Zer gertatu da Euskaltelekin?

Es imprescindible hacer una reflexión de cara al futuro. ¿Para qué las inversiones, promociones, ayudas económicas, deducciones fiscales y políticas ‘business friendly’ de las administraciones? ¿Solo para favorecer a los fondos que buscan rentabilidad?

Lehen galdera laburra da: zer gertatu da Euskaltelekin? Erantzuna ez da horren laburra. Gaur-gaurkoz horrela daude kontuak: Kutxabank jada ez da Euskaltelen akziodun nagusia. Postu hori Zegonak hartu du eta funts britainiarrak ez ditu bere asmoak ezkutatu; errentagarritasuna, zukua lortu nahi du talde laranjan duen parte hartzetik, eta lehenbailehen. Zegonaren ustez, Euskaltelek Espainiako merkatura hedatu beharko luke ahalik eta bizkorren, eta Virgin marka erabili, hura eskuratzea erraza baitu funtsak —Virgineko exekutibo ohiak dira Zegonaren jabeak—. Xede horretarako Euskalteleko zuzendaritza ere aldatu nahi du. Zegonaren gizona Jose Miguel Garcia da, Jazzteleko buruzagi ohia. Garciak jada eserlekua hartu du Euskalteleko kontseiluan, eta ez dirudi hor geldituko denik.

Negozioetako marrazoen tirabirak dirudite horiek guztiek. Baina Kutxabank Euskaltelen akziodun nagusi izatea inportantea zen. Euskal bankuak postu hori utzi izanak atea zabalik uzten du aldaketa esanguratsuetarako; aldaketak etor daitezke, adibidez, erabakigunean eta, ondorioz Euskaltelen euskaltasunean. Eta euskal DNA-dun enpresa handirik existitzen baldin bada, hori Euskaltel da; erabateko jabetza publikorik gabe, baina hemengo erakundeen babesean sortua eta magalean hazi den telefonia konpainia.

1996an abiatu zen proiektua, Jose Maria Aznarren inbestidurarako botoen truke EAJk, besteak beste, Madrildik telefonia konpainia bat sortzeko baimena ekarri zuenean. Jaurlaritza (Euskalnet) ordurako eratzen hasia zen zuntz sare publikoa ederki baliatuko zuen Euskaltelek, —aurrena alokatuta, eta gero erosita— Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako telefonia merkatuan lehiatzeko.

Hasiera horretan Jaurlaritzak Euskaltelen jabetzaren zati txikia zuen, ETBren eta EEE Energiaren Euskal Erakundearen bitartez. Hori bai, erakundeek eta EAJk, kutxen bitartez kontrolatu, bideratu, lagundu eta babestu zuten Euskaltel. BBKk, Kutxak eta Vitalek 2011n Kutxabank eratu zutenean, harena zen Euskaltelen %68. Eta Kutxabank izan zen, ondorioz, 2012an Euskalteli lagundu ziona Orangeri zor zion 222 milioi euroko kalte ordaina pagatzen.

Parece ser que ya no hay garantías firmes para mantener las raíces de Euskaltel. ¿Por qué es importante controlar una empresa y que el centro de decisión esté aquí o allí? Fijémonos en estos tiempos convulsos para la industria del automóvil en el caso de Volkswagen. ¿Dónde hará los autos eléctricos y las baterías? No es difícil adivinarlo: en Alemania. Claro que Volkswagen quiere rentabilidad, pero prioriza que el conocimiento, la inversión y el empleo queden en casa. ¿Un fondo de inversión tomaría una decisión así o solo miraría la rentabilidad?

Nora joan da, orduan, Kutxabanken pisua? Krisia, aurrezki kutxen araudia, erakundeen diru beharra... Guzti hori batu zen 2012an; orduan hasi zen galera. Finantza agintariek gomendatuta enpresetako parte hartzeak murrizten hasi zen Kutxabank. Gero, diru beharrean zegoen Patxi Lopezen Jaurlaritzak zuntz sarea saldu zion Euskalteli, eta horrez gain, konpainian zuen parte hartzea bera ere saldu egin zuen. Salmenta operazio berean bazkide industrialek ere utzi egin zuten Euskaltel, eta bi funts —Trilantic eta Investindustrial— iritsi ziren Euskaltelera, akzioen %48 erosita. 2015ean, konpainia burtsara atera zenean, bi funtsek dirutza egin zuten, baita Euskalteleko zuzendaritzak ere (kritika gogorrak jaso ostean, diru gehiena atzera Euskaltelen inbertitu zuten).

2015an, beraz, Kutxabankek soilik akzioen %30 zituen. Berme nahikoa, bankuaren ustez, Euskaltelek ‘Euskadin sustraituta’ jarraitzeko. Baina Kutxabankek bere partaidetza murrizten jarraitu du. Martxoaz geroztik akzioen %19,8 bakarrik dauzka.

Zer gertatuko da orain?

Badirudi jada ez dagoela Euskaltelen sustraiei eusteko berme sendorik. Konpainiaren egoitza soziala aldatzeko akzioen %75aren behar izateak ere ezer gutxi ziurtatzen du. Adibidez, BBVAren egoitza soziala Bilbon egonagatik erabakiak erabakigunean hartzen dira, hots, Madrilen.

Egia da egungo zuzendaritzaren eta Zegonaren arteko gerra ezin dela amaitutzat eman; hor daude erasoari aurre egiteko beste akziodunen artean babes bila egindako maniobrak. BBKk akzioen zati bat erosteko aukera ere aipatu da. Hori edo antzeko beste aukera bat aztertzen ari ote dira EAJ-Jaurlaritza? Bada esaten duenik orain Zegona ez dela hainbesteko presioa egiten ari, negozioetako marrazoen tira-bira zertxobait baretu dela... Ezin baretu, ordea, Euskaltelen galerak Euskal Herrian eragindako ezintasun sentipena.

Izan ere, zertarako da inportantea enpresa bat kontrolatzea eta erabakigunea han edo hemen egotea? Europako automobilgintzak lurrikara bizi duen aldi honetan, non egingo ditu Volkswagenek auto elektrikoak eta bateriak? Ez da zaila asmatzea: bai, Alemanian. Ezagutza, inbertsioa eta enplegua inon baino lehenago, etxean nahi ditu Volkswagenek; errentagarritasuna ahaztu gabe, baina Alemanian. Funts horietako batek hartuko luke horrelako erabakirik, edo soilik errentagarritasunari begiratuko lioke?

Orduan, zertarako sortu, sustatu, mimatu enpresa berriak?

Euskaltelen sustraiak erremediorik gabe galdu diren edo ez ikusi bitartean, etorkizunera begira, derrigorrezkoa da gogoeta bat egitea, herri honetan sektore eta enpresa estrategiko berriek erakundeen bultzada jasotzen segitzen baitute. Zertarako erakundeen inbertsio, sustapen, diru-laguntza, zerga kenkari, business friendly politikak? Errentagarritasuna bilatzen duten funtsen mesederako soilik? Erantzuna ezezkoa bada, Euskaltelekin gertatutakoak akuilu izan beharko luke herri inbertsioak babesteko modu sendoagoak eta eraginkorragoak bilatzeko, orain arteko bermeek ez dute-eta askorako balio izan.