Humanista bat
ELAren Iruñeko lokalean Rafa Paredesekin ordubete luze solasean jardun ondoren, argi daukat benetako humanista baten aurrean nagoela. Berarentzat dirua gaitz beharrezko bat besterik ez da; eta foru-komunitatean bizi diren milaka etorkinen beharrizanei esker bere lanbideak dirua eurrez irabazteko aukera eman arren, modu zintzoan gainera, laguntza eskaintzen die gutxienezko soldata baten truke, guztiz dohainik ez bada.
Abokatu bitxi horrek badaki, hala ere, etorkin guztiak ez direla karitateko ahizpak, baina “ororen gainetik gizakiak dira, eta eskubideak badituzte”. “Ez dira erabili eta botatzeko kleenex-ak” dio.
Paredesen esanetan atzerritarren gaineko legeria zinikoa eta etikarik gabea da, patronalaren eta merkatu-interesen neurrira egina. Eta, bestalde, milaka emakumeren drama azaldu du, jatorriko herrialdeetan seme-alabak eta senideak utzita beste pertsona batzuen senideak zaintzera etorri direla, ozta-ozta bizi izateko moduko soldata baten truke.
Eta Rafari profeta-kutsurik ez badario ere, ezin du bere burua menperatu eta integrazio-mezu bat igorri dio nafar gizarteari: “Etorkinen seme-alabak, bigarren belaunaldikoak, eskubide osoko nafar herritarrak izan behar dira. Hori lortu ezean, bizikidetza-arazo larriak, are gizarte-gatazkak ere, izango ditugu, Frantzian bezala”.