Zortzi emakume kementsu ezagutu ditut

Iritzia Onintza Irureta, Argiako kazetaria
Las trabajadoras de las residencias que he conocido no son inocentes mujeres, no; son valientes y luchadoras. Saben que por ser mujeres y trabajadoras llevan años sufriendo una doble explotación laboral. Y le están plantando cara con una sonrisa

ELA sindikatuak Argia komunikazio proiektuari liburua elkarlanean argitaratzea proposatu zion 2017ko hondarrean. Bizkaiko egoitza pribatuetako langileek 378 egun greban egin zituzten. Ia bi urtez luzatu zen borroka luze eta gogorra, eta irabazi egin zuten. Sindikatuak Argiako kazetariren batek idaztea nahi zuen. Erredakzioan niri eskaini zidaten gozokia eta nik oparia gustura asko hartu.

Greba handiko protagonistak emakumeak dira, emakume langileak, egoitzetan gerokultora lanean ari direnak, era arruntean zaintzaileak deituak. Emakume haiek informazio preziatua zuten niri emateko, nik liburua mamiz janzteko, baina informatzaile huts baino askoz gehiago izango ziren liburuan. Kalean, lantokian eta sindikatuan ia bi urtez bizi eta pairatu zutena erraietatik aterata kontatuko zidaten, haietako bakoitzak greba bere erara azalduko zuen.

Soraya García egoitzen sektoreko ordezkari sindikal liberatua da. Hark proposatu zizkidan elkarrizketatuko nituen zortzi emakume grebalariak. Ondo baino hobeto ezagutzen ditu zortziak: Aitziber Tolosa Contreras, Ainhoa Menéndez Llamosas, Kontxi Rodríguez Palacios, Marisol Rueda Espinha, Maribel Sampedro Martínez, Marina Costa Bonome, Lara Góngora Góngora eta Verónica Aguado Otero.

Nik ez nuen haietako inor ezagutzen, eta izenen zerrendari begira haien borrokak eta bizitzak irudikatu nahian hasi nintzen, alferrikako ariketa bazen ere. Zenbat urte ote daramatzate gerokultora lanean? Zein adin ote dute? Noiztik daude zailduta lan gatazketan edo borroka feministetan? Edo hasiberri xamarrak ote dira sindikalgintzan?

Ez dute grebari buruz soilik hitz egin nahi

Telefonoa hartu eta deika hasi naiz. Bilbo inguruko kafetegi baketsuak bisitatuko ditudala otu zait, elkarrizketa luze eta lasaiak egiteko, elkarrizketatuak ahalik eta erosoen egon daitezen. Hortxe lehenengo ustekabea: zortzitik zazpi ELAko Bilboko egoitzan elkarrizketatu ditut, ederki asko ezagutzen duten 5. solairuan; Sorayari bisita egin eta zezenari adarretatik heldu.

Lehen bi-hiru elkarrizketetan izerdi hotza atera zait. Sorayak hala esan dit: “Zuk grebari buruz galdetu, greba, greba eta greba, kontatu dezatela nola bizi izan duten”. Grebaz hitz egin? Bai horixe, hala egin dute, baina minutu asko behar izan dituzte lantokiko egoeraz hitz egiteko. Gauza asko daukate kontatzeko eta premia dute barruak husteko: egoitzako zuzendariarekin edo arduradunekin izandako harreman zail eta gaiztoak, lankideekin izan dituzten eta dituzten harreman on eta ez hain onak, zaintza lanaren neke fisikoa, akidura psikologikoa… Bi-hiru elkarrizketa horiek eginda konturatu naiz alferrik ari naizela grebaz bakarrik hitz egiteko tematzen, grebak adina eragindako minak, beldurrak, pozak, elkartasuna, nekea, itxaropena… bizi dituzte urtez urte lantokian, haien egoitzan. Grebaren garaipenaz hitz egin nahi dute, baina eguneroko makurraz ere bai. Eta ez diegu gehiegi galdetu bizitza pertsonalaz, baina 2016ko grebako Maribel, Marina, Aitziber… ezin dira ulertu haien biografia zantzu batzuk izan gabe. Batzuetan eskatu gabe kontatu dizkigute.
Makurrak makur, irribarrea ezpainetan

Al realizar las dos o tres primeras entrevistas he sentido un sudor frío. Me había dicho Soraya: “Tú pregúntales sobre la huelga, que te cuenten cómo lo vivieron”. Hablar sobre la huelga? Por supuesto, así lo han hecho, pero han necesitado muchos minutos para hablar sobre la situación que viven en el trabajo. Tienen mucho que contar y necesitan desahogarse: relaciones difíciles y malas con la dirección de la residencia, buenas relaciones y no tan buenas con las compañeras de trabajo, el cansancio físico que les genera los trabajos de cuidados, fatiga psicológica…


Elkarrizketa egin aurretik tonua irudikatzen saiatu naiz. Negar zotinka aritzeko moduko solasaldiak izango ote dira? Haserre bizian jarriko ote dira? Biraoka izendatuko ote dituzte haien lantokietan eta patronalean aginte makila duten gizon eta emakumeak? Hara, beste ustekabea. Irribarrea aurpegian hitz egin dute ia elkarrizketa guztian. Batek irribarre zabalez kontatuko dit bere garaian ia-ia ordezkari sindikal izatea lortu zuela, baina hori gertatu baino lehen zuzendariak kalera bota zuela. Beste batek, munduko gauzarik normalena balitz bezala esango dit txiza egitera joateko erreparoz ibiltzen zela, lan zama galanta zuelako eta atsedenerako aukerarik ere ez zutelako. Beste batek aitortuko dit greba egunetan etxean kulero garbiak aurkitzea zaila zela. Nire artean: Emakume hauek ez al dira konturatzen zenbat zapalketa, errespetu falta, prekarietate, matxismo… bizi izan duten hainbeste urtean? Nola azaldu ditzakete halako bizipenak egonarriz eta irribarrez?

Ez dira emakume inozenteak, ez, ausartak eta borrokalariak dira. Badakite emakume eta langile izateagatik urte luzetako zapalketa pairatu dutela eta oraindik pairatzen segitzen dutela. Baina, irribarrerik gabe nola egin aurre halako egoerei? Den-dena ez da irribarrea. Baten baino gehiagoren soslai alaiak begi bustiek ilunduko dituzte une labur batez… eta isilune baten ondotik berriz piztuko da aurpegia. Aurpegi alaia, eta kemenez betea.

Bitxia da. Elkarrizketatzaileari ez zaizkio begiak bustiko kontakizunaren unerik mingarri eta gogorrenetan. Aldiz, emozioak gorenera helduko dira emakumeen elkartasun indartsuaz hitz egin diotenean, ahalduntze prozesu baten kontakizuna egin diotenean, grebaren garaipena kontatu diotenean.
Haiei begira nago, entzuten, eta nire artean: A ze emakume puskak!