“Zaintzaile batek ongi zaindu dezan, zaintzailea ere ongi zaindu behar da, etxean nahiz lanean”

-Zure esperientziatik, zer onarpen sozial du zaintzak oro har, eta konkretuki adinduen edo gure aitona-amonen eta gurasoen zaintzak?
-Zaintza ez da estimatzen. Umeenganakoa zer edo zer gehiago, nagusienganakoa ez. Izan ere, guk askotan entzun dugu limpiaculos garela. Eta ez gara limpiaculos soilik. Badakigu egoitzako jendea nolakoa den, ez dira gure familiakoak baina ezagutzen ditugu.
-Zergatik erabaki zenuten grebara joatea?
-Hitzarmenarengatik eta ratioengatik. Jende gehiago nahi dugulako lan egiteko: jende gehiago baldin badago, denbora gehiago dago zaharrei eskaintzeko. Soldata igoera lortu zen, ordu gutxiago lortu zen, bajen %100 ordaintzea lortu zen, baina ratioen kontua gobernuaren kontua da eta zintzilik gelditu da.
-Grebaren negoziazio prozesu horretan uste duzu eragina izan duela hainbeste luzatzeak, eta patronalaren ikuspegitik eragina izan duela grebalariak emakumeak izateak? Gizonezkoen greba bat balitz desberdin hartua izango litzateke?
-Entzun genuen emakumeen soldata gizonaren soldata handitzeko dela. Eta gaur egun hori pentsatzea... zeren eta gizonak bere soldata dauka eta emakumeak berea. Ni, adibidez, ezkongabea naiz, ez dut gizonik... Zeinen soldata handituko dut? Eurena? Eta emakume bi direnean? Edo ezkondu gabeko amak edo bananduta daudenak... Bakoitzari egiten duenagatik ordaintzen zaio. Eta kito.
Entzun dugu, baita ere, emakumeak garenez, manipulatuak izan garela. Hori ez da egia. Guk ELAn batzarrak egiten genituen, botoa ematen genuen eta beti irteten zen greban jarraitzea.
-Greban zehar, hainbat ekitaldi egin ziren sostengua adierazteko. Nola bizi izan zenuten, adibidez, mugimendu feministaren sostengua?
-Nik uste dut hasieran pentsatzen zutela eurekin ez zihoala kontua. Baina azkenean konturatu ziren ez zela greba arrunt bat, gehienak emakumeak ginela, gure eskubideak eskatzen genituela... Apurka-apurka, euren laguntza izan dugu.
-Esan izan da greba hori greba laboral bat izan dela eta baita nolabait soziala ere, zaintzaren gaia jarri duelako mahaiaren gainean. Uste duzu greba horren ondorioz zaintzaren auzia gehiago gizarteratu dela?
-Bai, garrantzia handiagoa ematen zaio, baina ez behar duen guztia. Azken finean, zaintza gure bizitzako esparru guztietan dago: umeen zaintza, familiarteko zaintza, zaharren zaintza... Nahiz eta lanbide bat ez izan, etxean zaintza denbora guztian dago presente. Eta, azkenean, zaintzaile batek ongi zaindu dezan, zaintzailea ere ongi zaindu behar da. Etxean nahiz lanean.