresentatzen. Hau da, korapilo hau nola errepresentatuko dugu? Foku batzuk piztu, ikus dezagun egunerokoan eskapatzen zaigunetik zerbait. Eta gero asko interesatzen zitzaidan heteroarau horretan emakume modura sozializatu garenok jartzen dugun partea. Ze oso erraza da seinalatzea boterean dagoen horrek, gizonak, zer jartzen duen, eta nahi baldin bada, hori erridikulua dela agerian utzi ere bai, baina bakoitzak bere posiziotik sistema horri nola eusten dion marraztea iruditzen zitzaidan interesantea.
Hetero izateaz baino gehiago, McKenzie Wark idazleari irakurri nion hetero jarduteaz hitz egin behar dugula. Bestela dena da zara edo ez zara, eta nik uste dut zure desirak edo zure sexu praktikak izan daitezkeela modu batekoak edo askotarikoak, baina jardun zaitezkeela momentu bakoitzean –lanean, eguneroko bizitzan...– heteroago edo ez hain hetero. Eta niri gustatzen zait alarma hori piztuta edukitzea, konturatzea, “Buff, oso hetero ari naiz kokatzen edo portatzen, edo oso hetero ari da beste norbait nirekin eta nik ez dut horrela nahi”. Edo konturatzea batzuetan hetero ari ez zarenean edo ez zaudenean testuinguru hetero batean zer gertatzen den zure gorputzean, zer aldatzen den.
Bizitzaren konplexutasuna da askotan zilbor-heste beretik datozela plazerra eta zapalkuntza, edo elikadura intelektuala eta kontrola, edo zaintza eta manipulazioa. Hau da, behar ditugu teoria politikoak eta lemak ulertzeko hau maitasuna da, hau ez da maitasuna, baina bizitzan benetan dena nahastuta dago. Behar dugu ‘Min ematen badu ez da maitasuna’ bezalako lelo bat momentu batean alarma bat pizteko, baina, aldi berean, denok dakigu ondo maitatzen saiatzen diren pertsonen artean ere minak eta zauriak gertatzen direla. Eta orduan nahi nuen errepresentatu, adibidez, dominazio harreman bat, baina, aldi berean ikusten da engantxe bat. Eta engantxe hori bi parteek eusten dutela eta elikatzen dutela.